ALDUNDIAK PLANTEAU DAUENEZ, “LASTER” HASI BEHARKO DA METRO BILBAOKO UNIDADEAK BARRITZEN “INBERTSINO HANDIAREN” BIDEZ
- Elixabete Etxanobe Bizkaiko Ahaldun Nagusiak Bizkaiko Batzar Nagusien osokoan adierazo dauenez, orain dala ia 30 urte zerbitzua hasi eben 24 unidadeak ordeztu egin beharko dira, bakotxak 3 milioi kilometro inguru ditualako.
(Gernikan, 2024ko maiatzaren 29an). Gernikan gaur egin dan Bizkaiko Batzar Nagusietako kontroleko osokoan Aldundiak iragarri dauenez, “laster” egin beharko jako aurre Metro Bilbaoko unidadeak barrizteteari, horreetatik 24 (guztira 46 dira) 1995etik ari diralako funtzionetan. “Inbertsino handi” horretan komunikazino eta seinaleztapen sistemak barrituko dira, eta horri esker, “zerbitzua barriro definidu” ahal izango da, hurrengo urteetako eskarira egokitzeko.
Elixabete Etxanobe Bizkaiko Ahaldun Nagusiak EH Bilduk urteko bosgarren kontrol saioan egin dauen itaunari emondako erantzunean egin dau iragarpena. Itaun horretan, talde horrek Plentzia eta Sopela arteko geltokiak barne hartzen dituan C eremuko metroaren 1. linearen maiztasunak hobetzea eskatzen eban. Raúl Méndez batzarkideak esan dauenez, ordutegiak ez dira 30 urtean aldatu (18 edo 20 minutuz behingoak), eta ez dira kontuan hartu Udalaren eskariak, inguruko trafikoaren igoerea, ospitale bat eregi izana, metroan egindako hobekuntza teknologikoak eta Plentzia, Urduliz, Berango eta Sopelak izan daben hazkunde demografikoa. Guztira, Uribe Kostako lau udalerri horreetako biztanleria “% 60” handitu da, hiru hamarkadatan 20.000 biztanletik 32.000 biztanlera pasauz.
Ahaldun Nagusiak erantzun dauenez, talde horrek “13 minutuz behingo” maiztasunak ezarteko 2001ean egindako kanpaina batean sortu da EH Bilduren proposamena, baina oraindino “bideratuezina” da alde teknikotik. Bere esku-hartzean, Metro Bilbaoko Operazioen Zuzendaritzearen eta Zuzendaritza Teknikoaren txosten bat erabili dau. Txosten horretan adierazoten danez, proposamen hori “osotu barik” dagozan azterketetan oinarritzen da, ez ditualako kontuan hartzen gaur egun dagoan material mobikorra ezta metroaren sare osoaren maiztasunak be.
Etxanobek adierazo dauenez, “ez da borondate politiko kontua” maiztasunak hobetu gura ez izatea, eta koalizino abertzaleari eskatu deutso “ez daiala zalantzan jarri zerbitzurik onena eskaini gura danik, baina gure aukeren barruan”. Linea horretan, Ahaldun Nagusiak “inbertsino handia” iragarri dau, komunikazino eta seinaleztapen sistemak barriztetako eta Metro Bilbaoko unidade barriak eskuratzeko. Dagozan 46 unidadeetatik 24 1995ean hasi ziran zirkuletan, eta horreetako bakotxak ia 3 milioi kilometro egin ditu. Beste 13 unidade 2001ean hasi ziran ibilten, eta daborduko 2 milioi kilometro ditue. Eta 2009ko ganerako 9 unidadeek 1,5 milioi kilometro batu ditue.
BOST ITAUN ETA BOST AHOZKO ERANTZUN-ESKE
Bizkaiko Batzar Nagusien urteko bosgarren kontrol saioak, Foru Gobernuaren jarduna kontroletako beste lau itaun eta ahozko beste horrenbeste erantzun-eske jaso ditu gaurko gai-zerrendan.
Itaunaren figuraren bitartez, Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaiak garraio sarean ikusmen-desgaitasuna daben personen autonomia pertsonala hobetzeko neurriak eskatu ditu. Eneritz de Madariagak azaldu dauenez, garrantzitsua da garraio operadoreak martxan jarten ari diran soluzino desbardinak “homogeneizetea”.
Holan, Sonia Pérez Garraio, Mugikortasun eta Turismorako foru diputatuak iragarri dauenez, Aldundiak Bizkaibusen irisgarritasuna hobetzeko lantalde bat eratuko dau, Aldundiaren autobusen sarearen esleipen barria ezarteagaz bat etorrita. Talde horretan, kolektibo horrentzat “funtsezkoak” diran jarduketak jorratu gura dira, besteak beste, entzumen-iragarkiak, aplikazino mobikor irisgarriak, beharginen trebakuntzea, autobusaren azpiegituren hobekuntzea eta geralekuen irisgarritasuna.
Eguneko gai zerrendako beste puntu batean, Bizkaiko Talde Popularrak konponbideak eskatu ditu etxebizitzaren arazo fiskalaren aurrean. Talde horrek karga fiskala arindu gura dau erosle, maizter eta errentatzaileentzat, etxebizitza erostea edo alokatzea familiaren errentaren % 30a dalako. Diego Pagadigorriaren berbetan, jarduteko hainbat bide behar dira: “preminazko neurriak” fiskalidadean eta “egiturazko” neurriak eta “epe ertain eta luzerako” neurriak, kenkarien atalean.
Itxaso Berrojalbiz Ogasun eta Finantzetako diputatua bat etorri da etxebizitzea eskuratzea Bizkaiko herritarrek aurrean daben arazo “larrienetakoa” dala esatean. Gobernua egiten ari dan barrikuspen fiskalean errealidade hori “oso kontuan hartuko da” eta, bertan, “etxebizitzea eskuratzeko eskubide subjektiboaren bermea” sartu gura da. Aldundiak, Eusko Jaurlaritzagaz batera, “bultzadan eta sustapenean” oinarrituko dau bere lana, karga fiskala arintzeko, merkaduan etxebizitza gehiago sartzeko, alokairuko merkatura etxebizitza gehiago aterateko bitartekari lanak egiteko eta gazteek etxebizitza eskuratzeko bidean aurrera egiteko. Fiskalidadea funtsezko piezea izango da “inork ez deion uko egin behar etxebizitza duinari”, aldarrikatu dau.
Beste Itaun batean, EH Bilduk desgaitasuna daukien personen arloan gizarte zerbitzuen estaldurea handitzeko neurriak eskatu ditu, eguneko zentroetan, egoitzetan eta okupazino zentroetan, hain zuzen be, EAEko Gizarte Zerbitzuen II. Plan Estrategikoak ezarten dauen lez. Izaskun Duque batzarkidearen berbetan, estaldurak “okerrera egin dau azken urteetan”, desgaitasuna daben personen kolektiboak gora egin dauen bitartean; 2010ean, Bizkaiko biztanleen “% 5,8” ziran, hau da, 66.853 persona.
Amaia Antxustegi Gizarte Ekintzako foru diputatuak azaldu dauenez, Aldundiaren helburua, oro har, 2030ean desgaitasuna daben personentzako plazak “% 10” handitzea da. Zentro okupazionalei jagokenez, plaza kopurua murriztu egin da, “eskari txikiagoa” egon dalako. Eguneko zentroei eta egoitzetarako plazei jagokenez, barriz, etenik barik hazten ari dira, hitzartutako plazetara heldu arte: “840” plaza eguneko zentroetarako eta “1.313” egoitzetarako. Gaur egun, 812 plaza dagoz lehenengo kasuan, 48 plaza sortu dira-eta. Eta egoitzetan, 2024. urtearen amaieran, Bizkaiak 1.234 plaza izango ditu.
Eta, bukatzeko, beste Itaun baten bitartez, EH Bilduk eskaerea egin deutso Aldundiari, komunikabideei publizidade instituzionala emoteko erespideak azaltzeko. Arantza Sarasola batzarkideak adierazo dituan datuen arabera, 2020-2023 urteen artean Aldundiak “9 milioi euro inguru” bideratu ebazan publizidadera. Bere berbetan, zenbateko horren banaketak ez ditu publizidadeko inbertsinoaren “erespide objektiboak” beteten.
Ager Izagirre Herri Administrazio eta Erakunde Harremanetarako diputatuak azaldu dauenez, foru kanpainen helburua inbertsinoaren eragina ahalik eta handiena izatea, jentearengana ailegetea eta baliabide publikoak ahalik eta ondoen erabiltea da. Horretarako, Aldundiak hainbat erispidetan oinarritzen dau publizidadearen inguruko bere estrategia. Horreen artean, hedabidearen audientzia, aldizkakotasuna, Bizkaian daukan estaldurea, euskerearen erabilerea hedabide bakotxean, hedabidearen ospea, eukien kalidadea eta tipologia desbardinetako hedabideen (prentsa, irratia, TB, digitala…) konbinazinoa hautatzeko aukerea aitatu ditu, irismena ahalik eta handiena izan daiten.
AHOZKO ERANTZUN-ESKEAK
Ahozko erantzun-eskeei jagokenez, Aldundiak, EH Bilduk eskatuta, Euskalduna Jauregiko zuzendaritzea ordezteko errazoiak, erreforma fiskal barriaren eztabaida prozesua eta landa ingurunean kutxazainak eta banku zerbitzuak instaletako prozesua azaldu ditu. Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaiak, bere aldetik, Aldundiak Palestinako herriaren defentsan aurrera daroazan ekintzen ganeko interesa agertu dau. Eta Bizkaiko Talde Popularrak gauza bera egin dau Loiuko udalerrirako saihesbide bat eregitearen inguruan.
Iñigo Iturrate Euskalduna Jauregiko zuzendari barri izendatzeari jagokonez, Leixuri Arrizabalaga Euskera, Kultura eta Kiroleko diputatuak azaldu dauenez, “kudeaketa ekonomikotik harago doazan erronka barriak”, “produkzino propioan aurrera egitea eta kultur esparruari ikuspegi artistikoagoa emotea”, besteak beste, dituan azpiegituran “etapa barriaren” buru izateko persona “egokia” da. Iker Casanova EH Bilduko bozeroaleak adierazo dauenez, erabagia “txarra” da, Iturratek ez dauelako Bizkairako hain garrantzitsua dan erakunde kulturalaren buru izateko profil tekniko egokia beteten.
“Laguntza guztia be gitxi da”, baina Aldundiak herri palestinarrari laguntzeko hainbat ekintza jarri ditu martxan, onartu deutso Ahaldun Nagusiak Ricardo Vaquero talde moreko batzarkideari. Foru Aldundiak hainbat partida sartu ditu Palestinako “krisi humanitarioa arintzeko”. Zemendian 300.000 euro emon jakozan Unicefi, eskualdean ekimen humanitarioak gauzatzeko, eta beste 100.000 euro bideratu dira Libanora palestinarrei zuzendutako larrialdi-proiektuetarako. Partida bi horreei Aldundiak urtero emakume errefuxiatu palestinarrentzat emoten dituan 200.000 euroak gehitu behar jakez.
Beste alde batetik, Aldundiak ukatu egin dau udalerri horrek bere Hiri Antolamendurako Plan Orokorrean ezarri dauen eta 4 milioi euro inguruko kostua izango leuken Loiuko “saihesbideari” aurre egin behar deutsonik. Proiektautako errepide barriak biribilgune bi eta 900 metroko errepidea aurreikusten ditu, ibilgailuak herriaren erdigunetik igaro ez daitezan. Proiektua “ezin da saihesbide lez hartu”, “hiri bilbearen parte dalako”, Carlos Alzaga Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako diputatuak adierazo dauenez. Hori bai, Aldundia udalagaz hitzarmen bat sinatzea aztertzen ari da errepide hori egiteko finantza plana ezarteko.
Horrez gain, Aldundiak adierazo dauenez, barrikuspen fiskalean parte hartzeko eskubidea ziurtatuko da. Maiatzaren 20tik bagilaren 5era bitartean, aurretiazko kontsulta publikoa zabaldu da, eta, horren ostean, Aldundiak Bizkaiko zerga sisteman planteauko dituan aldaketak jasoko dituan testu arauemoilea argitaratuko da. EH Bilduk eztabaida prozesua beste lurralde historiko bietan egin dan moduan zabaltzeko eskatu dau, “etorkizuneko erronkei erantzun egokia emoteko”. Ogasuneko ateak “zabalik dagoz ekarpenen bat daben persona, eragile edo erakunde guztientzat”, erantzun dau Ogasun eta Finantzetako diputatuak.
EH Bilduk egiaztau dauenez kutxazainik ez dagoan Bizkaiko 34 udalerritan horreek instaleteari jagokonez, Aldundiak daborduko konponbidea bilatzeko eskatu deutso Eusko Jaurlaritzari. Eusko Jaurlaritza barriak dirulaguntzaren formularen bidez egin beharko deutso aurre erronka horri, banku-zerbitzuak eskaintzeko hainbat urtenbide bideratuz. Horreen artean bulegoak edo zerbitzu anitzeko kutxazainak berreskuratzea, cashback formulea (txikizkako saltokiak kutxazain lez erabiltea) edo finantza-ibilgailu mobikorrak erabiltea aitatu ditu Leixuri Arrizabalaga Aldundiko bozeroaleak.