HURRENGO URTE BIETAN ALDUNDIA “EZ DA GELDIRIK EGONGO” URDAIBAIKO GUGGENHEIM MUSEOA “BIDERAGARRI EGITEKO”

  • Elixabete Etxanobe Bizkaiko Ahaldun Nagusia Bizkaiko Batzar Nagusietara etorri da, Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaia taldeak eskatuta, bere Gobernuak Urdaibaiko Guggenheimen inguruan daukan jarrerea argitzeko. Horren gauzatzeari buruzko “azken erabagia” Museoaren Patronatuan “hartuko da”.


(Bilbon, 2024ko zezeilaren 20an). Aldundiak Urdaibaiko Guggenheim museoa martxan jartearen inguruan ez dauela estrategiarik aldatu argitu ostean, Elixabete Etxanobe Bizkaiko Ahaldun Nagusiak Bizkaiko Batzar Nagusietan egin dauen agerraldian adierazo dauenez, zuzentzen dauen erakundea hurrengo urte bietan “ez da geldirik egongo”, Bilboko museoaren jarraikortasunik bako handitzearen gauzatzea “bideragarri egiteko”. Bere Gobernuaren zeregina, Biosferaren Erreserban dagozan Gernikako Dalia eta Murueta ontziolak eraldatzeko “izapideak bultzatzen jarraitzea” izango da, baina argi itxi dau “azken erabagia” Bilboko museoaren Patronatuari jagokola. 
 
Urdaibaiko Guggenheimen garapenaren inguruan Eusko Jaurlaritzako eta Bizkaiko Foru Aldundiko kideek egindako azkenengo adierazpenen artean dagozan “kontraesanak” ikusita, Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaiak ahaldun nagusiaren agerraldia eskatu eban, kultur azpiegitura horren etorkizuna argitu eian. Talde horrek datozan urte bietan proiektu horren inguruan egingo diran jarduketen ganean galdetu dau, baita daborduko konprometiduta dagozan inbertsino eta partida ekonomikoen ganean be.

Eneritz de Madariaga talde horretako bozeroaleak mahai gainean jarri dau Jose Luis Bilbaok idea iradoki ebanetik 16 urtetan Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak erakutsi daben “desadostasuna”. Jarrera desbardin horreen azkenengo kapitulua joan dan zapatuan New Yorkeko Guggenheimeko hurrengo zuzendariak, Mariët Westermannek, eta ahaldun nagusiak, Eusko Jaurlaritzak jakin barik, Urdaibain izan eben topaketea da.

Proiektuaren garapenean estrategia aldaketarik egon danik ukatu ostean, Ahaldun Nagusiak proiektuaren egoerea, proiektu hori bultzatzen jarraitzeko erabagia eta Busturialdea bizibarritzeko erakunde arteko plana martxan jarteko erabagia azpimarratu ditu.

Herritarrek parte hartzeko prozesuak egituratuko dituen urigintza planak aldatzeko prozesua zehatu dau Etxanobek. Izan be, ingurumen arloko jarduerakaz, behar arkitektonikoen kalkuluagaz edo eragindako mobikortasunaren azterlanagaz batera, Guggenheim museoak Bilbon bultzatu eban eraldaketearen adibidean oinarritzen dan garapena eta ikuspegi kontzeptuala gordetzen dituan proiektuaren bideragarritasuna zehazteko pausuak dira.

Ahaldun Nagusiak berretsi egin dau proiektu horrek eskualdea bizibarritzeko eta Biosferako Erreserbearen ingurumen arloko hobekuntzan laguntzeko dauen bokazinoa. Puntu horretan, 2021-2023 plan estrategikoaren aurrerapenak errepasau ditu. Aurrerapen horreek Trantsizino Ekologikoko Ministerioagaz egindako akordioan jasotako ingurumen arloko jardueren definizinoan, eragindako mobikortasunean edo New Yorkeko Cooper Robertson estudioak egindako txostenean zehatutako beharretan gauzatu dira, eta Daliako eta Muruetako egoitza bien etorkizuneko proiektu arkitektonikoaren oinarriak ezarten ditu.

Alde horretatik, Daliako lantegi zaharreko industria-aurrien 17.500 metro karratuko azaleraren zati bat bisitariei harrerea egiteko lekuagaz, bulegoakaz, auditorioagaz edo profesionalentzako egoitza-programea hartuko dauen ikerketa arloko jardueretarako eremuagaz okupetea proponiduten da, LEED energia-ziurtagiria izango dauen eta ingurunean integrauko dan 5.009 metro karratuko eraikinaren bidez. Sei artista, zientzialari edo sukaldarientzako egoitza izango dauen espazioa. Bertan nazinoarte mailako hitzaldiak izango dira, ikerketa-gaiei buruzko urteroko sinposioa barne.

Modu berean, 42.384 metro karratuko uriko industria-lurzorua hartzen dauen Muruetako ontziolaren kasuan, 7.400 metro karratuko gehieneko eraikuntzea eta partzelaren ganerako zatiaren ingurumen arloko berroneratzea planteetan dira. Gaur egungo ontziolaren ordez museo bat egitea planteetan da Muruetan, bisitariek arteagaz eta natureagaz lotura bizi daien. Horretarako, erakusketa-guneak eta hezkuntza-programazinorako eremuak izango ditu, eta bertako gastronomian oinarritutako jantoki-guneak be izango ditu. Asmoa da bisitari “guztiak” oinez, trenez edo bizikletaz heltzea bertara.

Urtean gehienez 150.000 bisitari hartuko dituala aurreikusten dala kontuan izanda, bagila eta iraila bitartean, Guggenheim Bilbao Museoak “bisitak urtaroak kontuan izanda antolatzearen garrantzia be kontuan hartu dau. Beste modu batera esanda, masifikazinoa saihestea”, adierazo dau Etxanobek. Foru uribilduko trafikoaren ganeko eragina oztopo izan eitekean. Halanda be, 2022ko abendutik 2023ko garagarrilera bitartean eragindako mobikortasunari buruz egin dan azterlana ikusita, trena eta autobusa izango litzatekez gehien erabiliko litzatekezan baliabideak, eta bisitarien % 23 baino ez litzateke joango autoz Gernikara. Ahaldun Nagusiak adierazo dauenez udako batez besteko egun batean baino “87 auto gehiago” sartuko litzatekez egunean.

“Lan handia geratzen da oraindino proiektuaren bideragarritasuna bermatzeko”, esan dau, batez be urigintza arloko aldaketetan, “oso konplexuak” diralako. Ahaldun Nagusiak adierazo dauenez, Aldundiak jaso ditu daborduko mobikortasuna, giza- eta ingurumen-inpaktua eta Gernikatik Muruetara doan bidegorriaren eraikuntzea lantzen dituan Gernika-Muruetako Lurralde Plan Partziala (LPP) aldatzeko hasierako txostenak. Halanda be, Etxanobek onartu barri dan Euskadiko Trantsizino Energetikoari eta Klima Aldaketari buruzko Legean oinarrituta aldaketak egiteko aukerea planteau dau, “berme handiagoak emoten dituelako”, eta “3 hilebeteko” epea emon deutso bere buruari “hobetutako” dokumentua eukiteko. Gero, dokumentu horrek herritarren parte-hartzeko prozesua hasiko dau.

Proiektuaren bideragarritasuna zehazteko aldatu behar diran hiru figurak LPPa, Dalia eta Muruetako lurzatien egiturazko antolamendurako eraikigarritasuna, eraikinen altuerak edo lurzati bakotxaren kalifikazinoa zehazten dituan Bateragarritze Plana, eta lurzati bakotxaren antolamendu zehaturako Plan Berezia dira.

Batzar Nagusietako taldeak bat etorri dira Busturialdeak birgaitzeko plan estrategikoa behar dauela esatean, baina ez dira ados jarri plan horreetan egon behar daben proiektuak zeintzuk izan behar diran esateko orduan. EH Bildu eta Elkarrekin Bizkaia barriro agertu dira planteautako proiektuaren kontra, ez diralako Busturialdeko herritarren beharrak kontuan hartu, Guggenheim Museoarenak berarenak baino. “Busturialdearen etorkizuna Busturialdean erabagi behar da, ez Sabin Etxean”, kritikau dau Iker Casanova EH Bilduko bozeroaleak. Berak “moratoria” lez hartzen dauenak “eskualdean gizarte alkarrizketea artikuletako” balio izatea eskatu dau.

Raquel Gonzálezek (PP), bere aldetik, “inposautako moteltzearen” aurrean gagozala adierazo dau, “inork ez dauelako ezer argi. Danak aidean jarraitzen dau”, azpimarratu dau.

Begoña Gilek (PSE-EE) azpimarratu dauenez, “lehentasuna” Busturialderako plan estrategikoa egitea eta garatzea izan behar da, proiektautako museotik harago joateko, eta plan hori “argitu” egin behar da, oraindino ez dagoalako horri buruzko “azken argazkirik”.

Euzko Abertzaleak taldetik, Julen Karrion batzordekideak Aldundiak museoaren proiektua aurrera eroateko emon dituan pausuak defendidu ditu. Bere eretxiz, ekimen horrek “Urdaibaiko Erreserbea zaharbarritzen lagunduko dau”.


HERRI-DIRUBIDEEN EUSKAL KONTSEJUAREN AZKENENGO BILEREA

Beste alde batetik, Aldundiak, Bizkaiko Batzar Nagusietako Iraskunde, Gobernamentu On eta Gardentasunerako Batzordean bertan, Herri-Dirubideen Euskal Kontsejuak (FEK) zezeilaren 12an egin eban bilerearen eukiaren barri emon dau. Bertan, 2023. urteari jagokozan Eusko Jaurlaritzari egindako ekarpenen likidazinoa egin zan. Bizkaiak % 6,9ko hazkundeagaz itxi dau ekitaldia, 2022agaz alderatuta. Eusko Jaurlaritzari egindako ekarpena marka historikoa da, 6.102,6 milioi eurora iritsi da-eta.

Elixabete Etxanobe Bizkaiko Ahaldun Nagusiak oso modu positiboan balorau dau joan dan ekitaldian zerga itunduen bitartez jasotako diru-bilketea (9.411 milioi euro). Zifra hori, gure lurraldearentzat errekorra izateaz gan, nazinoarteko oso testuinguru ekonomiko gatxean lortu da, eta horrek eragina dau familien ekonomietan eta gure enpresetan.

2023an zerga itunduen bidez 9.411,0 milioi euro batu ziran, hau da, 2022an baino 607,5 milioi gehiago. Holan, Bizkaiak bete egin ditu urteko aurrekontua (+%101,2) eta urrian egindako aurreikuspena (+%100,6). Banaketeari jagokonez, zuzeneko zergak (PFEZ eta Soziedadeak) % 11,4 hazi dira, eta zeharkakoak (BEZ, Bereziak...) % 2,9.