ALDUNDIAK AUSTINERA EROANGO DITU BIZKAIKO ENPRESA SORTU BARRIAK, MUNDUAN “ERREFERENTE” DAN TEKNOLOGIA-POLOETAKO BATEGAZ HARTU-EMONETAN JARTEKO
- Ainara Basurko Ekonomiaren Sustapenerako diputatuak Q Branch-egaz sinatutako hitzarmenaren eukiaren barri emon dau Bizkaiko Batzar Nagusietan. Texaseko uriburuan dagoan irabazi-asmorik bako erakundea da, eta hamarkada bi baino gehiagoko esperientzia dau negozio teknologikoak bultzatzen, ekintzailetzan, kapitala erakarten eta proiektu barritzaileak kudeatzen.
(Bilbon, 2023ko zezeilaren 3an). Bizkaiko Foru Aldundiak hitzarmena sinatu dau irabazi-asmorik bako Copperstone Q Branch erakundeagaz, Bizkaiko startup eta enpresak Texasko Austin uriagaz eta, zehatzago, mundu mailan “erreferentziazkoa” dan nazinoarteko nodoetako bategaz hartu-emonetan jarteko. Ainara Basurko Ekonomiaren Sustapenerako foru diputatuak urte birako sinatu dan akordio horren barri emon dau Bizkaiko Batzar Nagusietako batzordean, Batzar Nagusietako Elkarrekin Bizkaia taldeak hitzarmen horren inguruan egin dauen agerraldi-eskeari erantzunez.
Ameriketako Estatu Batuetako Austin urian dagoan erakundeak hainbat hamarkada daroaz Estadu Batuetako ekintzaileei eta enpresei hedatzen laguntzen. Texasko uriburua AEBetako “ekintzailetzarako gune nagusia” bihurtu da, Silicoy Valleygaz batera. Euren jarduerea beste herrialde batzuetara zabaldu gura daben enpresa teknologiko handiak erakarteko leku barria da. Copperstone Q Branch-ek nazinoarteko ekintzailetzako beste nodo batzuekaz loturak eskaintzen deutsez, eta horrek, aldi berean, “puntako soluzinoetara konektauta egoteko” aukerea emoten deutso Bizkaiari
Elkarrekin Bizkaia taldeak egindako galderei erantzunez, Basurkok adierazo dau erakunde iparramerikarrak ez dauela presentzia fisikorik izango BATen (B Accelerator Tower). Hitzarmenari esker, hainbat jarduera egingo dira Bizkaian eta Austinen. Holan, besteak beste, “Demo Day” ekitaldi bi antolatuko dira, bertako enpresakaz aliantza posibleak bilatzeko.
Ekitaldi horreek 2023an egingo dira eta “fokua” jarduera arlo bitan jarriko da: batetik, mobikortasuna eta automobilgintza; eta, bestetik, ingurumena. Ekintza bien helburua Estadu Batuetako enpresak Bizkaian enpresa bizkaitarrakaz hartu-emonetan jartea da, Bizkaian sinergiak eta negozio barriak gauzatzeko aukerea bilatzeko eta lurraldeko enpresen jarduerea “dibersifiketako”. AEBetako hegoaldeko enpresak nazinoarteko ekintzailetza nodo horretan gauzatzen ari diran soluzino teknologikoak ezagutzeko Bizkaiko startup-ek egingo daben bidaiagaz osotuko dira ekimen horreek.
Basurkoren berbetan, startup handien eta enpresa teknologikoen sortzaileek diseinau eben Copperstone Q Branch. Hitzarmena dau Capital Factorygaz, urtero milaka enpresa sortu barri batzen dituan guneagaz. Austinek 1.500 ekitaldi baino gehiago egiten ditu urtero, eta “116.000 parte-hartzailetik gora” batzen ditu. Erakargune horren inguruan, “1.400 enpresa sortu barri baino gehiago” eta “industria sektoreko 700 mentore baino gehiago” mobiduten dira. Eta Texasko uriburuan, Basurkoren berbetan “2.000 inbertitzaile baino gehiago” erakarri dituan sarea egituratu da. Inbertitzaile horreek “1.000 milioi dolar baino gehiago” mobilizau ditue.
BANCA POPOLARE ÉTICA-REN PARTE-HARTZE
Seed Capital Bizkaiak Banca Popolare Etica-n antza izan dauen parte-hartzeari buruz hedabide digital batean argitaratutako informazinoa jakinarazo dau Talde Berezia-PP Bizkaia taldeak Bizkaiko Batzar Nagusietan. Argitaratutako datuek adierazoten dabenez, banketxe horrek “zalantzazko etikea erakusten daben jardunbideak” eukazan. Diputatu andreak ukatu egin ditu gertakari biak, eta argitu dau foru erakundeak ez daukala “ezelango partaidetzarik” banketxean. “Informazinoa ez dator bat errealidadeagaz”, izan be, bankuak berak dauka “% 1,84ko” partaidetzea foru soziedadean, “2017ko abendutik”, eta ez alderantziz. Diputatu andreak esan dau, ganera, bankuaren inguruan ez dagoala “zalantzazko etika” politikei jagoken “ezelango konturik”.
Bukatzeko, Ekonomi Sustapenerako Batzordeak ez dau onartu Izaskun Artetxeren agerraldia, Bilbao Metropoli 30 Alkartean Aldundiak dauen ordezkari lez. Elkarrekin Bizkaia taldeak eskatu dau agerraldia, erakunde publiko-pribadu horren erabilgarritasunaren barri emon daian. Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek ez dabe onartu agerraldi hori –oposizinoak aldeko botoa emon dau–, izan be, Bizkaiko Batzar Nagusietara azalpenak emotera “funtzionario” bat joatea eskatu da, eta egokiena saileko arduraduna joatea litzateke.