ALDUNDIAK 15 MILIOI EUROKO PARTIDEA SARTU DAU 2024KO AURREKONTUETAN METROAREN 5. LINEARAKO

  • Sonia Pérez Garraio, Mugikortasun eta Turismorako Saileko titularrak Bizkaiko Batzar Nagusietan xehetu dau bere sailaren aurrekontua.
     
  • Erabilgarri dagozan 209 milioi euroetatik gehienak Bizkaibus eta Metro Bilbao finantzatzeko izango dira.
     
  • Ingurune Naturalaren eta Nekazaritzaren aurrekontua 4 milioi euro murriztu da, eta 75,6 milioikoa izango da.


(Bilbon, 2023ko azaroaren 9an). Sonia Pérez Garraio, Mugikortasun eta Turismorako foru diputatuak edegi dau 2024ko Bizkaiko aurrekontuen proiektua azaltzeko Bizkaiko Batzar Nagusietako hirugarren jardunaldia. Bere sailak 209,3 milioi euro izango ditu, % 5 gehiago. 

Garraio kolektiboa izango da sailaren gastuaren jomuga nagusia. Bizkaibusen emakidadunek eroango dabe Aldundiak autobusak finantzetako erreserbauko dituan 124,6 milioien % 98a; eta 55 milioi euro Bizkaiko Garraio Partzuergoan sartuko dira, Bilboko metroa finantzetako hartutako konpromisoak dirala-eta. 5. Lineak be Aldundiaren lehenengo partida handia hartuko dau eraikuntzarako, 15 milioi euroko erreserbeagaz.

Urtero lez, sailaren aurrekontuaren zatirik garrantzitsuena Bizkaibus zerbitzuak eroango dau, bere partidea % 4,94 handituz. Igoerea ia bat dator erregaiaren eta soldaten igoerak dirala-eta Aldundiak emakidadunei egingo deutsen ekarpen handiagoagaz. Kostu operatibo horreen igoerea 4 milioikoa da. Modu berean, 2024a sistemaren digitalizazinoan aurrera egiteko urtea izango da, Bizkaibusen webgunea eta aplikazinoa hobetuz, eta lineako informazinoa geralekuetan zelan integrau ikusteko programa pilotua ezarriz.

Beste partida handi bat metroa ordaintzeko erabiliko dau Aldundiak. Holan, Bizkaiko Garraio Partzuergoagaz (BGP) Metro Bilbao ustiatu eta eregiteko hartutako konpromisoa dala-eta, 55 milioi euro emongo jakoz erakunde horri, eta kopuru horri 5. Linea eregiten hasteko 15 milioi euro gehitu behar jakoz.

Ganera, Garraio Azpiegituren programak azken urteetako zenbateko bera bideratuko dau Aparkabisaren ohiko funtzionamentura: 1.200.000 euro. Datorren urtean elektrifikazinoa hasiko da, autobus elektrikoen kopurua handitzen jarraitzeko, eta horrek beste 3 milioi bereganatuko ditu.

Sailaren beste jarduketa-eremura, Mobikortasun Jasangarrira, baliabide gehiago bideratuko dira, bizikleta publikoaren BizkaiBizi zerbitzua sendotzeagaz batera. Aurrekontuek 1,82 milioi euroko partidea jasoten dabe. Kopuru hori erabiltzaileen ordainketatik jasoko diran “300.000 euroak” eta bat egin daben udaletatik etorriko diran 875.000 euroak konpentsauko dabe.

Lopezek zuzentzen dauen sailak mobikortasun jasangarriaren arloko beste jarduketa batzuk be jorratuko ditu. Partida berezi bat gorde da Bide Berdeen Ibilbideen LAPa egiteko, eta hainbat udaletan bizikletentzako aparkaleku seguruak edegiten jarraituko da. Hurrengo Biziparkak Barakaldon, Bermeon, Gueñesen, Zallan, Abadiñon eta Portugaleten egongo dira, Perezek iragarri dauenez.

Barrikuntzen artean, udalek eta enpresek euren mobikortasun planak egiteko bideratuko dan 500.000 euroko zenbatekoa be azpimarratu behar da, erdibana banatuko dan kopurua.

Hirugarren esparrura, aurreko legegintzaldian Ekonomiaren Sustapenaren barruan egoan Turismora, 4.307.495 € bideratuko dira. Sustapen-kanpainak txikiak izango dira, publizidade- eta marketin-gastuak eta hainbat sustapen-kanpaina ezabatuko diralako, ahaleginak sektorea sendotzera bideratzeko.


LEHEN SEKTOREA INDARTZEA 

Arantza Atutxak arratsaldean aurkeztu ditu bere lehenengo aurrekontuak Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko Saileko foru diputatu lez. Guztira 75,6 milioi euro izango dira (beharginen gastuak kenduta). 2023an gauzatu ziran eta datorren urtean egingo ez diran inbertsinoen ondorioz aurrekontua % 4,5 txikiagoa izango da. Diputatu andreak, Turismoko Zuzendaritzara pasauko diran Bide Berdeetako inbertsinoak, Next Generation funtsak edo ibilgailuak edo ingurumeneko azpiegiturak eskuratzeko inbertsinoak aitatu ditu. Halanda be, Atutxak azpimarratu dauenez, 2024ko Kontuek lehen sektoreari emoten jakon laguntzea indartzeko balioko dabe, Nekazaritzara eta basoen kudeaketara zuzendutako partidak % 4 handituko dira-eta.

Foru diputatuak programaz-programa xehetu ditu bere sailaren kontuak, baina aurrekontua bloke handi bitan banatu dau: lehen sektoreko programek batzen dituen ia 32,8 milioi euroak, horreen artean Nekazaritzaren Garapena (16 milioi), Abeltzaintza (4 milioi) eta basoen kudeaketea (9,6 milioi); eta ingurumen arloko ekimenetarako beste 36,4 milioi. 

Baserritarrei zuzendutako laguntzen artean honeek nabarmendu behar dira: Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsak (FEAGA) finantzauta dagozan eta 7.699.000 euroko aurrekontua daben PAC izenekoak; sektorea modernizetera bideratutakoak (4,65 milioi euro) eta nekazaritza-ingurumenekoak (bi milioi euro baino apur bat gehiago).

Ingurumen Zuzendaritzan, handitu egin da energia-eraginkortasunerako laguntzetara bideratutako zenbatekoa, milioi bi eurora iritsi arte. 6.813.052 euro bideratuko dira hondartzei lotutako zerbitzu eta ekipamenduetara, eta 9,2 milioi euro hondakinen kudeaketara.