ALDUNDIAK 869 MILIOI EURO INBERTITU DITU AZKEN HIRU URTEOTAN BIZKAIKO EKONOMIA SUSPERTZEKO

  • Ainara Basurko Ekonomia Sustatzeko foru diputatuak Abellanedako Batzar Etxean egindako kontroleko osoko batzarrean emon dau datu hori. Batzarra Batzar Nagusietako taldeei lurraldeko ekonomia suspertzeko neurriak azaltzean zentrau da.

(Abellanedan, 2022ko bagilaren 29an). Bizkaiko Batzar Nagusiak Abellanedara itzuli dira, pandemia hasi aurretik ohikoa zan moduan, ikasturte parlamentarioaren kontrolerako azkenengo osoko batzarra egiteko. Bertan, Aldundiak oposizinoaren lau itauni eta ahozko sei erantzun-eskeri erantzun behar izan deutse. Horreetako batean, Ainara Basurko Ekonomia Sustatzeko diputatuak jakinarazo dau Aldundiak ahalegin handia egin dauela Bizkaiko ekonomiari eusteko “baldintzarik onenak sortzeko”. Ahalegin hori “869 milioi eurokoa” izan da, inbertsino errealen eta kapital-transferentzien artean. 

Abellanedakoa osoko batzar ekonomikoa izan da batez be; izan be, oposizinoko taldeen itaun edo erantzun-eskeen erdiak pandemiak eragin dauen egungo krisi-egoereari aurre egiteko erantzunak bilatzera egon dira bideratuta. Errusiak Ukraina inbaditu izanak egoerea larritu egin dau. Next Generation Funtsak lurraldean zelan gauzatu behar diran be eztabaidatu da.

Basurkok Abellanedako Batzar Etxeko osoko batzarren aretoko atrilera igo behar izan dau Aldundiak azken urteotan abian jarri dituan neurriak azaltzeko. Gogorarazo dauenez, pandemia hasi zanetik, “foku bikotxa” izan dabe: alde batetik, krisiari “epe laburrean” erantzutea, txokeko neurriakaz; eta, bestetik, ekintza “estrategiko” moltsoa ezartea, horreen artean industriari eta zerbitzu aurreratuei babesa emotea automobilgintzaren, aeronautikaren, energiaren eta osasunaren sektoreetan, bai eta talentuari eustea, ekintzailetza-prozesuak bizkortzea edo enpresa-ingurune optimoak gaitzea be, beste batzuen artean.

“Lehentasunezko” proiektu horreetako bat Bizkaiko Ekintzailetza Zentroa da. Elkarrekin Bizkaiaren itaun bati emondako erantzunean, Basurkok gogorarazo dau “irailean” 4.085 metro karratu zabalduko dirala, Bizkaia Torreko 4 solairu barne. Lehenengo fase horretan, BATek 6., 7., 8. eta 9. solairuetan kontzentrauko dau bere jarduerea. Gero, instaletan diran enpresek beste 7 solairutan hartu ahal izango dabe lekua (10. Eta 16. solairuen artean). “Hasierako garapen-faseetan egongo diran” proiektuak izango dira, eta “jasoten dituen zerbitzuengaitik ordaindu egingo dabe”; batez be, mobikortasunaren, energiaren edo “Digitech” esparruetako proiektuak izango dira. Lurraldeko ekintzailetza-sistemea indartzera datozan startup horreen etorkizuna enpresa horreen biziraupen-indizeetan neurtu daiteke; izan be, Bizkaian, bost urteko jardueraren ostean, startup horreen “% 80ak” zabalik jarraitzen dau.

Oposizinoko hiru taldeek hainbat proposamenagaz erantzun deutsee Aldundiaren azalpenei. Holan, Talde Berezia-PP Bizkaiak barriro esan dau “beharrezkoa” dala zergak bajatzea ekonomia suspertzeko; izan be, diru-bilketeak “gora egin dau”, baina Soziedadeen ganeko Zergak “behera egin dau”, inflazinoaren testuinguruan eta egoera ekonomikoa “gero eta gatxagoa” dala ikusten danean, talde horretako Esther Martinez batzarkideak esan dauenez.

Aldi berean, Eneritz de Madariaga Elkarrekin Bizkaia taldeko bozeroaleak kritikau egin dau ekonomia gorantz doan arren, “familia gehiagok gero eta gatxagoa izango dabela hilebete amaierara heltzea”. “Gizarte arloko desbardintasunak murrizteko eta herritarren boltsikoak arintzeko ezer ez egitea” leporatu deutso Aldundiari. "Enpresei entzuten deutsazue, baina familiei ez ", esan dau.

Beste alde batetik, EH Bilduk adierazo dau “funtsezkoa” dala industria-sektorea indartzea eta haren egoereari buruzko azterketa “sakonagoa” egitea, Bizkaiko BPGan daukan pisua “apur bat” handitu dan arren. Horri jagokonez, Basurkok esan dau bere sailaren aurrekontuaren % 85 industrian eta zerbitzu aurreratuetan eragina izango daben neurriak ezartera bideratuko dala, eta ahalegin hori datozan urteetan industriaren BPGa % 40tik gorakoa izatea lortzeko bidean dagoala.


EH Bilduren erantzun-eskeei erantzunez, Bizkaira heldu diran Next Generation funtsen magnitude nagusiak errepasau dira. 14 proiektu eta 57 milioi euro aurreikusi dira. Holan, horreetako “12” daborduko onartu dira, “45,5 milioiko” inbertsinoagaz, Elixabete Etxanobe Herri Administrazinorako eta Erakunde Harremanetarako diputatuak baieztu dauenez. Ganerako biei jagokenez, “albisteen zain gagoz”. Aldundiko arduradunak Batzar Nagusietan gai horri buruzko kontuak emoteko konpromisoa hartu dau.

Beste alde batetik, EH Bildu Barrikuntza Funtsetan be zentrau da; izan be, talde horren eretxiz, “ez dabe helburuak betetea lortu”, 26 milioi euro inbertitu diralako, azken helburua Bizkaiko herritarren artean 100 milioi lortzea zanean. Iruarrizagak azaldu dauenez, murrizketa hori pandemiaren ondorioengaitik gertatu da batez be, eta inbertitzaileek urte honeetan zehar “likidezia” bilatu dabelako, eta ez epe luzerako proiektuak. Interes-tasak bajatzea izan da azkenean zerga-kenkariak jaso dituen 8.000 zergadun bakarrik izateko beste faktoreetako bat, erronkea 20.000 lortzea zan arren. Arantza Urkaregiren berbetan, horreetako bakotxak, batez beste, “3.250 euro” inbertitu ditu.

EH Bilduk, funts horrek “gehien daukienei” egiten deutsiela mesede kritikau ostean, errenta aitorpenean seme-alabengaitiko kenkariei buruzko “hausnarketea” egiteko eskatu deutso koalizino abertzaleak Aldundiari; izan be, Arantza Urkaregiren eretxiz, familia ahulenek ezin ditue kenkari horreek baliau, kuota nahikorik ez dabelako, edo PFEZren aitorpena egin behar ez dabelako.

Jose Maria Iruarrizaga Ogasun eta Finantzetako diputatuak baieztu dauenez, Zerga Koordinazinorako Organuan “kenkari hori eta beste batzuk” aztertzeko lantaldea sortu da, baina, bere ustez, seme-alabengaitiko kenkariaren ordez ezin da “itzuli daiteken” zenbatekorik jarri, koalizino abertzaleak eskatzen eban moduan. Argudioa, bere ustez, “sinplistea” da, “edozein murrizketak atzera pausua ekarri daikelako”. Aldundiko arduradunaren eretxiz, garrantzitsuena gaiztasunak dituen familiei laguntzeko helburua lortzea da, “eta ez horrenbeste hori lortzeko bidea”.

Krisi honen mutur garratzena gizarte-bazterketa jasateko arriskuan dagon persona kopurua da. Krisi ekonomiko horrek lurraldeko pobrezia-indizeak handitzea ekarri dau Elkarrekin Bizkaiaren eretxiz, eta, horregaitik, talde horrek itauna egin deutso Aldundiari, indize horreek  “desagerrarazoten edo murrizten” zelan lagunduko dan jakiteko, “ez dagoalako aurrekonturik, ardatzak eta gidalerroak baino ez”, Eva Caborneroren berbetan.

Gai horretan, Teresa Laespada Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna sustatzeko diputatuak esan dau zoritxarrez bere ekintza-eremua mugatuta dagoala, ez doguzalako eskumen guztiak, eta Aldundiak egiten dauen ahalegina mahai gainean jarri dau. Bizkaia Egiten ekimenak aurreikusten dituan “120 ekintzetatik 65” pobreziaren kontra burruka egiteko dira, eta bere eremuko aurrekontuko 100 eurotik 46k zeregin hori dabe.