ALDUNDIAK KONPROMETIDU DAU DABORDUKO STEM TALENTUA SUSTATZEKO BIZKAIAN 2027RA ARTE INBERTIDUKO DITUAN 10 MILIOI EUROEN ERDIA

  • Ainara Basurko Ekonomia Sustatzeko diputatua Bizkaiko Batzar Nagusietara etorri da, “Talentuaren aldeko konpromisoa” programea zehazteko.
     
  • EH Bilduk eskatutako beste agerraldi batean iragarri dauenez, apirilean zabalduko da 2023koaren “antzeko” zenbatekoa izango dituen Bizkaia Orekan Sakonduz estrategiaren barruko laguntzak eskatzeko epea tokiko eragileentzat.


(Bilbon, 2024ko zezeilaren 27an). Bizkaiko Foru Aldundiak daborduko “5,2 milioi euro” konprometitu ditu 2023-2027 aldirako 10 milioi euro jasoten dituan “Talentuaren aldeko konpromisoa” Foru Programearen barruan. Programearen helburua STEM talentua sortzeko, garatzeko, erakarteko eta eusteko estrategia indartzea da. Ainara Basurko Ekonomia Sustatzeko foru diputatuak berak eskatutako agerraldian jakinarazo dauenez, daborduko “13 proiektu” identifikau dira. 

‘Talentuaren aldeko konpromisoa’ proiektuak lurraldeko hogeta hamar agente baino gehiago batzea lortu dau. STEM profilen eskariaren eta gaitutako profesionalen eskaintzearen arteko “joerea aldatzeko” konpromiso baterakoa da. Bere eretxiz, “faktore kritikoa” da trantsizino teknologiko-digitalean, ekologiko-ingurumenekoan eta soziosanitarioan aurrera egiteko.

Proiektua 2022ko maiatzean jarri zan martxan, Orkestrak Bizkaiko eta Euskadiko talentuaren egoerearen eta defizitaren diagnostiko zehatza egin ebanean. Azterketa eta diagnostiko haren ondorioz, Bizkaiko Foru Aldundiak deialdia egin eutsen Bizkaiko unibersidadeei, lanbide-heziketako ikastetxeei, klusterrei eta enpresa nagusiei, ordura arte Bizkain talentua erakarteko eta eusteko egiten ziran lanetan inflexino-puntua izango zan ibilbide-orria adosteko.

Bizkaiko Foru Aldundiagaz batera, honeek osotzen dabe lantaldea: Bilboko Udalak, EAEko hiru unibersidadeek, LHko ikastetxeen alkarteek, funtsezko sektoreetako (energia, automobilgintza, biozientzia, osasuna eta teknologia aplikaua) klusterrek, enpresa-alkarte nagusiek, Bizkaiko ekonomian lider diran enpresek eta BBKk, beste eragile batzuen artean.

Basurkok daborduko identifikau diran 13 proiektuen hainbat zehaztapen emon ditu. Holan, Talentuaren Behatokia sortuko da, enpresen etorkizuneko beharrak ikusteko. 2025ean jarriko da martxan. Laster –”martian edo apirilean”– gazteen motibazinoetan sakontzeko azterlana amaituko da. Beste proiektu bat STEM profiletako prestakuntza-ibilbidea diseinetara bideratuko da, garagarriletik aurrera gauzatuko dan proba pilotuaren bitartez. DBHko 3. eta 4. mailako ikasleak izango dira apiriletik aurrera STEM karrerak bultzatu gura dituan beste proiektu baten jomugea. 2024/2025 ikasturtean proiektua 25 ikastetxetara iritsiko da.

Beste alde batetik, “Talentuaren aldeko konpromisoa” programak, IKTen sektoreko 70 enpresa baino gehiagogaz programa espezifikoa egitea eta energiaren trantsizinorako sare adimendunen arloko eskaintza “indartsua” garatzea jasoten dau. Modu berean, proiektu-moltsoak honeek be jasoko ditu: enpresa txiki eta ertainentzako diagnostiko-tresna bat diseinetea; prestakuntzako beste ibilbide batzuk abian jartea, enpresek arlo horretako estrategiak garatu daiezan; prestakuntza-eskaintzari balioa emotea (Unibertsidadea eta LH), atzerriko ikasleak erakarteko; eta kolektibo horrentzat plataforma digitala izango dauen talentuaren gidea prestetea.


APIRILEAN EDEGIKO DA BIZKAIA OREKAN SAKONDUZ LAGUNTZEN DEIALDIA

Ekonomia Sustatzeko Sailak apirilean zabalduko dau tokiko eragileei laguntzeko diru-laguntzen programea, industria arloko enpresen eta zerbitzu aurreratuen lehiakortasuna bultzatzeko sortutako Bizkaia Orekan Sakonduz estrategiaren barruan. Ainara Basurko arlo horretako titularrak aurreratu dauenez, programearen baldintzak eta inbertsinoa 2023koaren “ia bardinak” izango dira. Igaz 1.150.000 euro bideratu ziran horretara.

EH Bilduk eskatuta, Basurkok agerraldia egin dau Bizkaiko Batzar Nagusietan Bizkaia Orekan Sakonduz (BOS) estrategiaren balantzea egiteko. Ekonomia Sustatzeko diputatuak 2023 estrategiaren emaitzak eta programearen urte honetarako nondik norakoak jakinarazotea gura izan dau Koalizino abertzaleak.

Eskualdeko lehiakortasunerako laguntzen programeagaz erlazionautakoari jagokonez, 2020. eta 2023. urteen artean, BOSi atxikitako 23 agentziek “4,2 milioi euro” lortu ditue enpresa proiektuak bultzatzeko laguntzetan.

Sailaren estrategiak bilakaerea izan dau 2016an estrategia hori sortu zanetik. Basurkok hainbat mugarri identifikau ditu bide horretan. Lehenengoetakoa, Lurralde Lehiakortasuneko zuzendaritza bera sortzea bere sailean. Eskualdeko enpresa sareak “indartu izana” be aitatu dau, 63 milioi euroko funtsa sortuz edo Campus teknologikoen bidez “beste proiektu bultzatzaile batzuk” identifikauz.

Ainara Basurkok gogora ekarri dauenez, Aldundiak, berak zuzentzen dauen sailaren bitartez, “116 milioi euroko” guztizko ekarpena egin dau 2015-2023 aldian, “3.803 proiekturen” bidez. Durangaldea izan da enpresa kopurua kontuan hartuta dirulaguntzen atalean emaitza onenak lortu dituan eskualdea, laguntza gehien eroan dituenak Durangaldea eta Txorierri izan diran arren. Horreen atzetik Arratia eta Nerbioi-Ibaizabal dagoz. Uribe eta Lea Artibai izango litzatekez 4 milioi eurotik beherako ekarpenak izan dituen eskualde bakarrak, Basurkok adierazo dauenez. Prestazino onenak izan dituen programak 2i Plana, 3i programea eta Nazioartekotze programea izan dira.
 

LEHENDAKARIORDETZAREN HAUTAKETEA

Batzar Nagusietako Ekonomia Sustatzeko batzordeak Aitor López aukeratu dau batzorde horretako lehendakariorde. EH Bilduko batzordekidea bozketa sekretuan aukeratu dabe, aldeko 4 botogaz eta 11 boto zurigaz.