ALDUNDIAK ARTXANDAKO ZAINTZA LANAK INDARTZEA AZTERTUKO DAU, SEGURTASUN EREMUAN EHIZTARIEN PRESENTZIA GELDIARAZOTEKO

  • Arantza Atutxa Ingurune Naturaleko eta Nekazaritza Sustapeneko foru diputatuak Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaia taldeari erantzun deutso Bizkaiko Batzar Nagusietan, ehiztari batzuek “ez ebelako errespetau” 2020ko abenduko Foru Aginduaren bidez onartutako segurtasun perimetroa.

 

(Bilbon, 2023ko abenduaren 4an). Arantza Atutxa Ingurune Naturaleko eta Nekazaritza Sustapeneko foru diputatua Bizkaiko Batzar Nagusien aurrera etorri da gaur, Elkarrekin Bizkaiak eskatuta, Artxandan bizi direnen segurtasuna handitzeko martxan jarriko diran neurrien inguruan erantzuteko. Datorren ehiza denporaldiari begira, Aldundiak konpromisoa hartu dau 2020ko abenduan ezarri zan eta ehiza debeketan eban “117 hektareako” segurtasun perimetroaren zaintza lanak “une jakin batzuetan” indartzea aztertzeko. 

Ricardo Vaquero Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaia taldeko batzordekideak Plataforma Artxanda auzo alkartearen kexak jakinarazo deutsaz Bizkaiko Batzar Nagusietako Ingurune Naturaleko eta Nekazaritza Sustatzeko batzordeari. Salatu dauenez, segurtasun eremu hori “ez da errespetetan”, eta horrek “egoera arriskutsuak eta gorabeherak” eragiten ditu bertako biztanleen eta ehiztarien artean. Dauela urtebete Aldundira bialdutako idazki batean, kolektibo horrek “prebentzino-neurriak” hartzea eskatzen eban, “gero eta gehiago” diralako gehiagok” araudia beteten ez daben ehiztariak.

Foru diputatuak adierazo dauenez, bere sailak ez dau horren inguruko “ezelango” salaketarik jaso, eta, horren ondorioz, ez jako “ezelango talderi edo ehiztariri” zehapenik jarri, baina autortu dau baegoala auzotarren erreklamazinoen barri, alkarte horrek aurreko legealdian, orain hilebete, hain zuzen be, Aldundiari bialdu eutsan idazkiaren bitartez.

Aldundiko arduradunak, Aldundiak 2019tik auzotarrakaz izan dauen “hartu-emon estua” defendidu dau. Horren ondorioz, 2020ko abenduko 5132 Foru Agindua adostu zan. Horren bidez, ehizea debeketako “117 hektareako” segurtasun-eremua ezarri zan, uriguneetatik hur egoan lur-eremu batean. Baztertze hori Bi-3741 errepidearen eta baseleiza baten artean ezarri zan, Bilboko eta Sondikako lurretan, 10 urtez. Diputatu andreak adierazo dauenez, araudi horrek inguru horretan “ehiztarien presentzia geldiarazoteko” balio izan dau.

Aldundiak zaintza-ekintzak egiten jarraituko dau bere basa zaintza zerbitzuaren bitartez, eta, hala bajagoko, “une jakin batzuetan” lan horreek “indartzen jarraituko dau”, adibidez ehiza denporaldian edo inguruan aire zabalean jentea batzen daben ohiz kanpoko ekitaldiak egiten direnean. Datorren ehiza denporaldirako, seinaleen instalazinoa aztertzeko konpromisoa be hartu dau.

Oposizinoarentzat, baina, ezarritako neurriek ez dabe balio izan auzotarren eta ehiztarien arteko arazoak konpontzeko. Vaquerok kontrol handiagoa eskatu dau ehiza denporaldian eta, are gehiago, baita Ehiza Federazinoari dirulaguntzak emoteari uztea be. Raquel González (PP) kexau egin da ez dagoalako behar beste giza baliabide araudia beteten dala zaintzeko, basazain bakotxaren kontrol eremuak “30.000 hektarea” hartzen ditualako, diputatuak berak emondako datuen arabera. Bozeroale popularrak segurtasun eremua zabaltzeko aukerea aitatu dau. Raúl Méndezek (EH Bildu), datorren urteari begira, auzotarrei eta ehiztariei araudia “zabaltzeko neurriak”, jardun ahal izateko erregulazino “eraginkorra” eta salaketen aurrean “erantzun azkarreko kanala” sartzea ekarri daikean konponbide “preminazkoa eta eraginkorra” eskatu dau.

Foru diputatuak gogora ekarri dauenez, jardun ahal izateko lehenengo pausua sailari edozein arau-hausteren barri emotea da. “Arazoak eragiten dituen” orkatzen eta basurdeen populazinoaren kontrolean ehizaren bidez egiten dan lan garrantzitsua gogora ekarri ostean, 2024ko ehiza denporaldiari begira seinaleak jarteko eta zaintza lanak indartzeko aukerea aztertuko dala adierazo dau. “Horiek guztiak auzotarren nasaitasuna ziurtatzeko neurri nahikoak izatea espero dogu”, esan dau.