ALDUNDIAK ZUZENKETA-NEURRIAK EZARRIKO DITU ARTAZAN ETA ERROMON, LAMIAKOKO ERREKA AZPIKO ERREPIDEAREN OBREN ERAGOZPENAK ARINTZEKO

  • Carlos Alzaga Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako diputatuak esan dauenez, eraikuntza prozesuan inguruko herritarren “alegazio askori” erantzungo jake.
     
  • Urte amaieran Las Carreraseko saihesbideari buruzko erabagia hartuko dala iragarri dau. Orain arteko aukerei Mortuero futbol-zelaiaren parean errepidea lurperatzea gehituko jake.
     
  • Aldundiak foru erakundeen hautaketa prozesuetarako jardunbide egokien dokumentua idatziko dau, eta enpleo publikoaren eskaintza guztien barri emoteko atal bat sartuko dau bere webgunean.


(Gernikan, 2024ko apirilaren 24an). Bizkaiko Batzar Nagusietako kontroleko saioak, Gobernuaren jarduna zaintzeko ahozko hainbat itaun eta erantzun-eske sartu ditu gaur eguneko gai zerrendan. Horreetako batean, Carlos Alzaga Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako diputatuak, Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaiak proponiduta, Lamiakoko erreka azpiko errepidearen lanak dirala-eta Artaza eta Erromoko bizilagunei eragingo jaken kaltea arintzeko ezarriko diran neurriak zehaztu ditu. Jarduketa horreek, esan dauenez, egoiliarrek eurek egin dituen planteamentuei jagokez. “Euren alegazino asko aintzat hartu doguz”, ziurtatu dau. 

Holan, Alzagak laburtu dauenez, “obrako makineriaren zaratea murrizteko neurriak ezarri edo ezarriko dira. Obren perimetroan pantaila akustikoak instalauko doguz, Artazako ikastetxeko hainbat fatxadetako leihoak indartuko doguz, lanak hasi baino lehen ganerako etxebizitzak segurtatuko doguz, obran herritarrei arretea emoteko etenbako zerbitzua ezarriko dogu, sortu daiken beste edozein kalteri erantzun ahal izateko, Artaza parkea bere jatorrizko egoerara itzularazoko dogu eta inguruko mobikortasuna bermatuko dogu”.

Alzagak bere eretxiz “oso garrantzitsua” dan beste gai bat be aitatu dau, Europako Inbertsino Bankuak erreka azpiko errepidearen lana finantzetan dauela, hain zuzen be. Erakunde horrek “ez ditu finantzetan atzean euki berdea ez daben lanak”. “Zeharka esaten ari dana da –erreka azpiko errepideak– euki berdea eta isuritako CO2an aurrezpen esanguratsua dauela”, adierazo dau.

Diputatuaren erantzunak, Leioako eta Getxoko bizilagunek martiaren 19an “Stop Subfluvial” lemapean egin eben kontzentrazinoaren barri emoteko Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaiak egindako ahozko erantzun-eskearen harira etorri da. Ricardo Vaquero batzarkidearen berbetan, erreka azpiko errepidea eregitearen ondorioz kaltetutakoak kexu ziran, “megaproiektuak ez ditualako trafiko arazoak konpontzen, dirua xahutzea dakarrelako, ingurumenerako hondamendia dakarrelako eta, azken batean, herritarrei kalte egiten deutselako”.

Alzagak, aurreko fase honetan proponidutako neurri zuzentzaileak azaldu aurretik, bere eretxiz erreka azpiko errepidearen birtute nagusiak diranak aitatu ditu, horreen artean “ahalmen handiko sarea saretzea, trafikoa murriztea, bidaietarako denporak laburtzea eta erregaien kontsumoa gitxitzea”, lurpeko azpiegiturea trafikora zabaldu eta gero.

EH Bilduk Las Carreraseko saihesbidearen proiektua aurkezteko epeei buruzko beste galdera bat egin dau. Alzagak adierazo dauenez, Aldundiak “urte bukaeran” hartuko dau mahai ganean jarriko diran alternatiben ganeko erabagia. Ezagutzen diran aukerei jagokenez, Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako foru diputatuak El Mortuero futbol zelaiaren ingurua tunel edo tunel faltsu baten bitartez gainditzeko alternatiba barriak jasoko dituan azterlana egingo dala iragarri dau. Berehalakoan eta “aste gitxi barru”, bere sailak Aranzadi alkarteak Somorrostroko guduaren aztarnak ezagutzeko egin dauen azterlan arkeologikoa jasoko dau. Momentuz, “botoiak eta balak” aurkitu dira futbol zelaiaren inguruan.

URIOLAK, EUSKEREA, ALDAGELA INKLUSIBOAK ETA HAUTAKETA-PROZESUAK

Gernikako Batzar Etxean egin dan kontroleko osokoa, betiko lez, Itaunakaz hasi da. Oposizinoko taldeek Gobernuaren ekintzaren hainbat alderdiren inguruan Aldundiak dituan asmoak ezagutu gura izan ditue. Holan, Bizkaiko Talde Popularrak marea biziak gertatzen diranean Erandion uriolak saihesteko neurrien ganean itaundu deutso Foru Aldundiari.

Aldundiak barriro esan dau All Iron zubiaren lanek ez ebela ezelango eraginik izan joan dan martiaren 11n Erandion izan ziran urioletan. Atzo Ager Izagirre foru diputatuak obra horreek Itsasadarraren ganezka egitean ez ebela zerikusirik izan adierazo eban, eta gaur Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako diputatuak Saitec enpresak “atzo” bialdutako txostenaren barri emon dau. Txosten horretan esaten danez, mareen “aparteko neurriak” izan daitekez San Inazio kalean gertatu ziran uriolen arduradunak, zubi barria eregi aurretik Alzaga parkearen egoerea mantendu arren”, esan dau.

Aldundiko arduradunak barriro esan dau egun horretan uriolea saihestezina izateko “ekaitz perfektua” emon zala. Hiru faktorek igon eben ur-laminea: marea “oso biziak”; Ibaizabalen ibilgura ur gehiago ekarri eben euriteak; eta ur-lamina ohi baino gorago igon eben beste efektu meteorologiko batzuk, hauteman ziran presino atmosferiko bajuak eta ibai-ibilgura ur gehiago eroan eben 70 km/h arteko iparraldeko haize-boladak, besteak beste.

Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaiak, bere aldetik, Barakaldoko Udalak Lasesarre kiroldegian instalau dituan aldagela inklusiboak lurraldeko udalerrietan instaletako Aldundiak hartuko dituan neurrien ganeko itauna egin dau. Eneritz de Madariaga talde horretako bozeroaleak adierazo dauenez, irisgarritasun arazoak dituen “5.500” persona dira Bizkaian, garabia, ohatila erregulagarria, komuna, konketea, dutxea edo pribatutasun manparea moduko elementuak daukiezan instalazinoak ez dituenak. “Euskadin hiru baino ez dagoz”, esan dau.

Amaia Antxustegi Gizarte Ekintzako diputatuak erantzun dauenez, Aldundiak ez dau aurreikusten Foru Aurrekontuen kontura “aldagela inklusiborik” instaletea. Ekimen horren sustapenak “zeharkakoa” izan behar dau, eta erakunde guztiei egin deutse horretarako deia: “udalei, mankomunidadeei eta erakunde pribaduei”. Antxustegik Bizkaiko hareatzetan dagozan eta aldagela eta komuna daukien modulu zatituak eta bereiziak, uda sasoian hareatzetan dagoan bainu lagunduaren programea, eta foru sareko eguneko zentroetan dagozan bainu egokituak defendidu ditu.

Beste alde batetik, EH Bilduk, maiatzaren 25ean San Mamesen jokatuko dan emakumezkoen Champions Leagueko finalean euskerea komunikazinoetan bultzatu eta erabili daiten Aldundiak bultzatutako ekimenaren ganeko interesa agertu dau, “gure hizkuntzea munduari ezagutarazoteko aukerea dalako”, Rakel Goñi batzarkideak azaldu dauenez.

Leixuri Arrizabalaga Euskara, Kultura eta Kiroleko diputatuak adierazo dauenez, Bilboko Udalaren eta Aldundiaren artean sinatutako hitzarmenean oinarrituta Bizkaiko uriburuan ekitaldi hori koordinetan dauen Bilbao Ekintza erakunde “instrumentalak” euskerearen erabilerea “bermatuko dau” final hori dala-eta egingo diran “kanpoko eta barruko” komunikazino guztietan.

Koalizino abertzaleak, beste itaun batean, Foru Enpresa Erakunde Publikoetako plazak eta lanpostuak horniduteko aukeraketa prozesuei buruzko argibideak eskatu ditu. EH Bilduk adierazo dauenez, Aldundiaren edo GUFEren prozesuetan gertatzen ez dan lez, Azpiegiturak, Gaikuntza, Zugaztel edo Lantik lako erakundeen kasuan hautaketa prozesu guztiak erakunde pribaduen esku geratzen dira, “ia beti Campo y Ochandiano enpresaren esku”.

Arantza Sarasola batzarkideak esan dauenez, aukeraketa prozesu horreetan “ez da bardintasuna bermatzeko ezelango baldintzarik beteten”. GUFEren edo Aldundiaren kasuetan jazoten ez dan lez, ez dira argitaratzen oinarriak, onartutako personen zerrendea, epaimahaiaren identidadea edo tribunalarena, errekursorik egon ezkero, emaitzak ez dira argitaratzen, ezta lan-boltsak be. Salatu dauenez, foru erakunde horreetan “916 plaza” dagoz, Aldundi osoan dagozanen herena, eta hori “eskandalua” da Sarasolaren eretxiz.

Ager Izagirre Herri Administrazio eta Erakunde Harremanetarako diputatuak adierazo dauenez, Aldundiak “bardintasunaren, merituaren, gaitasunaren eta publizidadearen printzipioak beteten jarraituko dau” egiten dituan hautaketa prozesuetan, “ez dagoalako kanpoko aholkularitzea bilatzea eragozten dauen legerik”. Edozelan be, 2022ko abenduko Enpleo Publikoaren Lege barriaren betebeharretan sakontzeko, Aldundiak, hautaketa prozesu batek bete beharko leukezan oinarrizko mugarriak eta jardunbide egokiak jasoko dituan dokumentua idatziko dau, “Aldundiak berak zein hirugarrenek egindako prozesuetan kontuan izateko”. Ganera, Aldundiak atal bat ezarriko dau bere webgunean (bizkaia.eus), foru sektoreko erakunde guztiek argitaratzen dituen deialdien iragarkiak sartzeko, eta aukeraketa erispideetarako estekea egongo da bertan.


AHOZKO ERANTZUN-ESKEAK

Kontroleko osokoaren bigarren zatian, Batzar Nagusietako taldeek erantzun-eskeak zuzendu deutsiez Foru Aldundiari, Bizkaibuseko plantillaren kontrako erasoen, Lamiakoko erreka azpiko errepidearen lanek Artazan eta Erromon dituen eraginen, Las Carreraseko (Abanto) saihesbidearen proiektuaren idazketearen, memoria historikoaren, Zorrotzaurreko Construcciones Electromecánicas Consonni, S.A. enpresearen deslokalizazinoaren eta Bizkaibusen gaueko zerbitzuak ezartearen ganean.

Consonni enpresaren balizko “deslokalizazinoari” buruzko gaian, Ainara Basurko Ekonomia Sustatzeko foru diputatuak esan dau Zorrotzaurren dagoan eta plantillan 80 behargin baino gehiago dituan konpainiak ugartea itxi beharko dauela “urte eta erdiko edo urte biko” epean, eta, beraz, Bizkaian kokaleku barri baten bila dabilela. Basurkoren berbetan, konpainiak bere jarduerea lurraldean jarraitzeko dauen asmoa “sendoa” da, eta Aldundiak “beharrezko laguntza guztia” eskainiko deutso kokaleku egokia aurkitzeko.

Bizkaiko Talde Popularrak proponidu dauen Lurralde mailako “eguneroko” gaueko garraioari jagokonez, Sonia Pérez Garraio, Mugikortasun eta Turismorako diputatuak bere sailak Bizkaiko eskualdeetan garraio publikoko gaueko zerbitzuak ezarteko azterlana kontratau dauela iragarri dau, Bizkaiko Batzar Nagusiek ekimen parlamentario bat onartu ostean eskatu eutsien lez. Azterlan horretan proponiduten dana gora behera, Pérezek aurreratu dau eguneroko zerbitzuei jagokenez egungo zerbitzuen luzapenak herritarren eskaria bete daikeela. Diputatuak aurreratu dauenez, Bizkaibus zerbitzuaren plegu barriak “argitaratu aurretik” seguruenez horren inguruko neurriren bat ezarriko da.