ALDUNDIAK BIKOIZTU EGIN EBAZAN APIRILEAN PORTAERA ARAZOAK DITUEN ADINBAKOENTZAKO PLAZAK

  • Sergio Murillo Gizarte Ekintzako foru diputatuak Gernikan gaur egin dan kontroleko osokoan berretsi dauenez, aurton 10 plazako beste zentro bat sortu da lurraldean, 2011n martxan jarritako beste zentroaren osagarri.
     
  • Gaur kontrolerako urteko azkenengo saioa egin da Gernikako Batzar Etxean, eta bertan oposizinoak adinbakoentzako zentro horreen inguruan, eta klima-aldaketearen kontra burrukatzeko ekintzen, Bizkaiko egoitza ereduaren, trantsizino energetikoaren edo klima aldaketaren kontrako burrukaren inguruan itaundu deutso Foru Gobernuari.

 

(Gernikan, 2022ko zemendiaren 30ean). Gernikako Batzar Etxean egin da gaur Bizkaiko parlamentuaren kontrolerako urteko azkenengo saioa. Lau orduko saioan, Aldundiak oposizinoaren bost itaun jaso eta ahozko sei erantzun-eske erantzun behar izan ditu. Sergio Murillo Gizarte Ekintzako foru diputatuak hiru bider urten dau atrilera, eta bere sailak “apirilean” adin txikiko gatazkatsuentzako zentro barria sortu ebala berretsi dau, 10 plazagaz. Zentro hori be “portaera arazo larriak” dituen gazteen portaerea bideratzeko izango da, 2011ko garagarrilean zabaldu zan beste zentroaren moduan.

Murilloren iragarpena gaur goizean egin da Talde Berezia-PP Bizkaiaren itaun bati emondako erantzunean. Itaun horretan, Esther Martínez batzarkideak “adin txikiko disruptibo” horreekaz zer egin behar dan “hausnartzeko” eskatu dau, 2021eko memoriaren bidez, Fiskaltzak eta tutoretzapeko adinbakoen zentro batzuetako beharginek be salatu dituen “igesen”, “eskolako absentismoaren” eta “erasoen” aurrean. batzarkide popularraren eretxiz, “ez da baliabide-arazoa”, baliabide publikoen “oso kopuru handiak” erabilten diralako gazte horreen beharrei erantzuteko; egoitza-harrerari jagokonez, aurton “ia 16 milioi euro”.

Murilloren berbetan, babeserako Bizkaiko foru-sareak “martxan jarteko eskumena dogun zentro-mota guztiak” ditu, baliabideak ezarten dituan 2008ko Dekretuaren arabera. Ohartuarazo dauenez, Bizkaiko sareak ezin dau “internamenduko-zentrorik” izan, horreek Justiziaren eskumenen barruan sartzen diralako. “Zentro orokorrak eta espezializatuak doguz, portaera-arazoak dituen nerabeei laguntza intentsiboa emoteko eta, maila gehigarri batean, portaera-arazo larriak dituen nerabeei laguntzeko”, zehaztu dau.

Murillok ziurtatu dauenez, Bizkaiak badau “dimentsinoari eta heterogeneotasunari jagokenez orekea daukan” sarea, eta herritarrak “ez nahasteko” eskatu dau, sailaren egitekoa “ez dalako isolatzea, integretea baino”. Bere sailak sarea eraldatzen jarraituko dau “gure eskumenetan oinarrituta, araudiaren mugetaraino”. “Ezin doguna egin beste administrazinoen esparruan dagoena da”, esan dau.


EGOITZEN “AZPIEGITURAK EREDUAREN” DEFENTSEA

Beste alde batetik, Elkarrekin Bizkaiako Héctor Fernándezek Azpiegiturak erakundeak eregitako 15 egoitzak kudeatzeko ereduari buruz galdetu deutso Murillori. Egoitza horreek “1.800 plaza baino gehiago” ditue, eta Aldundiak eta zenbait udalek ahalegin ekonomiko “handia” egin behar izan dabe. Talde moreko ordezkariak kritikatu egin dau kudeaketa irabazi asmoa daukien erakundeen eskuetan ixtea; izan be, horrek, bere eretxiz, “arlo publikotik pribadurako joera garbia” erakusten dau.

Gai horretan, Sergio Murillo Gizarte Ekintzako diputatuak Bizkaiko sarearen esparru juridikoa errepasatu dau. Sarea, “parlamentuaren adostasun zabalagaz” eta “erantzukizun publikoko” ereduan oinarrituta sortu zan. Sare osoko zainketak gainbegiratzen dira, zentro publikoak zein itunpeko pribaduak izan. Eskema horretan garrantzi handia hartzen dabe zainketak gainbegiratzeko eta ikuskatzeko lanek.

Murillok ziurtatu dauenez, eredu horri esker hamarkada eskas batean “dimentsioari eta lurralde-orekeari jagokenez behar beste plaza lortu ahal izan dira”. Azpiegiturak ereduak “% 36an” lagundu eban Bizkaiak egoitza-plazak bikoizten, 2011n “10.154” plazatara heldu arte, eta, aldi berean, Gizarte Ekintza Saila “karga” finantzarioetatik “librau” zan, beste babes-politika batzuei ekin ahal izateko.


KLIMA-ALDAKETEA ETA JASANGARRITASUN ENERGETIKOA

Beste alde batetik, Elkarrekin Bizkaiak, klima-aldaketaren eta jasangarritasun energetikoaren arloan hartutako “konpromisoen” inguruko erantzunak eskatu deutsoz Aldundiari. Amaia Antxustegi Bizkaiko Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala zaintzeko foru diputatuak esan dauenez, Bizkaiko Foru Aldundiak “1997. urtetik aurrera” Bizkaian bultzatu dituan eta “berotegi-efektuko gasen murrizketan eta klima-aldaketaren aurrean lurraldearen erresilientzian eragina izan daben pausuen eta jarduketen” errepasoa egin dau.

Legegintzaldi honetan, klima-aldaketaren kontra burrukatzeko zuzeneko laguntzetan Bizkaiak 63 udal eta 3 mankomunidaderi transmitidu deutsiezan 2,7 milioi euroetan laburbildu dau Antxustegik ahalegin hori. Gainera, 2014-2021 aldian atmosferara urtean “189.196 tona CO2” botatea saihestu daben proiektuak “637” izan dira, eta “668 milioi” kilowatt/ordu energia aurreztu dogu. Orain, Energiaren Jarduketako Plan Orokorra “urtea amaitu baino lehen” amaitzea izango da berehalakoena, eta, aurrerago, foru-sektoreko erakundeen betete-egoeraren “hasierako diagnostikoa” egitea, 2023an Aldundi “osoa” erresilientziagaz, energia-eraginkortasunagaz eta klima-aldaketeari aurre egiteko ekintzekaz erlazionautako planteamentuetan sartu daiten.

Industria arloko trantsizino energetikoari buruzko beste itaun batean, kasu honetan berotegi-efektua eragiten daben gasen murrizketaren “oso erritmo motela” salatu dauen Batzar Nagusietako EH Bildu taldearenean, Ainara Basurko Ekonomia Sustatzeko foru diputatuak adierazo dau bere sailak “fokua” enpresa txiki eta ertainetan jarri dauela azken urteotan, energiaren ikuspegitik jasangarriagoa eta eraginkorragoa izango dan eredu industrialerantz joateko “diru-laguntza gehiago” emonda, beste erakunde batzuekaz lankidetzan (EEE, klusterrak, zentro teknologikoak, unibersidadeak…) eta bikaintasuneko zentroak sortuz, horreen artean AIC (Automotive Intelligence Center), CFA (Fabrikazino Aurreratuko Zentroa) edo EIC (Energy Intelligence Center).


ERRONKA DEMOGRAFIKOA

Osokoan, halaber, Talde Berezia-PP Bizkaiak, lurraldeko erronka demografikoari aurre egiteko lurraldeko politika publikoetan “plus bat” eskatu deutso ahaldun nagusiari, Bizkaiko datuak beste lurraldeetakoak baino “txarragoak” diralako. Rementeriak adierazo dauenez, Gobernuarentzako “erronkea” eta “lehentasuna” da, eta “guztion ahalegina eskatzen dau, erakundeen arteko lankidetzea eta gizarte osoaren konplizidadea”.

Holan, Eusko Jaurlaritzako, gainerako Aldundietako eta Eudeleko ordezkariakaz “lantaldea” eratu da, arlo horretan aurrera egiteko. 2021eko bagilean onartutako Euskal Estrategian, jarraitu beharreko bidea marketan da. Eta ekimen honetan, ahaldun nagusiak foru erakundea gauzatzen ari dan ekintzen “adibide” zehatzak aitatu ditu: Bizkaia Gaztea estrategia edo zahartze aktiboaren inguruko ekintzak; eta ikuspegi fiskalago batetik, seme-alabengaitiko kenkariak, deflaktazinoa edo fiskalidadea GJHetara egokitzea. Rementeriaren eretxiz plusik onena “kalidadeko enpleoa eta aberastasun ekonomiko handiagoa sortzea” dan arren.

 

METALAREN ETA BIZKAIBUSEKO GREBAK

Beste alde batetik, Elkarrekin Bizkaiak inplikazino handiagoa eskatu deutso Aldundiari metalaren grebaren konponbidean, baita Bizkaibuseko hainbat emakidadunetan lanuzteak bertan behera ixten laguntzea be.

Lehenengo gaian, Unai Rementeria ahaldun nagusiak laneko hartu-emonen arloan Aldundiak “eskumenik ez daukala” errepikau dau, eta eskumen hori daukien eragileek “ez leukiela onartuko foru-bitartekotzarik edo -arbitrajerik”. Hori egitea Lan Harremanen Kontseiluari jagoko.

Bizkaibuseko emakidadun batzuetan deitutako grebeari jagokonez, Miguel Ángel Gómez Viar Garraioak eta Mugikortasun Jasangarria sustatzeko foru diputatuak gauza bera esan dau, izan be, bere eretxiz, Aldundiak “ezin dau eta ez dau parte hartu behar negoziazino kolektiboan”. Zuzentzen dauen arloa “kontu handiz” ari da beharrean indarrean dagoan kontratuko betebeharrakaz, “likidazioen ordainketeari” eta grebak irauten dauen bitartean “gitxieneko zerbitzuak beteten dirala zaintzeari” jagokenez.
 

PEÑASKAL LEHENGORATZEA

Beste alde batetik, EH Bilduk, ahozko erantzun-eske baten bidez, Peñaskaleko harrobia lehengoratzeko eta landareztatzeko planari buruzko informazinoa eskatu dau; izan be, Supersurreko obretako lurrak lekualdatzeko erabilten da harrobia, azpiegitura hori edegiteko konpentsazino-neurrien barruan.

Imanol Pradalesek esan dau ingurua herritarren gozamenerako berreskuratu dala, eta Bilboko Udalak 2022ko maiatzean jaso ebala lursaila. 1,1 milioi euro inbertidu dira betelana osatzeko, 58.500 metro karratu lurrak hidroereintzeagaz prestetako eta “30.000 ale baino gehiago” izango dituan hariztia landatzeko.