ALDUNDIAK ADIERAZO DAUENEZ, “ULERTZEN” DITU LANDA INGURUNEAREN PROTESTAK, ETA SEKTOREARI BERE ALDARRIKAPENETAN “LAGUNTZEKO” PREST AGERTU DA

  • Imanol Pradalesek agur esan dau gaur Foru Gobernuko diputatu lez Bizkaiko Batzar Nagusietako osokoan, bere alderdiari eskerrak emonda eta azken hiru ahaldun nagusiek berarengan jarri daben konfiantzarengaitik be eskerrak emon eta gero. Horren ostean, “adostasunen” aldeko alegatua egin dau, “herrialdea eregiteko eta garatzeko biderik egokiena” dalako.


(Gernikan, 2024ko zezeilaren 28an). Gernikako Batzar Etxean egin dan kontroleko osokoan, nekazaritzaren eta abeltzaintzaren sektorearen erreklamazinoak ulertzen dituala adierazo dau Aldundiak. Bizkaiko Batzar Nagusietako kontroleko osokoan egindako Itaunean Arantza Atutxa Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko diputatuak adierazo dau gure baserritarren kexak “ulertzen” dituala eta horreekaz “bat egiten” dauela, eta Aldundiaren eskumenen barruan ahal dan neurrian “entzuteko eta laguntzeko” konpromisoa hartu dau, euren eskaerei urtenbideak bilatzeko. 
 
Nekazarien eta abeltzainen protestak Talde Mistoa-Elkarrekin Bizkaiaren eskutik heldu dira Gernikara. Taldearen eretxiz, traktoreen protestek, lurraldeko ustiategi txikiei eragiten deutsen “elikaduraren eredu neoliberal globalizauaren porrota” erakusten dabe. Hori dala eta, talde horrek Itauna egin deutso Foru Gobernuari, familia ustiategien bideragarritasuna sustatzeko “neurriak” eskatuz.

Gai horretan, Arantza Atutxa Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko diputatuak adierazo dauenez, protesten “ernemina” Europako nekazaritza politika bateratuan eta NPBaren erreformetan dago, azkenengoa eredu “zentralizatzailea” nabarmentzen dauen 2023ko urtarrilekoa. Foru Aldundiaren eskumenekoa ez izan arren, Aldundiak sektorearen eskariak “ulertzen dituala” eta “ondoan egongo dala” adierazo dau. Burruka hori kontuan izanda, ekintzen dekalogoa egin da, Eusko Jaurlaritzaren eta sektorearen beraren eskutik.

Atutxak balioan jarri ditu Foru Gobernuak iraganeko eskaerei erantzuteko egin dituan ahaleginak: pandemiaren ondoriozko laguntza bereziak (1,2 milioi) eta Ukrainako gerra dala-eta emondako laguntzak (beste 1,2 milioi), Europako Next Generation funtsetan sartutako laguntzak, edo “2 milioi euroko” aurrekontua dauen sektorerako 10 neurriko Talka Plana. Urtearen amaieran, lau hobekuntza-eremutara “mugatzen dan” plan horren bigarren fasea egin zan: “belaunaldien arteko erreleboa, nekazaritzako lurren funtsa, ustiategiko albaitaria eta abeltzaintza estentsiboa”.


BESTE GAI BATZUK

Bizkaiko Batzar Nagusien kontroleko urteko bigarren osokoak bederatzi gai izan ditu eguneko gai zerrendan (lau Itaun eta Ahozko bost Erantzun-eske).

Holan, lehenengo Itaunean, EH Bilduk eskaria egin deutso Herri Administrazio eta Erakunde Harremanetarako diputatuari, Aurrekontuak egiteko orduan herritarrek parte hartzeko dagozan dinamikak azaldu daizan, talde politiko horren eretxiz hori ez dalako gertatzen ari, “Bizkaia Denontzat” Agintaldi Planean jasoten zan arren. Parte hartzeko aukerak “eskasak” dira, Idoia Buruaga batzarkideak adierazo dauenez. Alegazinoak aurkeztu daitekez, baina “ez dago” aurrekontu parte-hartzaileen prozesurik, Gipuzkoak eta Arabak daukien lez.

Ager Izagirre foru diputatuak adierazo dauenez, azkenengo hiru urteetan parte hartzeko bideak zabaldu egin dira, “259 prozesutan” hain zuzen be, eta herritarrek “87 ekarpen” egin ditue horreetan. Eta Aurrekontuei jagokenez, herritarrek, gero Batzar Nagusietako taldeek bere egin leikiezan alegazinoak sartzeko aukerea dabe. Azkenengo Kontuetan hiru alegazino jaso ziran, eta horreetatik bi aurtengo aurrekontuetan sartu dira.

Izagirrek nabarmendu dauenez, parte hartzeko beste bide batzuk be badagoz. Aldundiak, herritarrek hainbat gairi buruz daben eretxia bilatzeko “eztabaida-foroa” sortu dau (martian beste bat zabalduko da, hirugarrena, boluntariotzaz berba egiteko), eta “6.568 harpidedun” dituan “Bizkaiatarren Sarea” sarea be hor dago. Aldundiak, parte hartzeko prozesuak sustatzeko toki erakundeentzako laguntza lerro bat be jasoten dau. 2024ko edizinoan 51 proposamen aurkeztu dira. 2023an “38” izan ziran, eta “300.000 euro” erabili ziran horreetarako. Bukatzeko, foru arduradunak esan dau Foru Gobernuak Herritarren eta Gizartearen Partaidetzarako III. Foru Plana egiteko “hausnarketa prozesua” zabaldu dauela.


INDARKERIA MATXISTEAREN BIKTIMA DIRAN EMAKUMEENTZAKO ZERBITZUAK

Aldi berean, Teresa Laespada Enplegu, Gizarte Kohesio eta Berdintasunerako diputatuari indarkeria matxistearen biktimei eskaintzen jakezan zerbitzuen inguruko itaunak egin deutsiez. EH Bilduk azalpenak eskatu ditu 1987an sortutako Emakumea eta Familia Zerbitzuaren “desegitea” dala eta, Aldundiak hiru psikologo lanpostu “kenduko” ditualako. Bea Ilardiaren berbetan, zerbitzu hori “aitzindaria eta zuzena” zan, eta “aintzatespena” jaso eban beste leku batzuetan bere jardunbide egokiakaitik. Koalizino abertzaleko batzarkidea kexau egin da, orain sartzeko atea oinarrizko gizarte zerbitzuak (udalak) diralako, hau da, “berehalako sarrerea desagertu egin dalako”. Tratu txarrak jasan dituen emakumeek “8 edo 9 hilebete arte” behar izaten dabe babeserako zerbitzu “integrala” jasoteko.

Diputatu andreak desmontau egin gura izan ditu EH Bilduko ordezkariak botatako “guzurrak”, gogora ekarriz Gizarte Zerbitzuen Legeak foru zerbitzuetara sartzeko atea udaletako oinarrizko zerbitzuak dirala esaten dauela. Balorazino-tresnea kasu horreetan bakarrik apliketan da. Aldundiak “urtean” artatzen dituan “3.000 biktimetatik”, “2.500” zuzeneko arretara edo arreta espezializaura pasau ziran zuzenean. Laespadak datuak erabilita desmontau gura izan dau emakumeentzako zerbitzuak desegiten ari dirala-eta esandakoa. Arreta Psikologikorako Esnatu Zerbitzuak 24 psikologo ditu. 2019an “662” emakume artatu ebezan, eta 2023an “994”, “% 50 gehiago”. 2016an, Foru Gobernuak “5.470.000 euroko” partida ekonomikoa ezarri eban indarkeria matxistearen kontra burrukatzeko, eta aurtongo aurrekontua “10.618.000 eurokoa” da. Datu horreekaz, “ezin deustazu desegiteaz berba egin”, erantzun deutso.


4. LINEA, BI-3764 ETA PRADALESEN AGURRA

Bizkaiko Talde Popularrak Metro Bilbaoren 4. linea eregitea eskatu dau. Pablo Gómez-Guadalupe batzarkideak esan dauenez, “ahaztutako” proiektua da, oraindino Aldundiaren aldetik ez daukalako diru-izendapenik aurrekontuetan. Proiektu hori “sine die” ez atzeratzeko eskatu deutso Ahaldun Nagusiari, “adostutakoa bete daiala eta bizkaitarrei ziurtasuna eskini deiela”. Iñaki Arriola sailburuak proiektu horretako obrak Abandoko geltokia barriztetako lanak amaitu ostean hasiko zirala esan eban, eta berba horreekaz ados dagoan argitzeko eskatu deutso.

Elixabete Etxanobek gogora ekarri dauenez, Foru Gobernuak konpromiso sendoa hartu dau trenbide arloan eskuduna dan Eusko Jaurlaritzagaz garraio publikoa hobetzeko eta, zehatzago esanda, Galdakaora doan 5. Linea finantzetako eta 4. Linea bultzatzeko, “funtsezko” proiektua dalako. Une honetan, linea hori eregiteko proiektua idazten ari dira. Esleipenak 15 hilebeteko epea ezarri eban proiektua idazteko, eta epe hori 2023ko apirilaren 11n abiau zan. “Eraikuntza-proiektua daukagunean, aztertu eta behar diran erabagiak hartuko doguz. Ezin deutsut ezagutzen ez dogun zeozeren ganeko jarrerea aurreratu”, erantzun deutso.

Trapaga eta Sestao lotzen dituan BI-3746 errepidea orain dala urte bi hasi zan barriztetan, baina lanak gelditu egin ziran. Bizkaiko Talde Popularrak hainbat punturen inguruan galdetu dau: lanak amaitzera “behartzeko” neurriak; inguruko herritarrek emon behar daben “itzulingurua”; eta Productos Tubulares enpreseagaz mugakide dan bide horretatik igaroten dan Bizkaibuseko linea baten dauen eragina.

Imanol Pradales Azpiegituretako foru diputatuak adierazo dauenez, moztutako tartea Trapagako Udalaren eskumenekoa da 2018ko azaroaren 14tik. Bere sailak ez dau herritarren “ezelango kexarik” jaso egoera hori dala-eta, eta ez dau trafiko arazorik hauteman.

Gai horren barruan, Pradalesek Batzar Nagusiei agur esateko aprobetxau dau berbetako izan dauen bigarren txandea, EAJ-PNVk lehendakarigai aukeratu ostean. “Ohore handia izan da Bizkaitik Euskadi hobearen alde behar egitea”, esan dau. Horren harian, azkenengo 12 urteetan bere “helburu nagusia eta bakarra” “lurralde hobea” ixtea izan dala esan dau, eta “herrialde bat eregiteko eta garatzeko biderik egokiena” akordioak dirala defendidu dau.


BASOAK EROSTEKO LAGUNTZAK, MERCABILBAO ETA GASOLINOA 

Beste erantzun-eske baten, EH Bilduk basoak edo lurrak erosteko udalei emoten jakezan diru-laguntzak kentzearen inguruan galdetu deutso Nekazaritza diputatuari. Arantza Atutxak erantzun dauenez, “ez da inoiz holangorik egon”. Dirulaguntzen dekretuak dituan 30 urteetan ez da udalerriek basoak eros daiezan laguntzarik emon. Beste gauza bat da batzuek “euren ekimenez” egitea, “hobekuntzarako funtsen” bitartez. 

Beste erantzun-eske batean, Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaiak gizarte arloko esku-hartzearen sektoreko beharginek jasaten dituen lan baldintza txarrak azaldu ditu Gernikan. Ordezkariek baldintza duinak eskatu ditue greba eta mobilizazinoen bidez. Hori dala-eta, egoera hori konpontzeko “neurriak” aideratzeko eskatu deutso Aldundiari. Eneritz de Madariagak hitzarmenetan mekanismoak sartzeko konpromisoa eskatu dau, akordioa lortzeko. 

Aldundiak hitzarmen kolektiboaren baldintzak betetera behartzen ditu enpresak. Hitzarmenaren berrikuntzea patronalaren eta sindikatuen esku dago. “Martian” barriro abiarazoko da, Aldundiari jagokonez “lan jarduerearen % 20ri”, hau da, “800” behargin ingururi, eragiten deutson sektoreko negoziazino mahaia. Teresa Laespada diputatuak esan dauenez, “behar izan dan hornidurea” egin da Aldundiaren laguntzea daben enpresek soldaten baldintzak igon daiezan. 

Mercabilbao Ortuellara eroatearen gaia Bizkaiko Batzar Nagusietara bueltau da EH Bilduren eskutik. Gai hori beste osoko batean aitatu eta hilebetera, Aldundiak gaur egungo instalazinoetako 14 hektareak okupetako dauen estrategiari buruzko azalpena eskatu dau. 

Ainara Basurko Ekonomia Sustatzeko diputatuak gogora ekarri dauenez, azkenengo osokoan gai horri buruzko informazino “guztia” emon zan. Bere berbetan, “goizegi” da enpresa proiektu “zehatzak” aurreratzeko, ez dagoalako aurreikusita hurrengo lau urteetan jarduerarik hastea. Asmoa Eusko Jaurlaritzagaz eta Basauriko Udalagaz lankidetzan aritzea da, jarduera ekonomiko barriak erakarteko, “industria aurreratua eta balio erantsi handikoa”, hain zuzen be. 

Koalizino abertzaleak penagarritzat jo dau zezeilaren 9an Erandio eta Barakaldo arteko gasolino zerbitzua kendu izana. Iker Casanova EH Bilduko bozeroaleak amore ez emotea eskatu dau, garraio modu bat ez eze, “ondare immateriala eta materiala” be badalako. Horri eusteko “ahalegin publikoa” eskatu dau, gaur egungo erabilereagaz ez bada be. Onartutako mozino baten, garraio hori “Ibaizabal itsasadarraren ondare historiko, industrial, kultural eta sentimentala” dala esan eban Eusko Legebiltzarrak. 

Leixuri Arrizabalaga Euskera, Kultura eta Kiroleko diputatuak adierazo dauenez, jarduera horrek 500 urte daroaz gure artean. 1949an uretaratu zan gasolio bidezko lehenengo ontzia. Zubirik ez egoanez, beharginak lantegietara iristeko joan-etorria errazten eban zerbitzua izan zan (12 ontziraleku eukazan). Aldundiak “etxeko lanak egin ditu” eta Kultura saileko teknikariek, “hausnarketea” egin eta gero, ondorioztatu dabe gasolinoak ez dauela “kultur ondasun lez katalogetako behar besteko kalidaderik, antxinakotasunik eta berezitasun teknikorik”.