ALDUNDIAK ETORKIZUNEKO ERRONKA SOZIALEI ERANTZUNGO DEUTSE, TEKNOLOGIAK, LANKIDETZA SAREAK ETA ZERBITZU PUBLIKO SENDOAK BALIAUZ
- Foru Gobernuak gaur amaituko ditu Agintaldi Planari buruzko azalpenak Bizkaiko Batzar Nagusietan, Gizarte Ekintza, Ingurune Naturala eta Nekazaritza, eta Euskera, Kultura eta Kirol sailetako titularren agerraldiakaz.
(Bilbon, 2023ko urriaren 4an). Bizkaiko Foru Aldundiak gaur amaituko ditu Bizkaiko Batzar Nagusietan agintaldi honetarako “Bizkaia Denontzat” ibilbide orriaren azalpen zehatzak. Amaia Antxustegi Gizarte Ekintzako diputatuak zabaldu dau jardunaldia, jagokon batzordean, personen zainketan aurrera egiteko beharrezkoak izango diran soluzinoak azalduz. Gaur egungo gizartea “etenbarik aldatzen” ari da, eta Bizkaiak aurrean izango dituan erronkak “oso anitzak” dira. Erronka horreei erantzuteko gaitasuna “teknologiek, lankidetza sareek eta zerbitzu publiko sendoek eskainiko deuskuezan aukeretan oinarrituko da”, esan dau.
“Etxean bizitzen jarraitu gura daben personak, egoitza eredu barriak, profesionalei laguntzeko unidadeak, erakunde publikoen arteko harremanak bultzatzeko programak eta baliabideak eta persona bakotxari eta bere inguruari egokitutako erantzuna emotea” izango dira Gizarte Ekintza Saileko taldearen ardatzak. Antxustegik bilatuko dauen zainketen “ikuspegi komunitarioa” administrazino “arin, eraginkor eta hurrekoaren” bidez gauzatuko da. Legealdi honetan izapideak eta prozedurak “azkarrago” egiten saiatuko da, hobekuntza teknologikoari eta datuen erabilerari esker.
Zehatzago esanda, Aldundiko arduradunak aurreratu dauenez, datozan urteetarako ardatz estrategikoetako bat Iraupen Luzeko Etxeko Zainketen Trantsizino Plana gauzatzea izango da, hau da, bizikidetza unidadeak, erreferentziazko eskualde zentroak, Getxoko belaunaldien arteko zentroa eta etxeTIC zentroak. 2024. urtearen amaieran “11” etxeTIC zentro egongo dira daborduko, “5.000 personari” zerbitzua emoteko.
Ganera, Aldundiak behargin espezializauak izango dituen Erreferentziazko Eskualdeko Zentro (EEZ) barriak zabalduko ditu adinekoentzat. Zentro horreek egoitza-unidade soziosanitarioak izango ditue, hau da, errekuperazino- eta errehabilitazino-egonaldietarako baliabide espezializauak, konplexutasun txikiko eta intentsidade handiko gizarte- eta osasun-preminak aldi berean dabezan personentzat. GUFEtik beharrean ari dira EEZ horreek gidatzeko eta martxan jarteko, eta horrek “50 plaza” sortzea ekarriko dau.
“Lehentasunezko” beste lan ildo bat, desgaitasuna daukien personei arretea eskaintzea izango da: behar dituen laguntza zerbitzuak eskainiz, “ahalik eta autonomia personal handiena eta gizarteratzea eta komunidadean parte hartzea” lortu daien, eta kolektibo horri arretea emoteko sarea indartuz. Holan, eta egungo eta etorkizuneko beharrei erantzunez, legegintzaldi honetan desgaitasuna edo osasun mentaleko arazoak dituen personentzako egoitza-plazen kopurua handitu egingo da.
Bere esku-hartzean, Gizarte Ekintzako diputatuak adinbakoentzako zerbitzuei buruz be egin dau berba. Babesgabetasun-egoeran dagozan adinbakoak babesteko neurriak ezarriko dira eta umeen kontrako sexu-abusuaren biktima diran adin txikikoei laguntzeko “eredu esperimentalak” jarriko dira martxan. Familia-harrera izango da kolektibo horri zuzendutako funtsezko zutabeetako bat. Barritasuna buruko gaixotasuna daben umeentzako baliabide barri bat edegitea izango da.
RENOVE PLANA LEHEN SEKTORERAKO
Jarraian, Arantza Atutxa Ingurune Naturala eta Nekazaritza sustatzeko diputatu barriak, bere sailak agintaldi honetarako dituan jarduketa ildoen barri emon dau: lehen sektorerako “renove” plana, hondakinen arloko ezagutza eta barrikuntza zentroa (Waste Lab Bizkaia), baserritarrakaz komunikazinoa eta izapideak errazteko aplikazino barria (Landatek) martxan jartea, edo landa ingurunean belaunaldien arteko erreleboa bultzatzeko neurriak indartzea.
Barrikuntzen artean, sailaren planek Gaztelugatxeko San Juanen kudeaketarako koordinazino organu bat sortzea be aurreikusten dabe. Erakunde arteko koordinazino organua sortu eta eratuko dauen Foru Dekretua ari dira lantzen, “aberastasun handiko” gune horretan gauzatzen diran jarduketa administratibo guztiak bateratzeko.
Arantza Atutxak zuzentzen dauen sailak hainbat ekimen gauzatuko ditu gune degradauetako ingurumena lehengoratzeko, horreen artean udalei eta mankomunidadeei zuzendutako laguntza-lerroaren ezarpena. Ingurumena hobetzeko zeregin hori osotzeko, hondakinen biltegi kontrolauetan ekonomia zirkularreko industria-jarduerak eta instalazino fotovoltaikoak bultzatuko dira.
Aitatutako proiektu horreek guztiak agintaldiko planean jasotako “14 jarduketen” barruan dagoz. Horreen artean hondartzetako irisgarritasuna hobetzea be aurreikusten da. Ganera, Energia Jasangarritasunerako Jarduketa Planean jasotako jarduketak gauzatzen jarraituko da, eta Bizkaiko udalerrien energia-eraginkortasuna hobetzeko laguntzak bideratuko dira.
Ingurune Naturala eta Nekazaritza sustatzeko diputatuak aurreratu dauenez, legealdi honetan zehar Bizkaiko Fauna Basatia Berreskuratzeko Zentroaren instalazinoak hobetzeari ekingo jako, antzemandako beharretara egokitzeko.
Eta hondakinen atalean, biometanizazino planta bat jarriko da martxan, hondakin organikotik biogasa eta konposta lortzeko. Planta horregaz, urtean 8.760 etxeren kontsumo termikoaren baliokidea dan energia-ekarpena lortuko da Bizkairako. Berreskuratutako erregai solidoko materiala lantzeko proiektu bat be gauzatuko da.
Legegintzaldi honetan zehar, Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sailak beste hainbat jarduketa gauzatzea aurreikusi dau hainbat arlotan, besteak beste, basurdea eta orkatza lako espezieen jarraipena eta kontrola. Horreek kudeatzeko, bost urteko indarraldia izango dauen ehiza antolatzeko plana prestetan ari da.
Legealdi honetan aurrera egingo da basoen kudeaketa jasangarrian, “daborduko lantzen ari dan” Mendiei buruzko Foru Arau barria onartuta. Baso-espezieakaz eta baso-ibilbideakaz, baso-aprobetxamenduen eta basobarritzeen erregulazinoaz, erantzukizunpeko adierazpenen erregulazinoaz, Mendien Batzordeaz eta hobekuntza-funtsaz erlazionautako alderdiak erregelamendu bidez garatuko dira. Bien bitartean, Aldundiak bertako espezieak zabaltzeko lurzorua erosten jarraituko dau. Azken urte bietan, Aldundiaren jaubetzako “123 hektareatan” “100.000 zugatz” landatu dira, horreetatik “75.000” haretxak.
GUGGENHEIM URDAIBAIREN GARAPENA
Azkenik, Leixuri Arrizabalaga Euskara, Kultura eta Kiroleko diputatuak Batzar Nagusietan azaldu dauenez, agintaldi honetarako bere “15 lehentasunen artean”, beste erakunde batzuekaz lankidetzan Urdaibaiko Guggenheim martxan jarteko lehenengo pausuak emotea dago. Lehenengo hiru pausuak urigintza-planak zehaztea, nazinoarteko ideen lehiaketea edegitea eta lurzoruen kutsadurea garbitzea izango dira.
Legealdi honetan, Aldundiak Euskal Museoa, kanpora begira erreferente kultural bihurtu gura dauen espazioa, eta birmoldaketeagaz 6.700 metro koadro irabaziko dituan eta espazio “erakargarriagoa eta funtzionalagoa” bihurtuko dan Bilboko Arte Eder Museoa, barriztetako lanak amaituko ditu.
Lehentasunen artean, Arrizabalagak hainbat puntu aitatu ditu: Punta Zorrotzan ikus-entzunezko hub bat instaletea, Bilboko Udalaren laguntzeagaz; Udalekuak handitzea; eta patinajera, txirrindularitzara, eskaladara eta atletismora zuzendutako kirol azpiegiturak hobetzea. Aldundiak kirola bultzatuko dau herritar guztien artean, batez be emakumeen eta dibersidade funtzionala daben personen artean.
Ondare industrialak aparteko bultzadea izango dau Ondare Industrialaren Plan Integrala idazten danean. Eta itsasoari jagokonez, Aldundiak Bermeoko Ortube arrantza-ontzia eta Muruetako ontziolak berreskuratuko ditu, erriberako arotzeriarako gune bihurtu daitezan.
Alkarren artean oso gertu dagozan gune bi be –Omako Basoa eta Santimamiñe– albiste izango dira. Ibarrolak asmau eban lana herritarrei aurkeztuko jake familiaren ideari jarraituz, “kudeaketa eredu barriagaz eta jasangarritasunean oinarritutako basoko mantentze-lanagaz”. Beste alde batetik, Santimamiñe hedatzeko proiektua barrituko da. Gauzatu beharreko proiektuen artean, labarretako arteari balioa emongo deutson Lea Artibaiko Kobazulo Experience proiektuaren garapena dago.
Horrez gain, Foru Aldundiak talentu artistikoa bultzatuko dau, beken, laguntzen, prestakuntza planen, gogoetarako foroen eta kulturaren kontsumorako jardueren bitartez. Dantza izango da laguntza horreek jasoko dituan segmentuetako bat, lurraldean konpainia bat sortzeko aukereagaz.
Beste alde batetik, Arteako Ekomuseoa Musiktopa bihurtuko da, folk musika bultzatzeko gunea. Eta Zallako La Guatak bultzada berezia izango dau artisten lantegia edo laborategia sortzeko.
Euskereari jagokonez, kultur ekoizpenari bultzada emongo jako, Euskerearen Interpretazino Zentroa bultzatuko da eta Aldundian eta erakunde publikoetan euskerearen erabilerea bultzatuko da hainbat ekimenen bitartez. Hizkuntza-eskubideak babesteko, Hizkuntzaren Normalizazinorako Plan barria idatziko da.
Batzar Nagusietako taldeek Molinos Vascos eraikinaren inguruan galdetu deutsie diputatuari, izan be, eraikin hori aspalditik dago gero eta narriadura handiagoko prozesuan. Arrizabalagak iragarri dauenez, bere sailak partida ekonomiko bat bideratu gura dau hurrengo aurrekontuetan, sailak daborduko ontzat emon dauen barriztatze proiektuan oinarrituta eraikina birgaitzeko lana egiteko.