ALDUNDIAK USTE DAUENEZ “NAHIKOA” ETA “ARRAZOIZKOA” DA ALDUNDIAREN DIRU-LAGUNTZEN GANEAN EGITEN DAN KONTROLA

  • Jose Maria Iruarrizaga Ogasun eta Finantzetako diputatuak, laguntza horreek emotean Aldundiko sailek dituen kontrol-mekanismoak defendidu ditu Bizkaiko Batzar Nagusietako batzordean.
     
  • Zuriñe Argatxa Iraskunde, Gobernamentu On eta Gardentasunerako Batzordeko presidenteak Elkarrekin Bizkaiaren jarrerea kritikau dau, gaur eztabaidatu behar ziran bost ekimen parlamentario baztertzeagaitik.

 

(Bilbon, 2022ko garagarrilaren 27an). Bizkaiko Batzar Nagusiek Iraskunde, Gobernamentu On eta Gardentasunerako Batzordearen bilera murriztua egin dabe gaur goizean. Jose Maria Iruarrizaga Ogasun eta Finantzetako diputatuak bertan ziurtatu dauenez, erakundeak Aldundiak urtero emoten dituan diru-laguntzen ganeko kontrol “nahikoa” eta “arrazoizkoa” egiten dau. 

Gai-zerrendako puntu bakarrari buruzko eztabaidea hasi baino lehen, Zuriñe Argatxa Begoña jeltzalea batzordeko presidentea, “haserre” agertu da Elkarrekin Bizkaiak Israel Escalanteren sinadura eukien eta gaur eztabaidatu behar ziran bost ekimen parlamentario (agerraldi bi eta ahozko hiru erantzun-eske) baztertu ditualako azkenengo egunotan. Bizkaiko parlamentuak gai horreek ekitaldi honetako bileren barruan sartzeko egin dauen ahalegina nabarmendu ostean (jarduera parlamentarioa bariku honetan amaitu eta irailean hasiko da barriro), Argatxak aurpegiratu egin deutso talde moreko batzordekideari berak sinatutako gai horreek defendidutera ez etortea, eta bere alderdikideek haren lekukoa ez hartzea. Holan, Batzar Nagusietako talde horrek foru-erakundeei eskatzen deutsen seriotasun beragaz jokatu daiala eskatu dau, “hiru” diputaturen agendak eta parlamentuaren beraren kontroleko lana kaltetu diralako.

Batzordearen eguneko gai bakarrean, beraz, Iruarrizagak Aldundiko sailek emoten dituen diru-laguntzak kontroletako dagozan eta 5/2005 Foru Arauak arautzen dituan mekanismoak defendidu ditu. Arau horretan, diru-laguntzen organu “emoileek” jasotako edozein laguntza-eskaeraren aurrean sartu behar diran baldintzak, prozedurak eta justifikazinoak jasoten dira. Organu horreek erabagi behar dabe diru-laguntzea “behar dan moduan” gauzatu dan ala ez.

Elkarrekin Bizkaiak egindako ahozko erantzun-eskeari erantzunez, Iruarrizagak ziurtatu dau Aldundiak birritan kontroletan dauela diru-laguntzen erabilerea. Hasiera batean, organu igorleak egiten dauen “aurretiko kontrol iraunkorra” dago. Eta, bigarrenik, auditoretza-prozedura baten mekanismoei jarraituz “geroago” egiten dan “finantzen” kontrola, diru-laguntzea justifikauta dagoan eta zuzena dan egiaztetako. Horri, “ganera”, Herri Kontuen Euskal Epaitegiak berak, Aldundiaren aurrekontuak aztertzeko ohiko lanen barruan, egiten dauen fiskalizazinoa gehitu behar jako. Izan be, bere egitekoen artean, diru-laguntzen jarduerearen kontrola dago.

Ogasun eta Finantzetako diputatuak kontrol-lan hirukotx hori defendidu dau, eta sail bakotxa emoten diran diru-laguntzak jasoten dituan plan estrategikoa egitera “behartuta dagoala” gogorarazo dau. Bere berbetan, laguntza horreek “sei hilean behin” jakinarazoten jakez Bizkaiko Batzar Nagusiei, eta “urteko” txosten batean hareen ebaluazinoa jasoten da. Balantze horreetan ondorioztatu daitekenez, “kasu gehienetan” diru-laguntzen xedea modu “arrazoizkoan” beteten da.

Eneritz de Madariaga Elkarrekin Bizkaiako bozeroaleak “zalantzan” jarri dau kontrol horreen eraginkortasuna; izan be, bere eretxiz, badira kontrakoa adierazoten daben “hainbat ebidentzia”. Haren berbetan, Aldundiaren webgunean ez dira jasoten, adibidez, 2019tik aurrerako diru-laguntzen plan estrategikoak, eta informazino-faltak dagoz gastu batzuen azalpenean. Europar Batasunagaz zerikusia daukien bekak edo Sabino Arana, Ramón Rubial eta Popular de Estudios Vascos fundazinoei emondako diru-laguntzak aitatu ditu. Kasu horreetan, Aldundiak fundazino horreei buruz egindako ebaluazinoak adierazoten dauen gauza bakarra da “justifikautako gastuek behar dan moduan erantzun deutsiela diruz lagundutako jarduerearen izaereari”. Batzordekidearen eretxiz, txostenak pista gehiago emon beharko leukez “izan dauen erabilgarritasuna edo inpaktu soziala ezagutzeko, eta diru-laguntzeagaz jarraitzea egokia dan ala ez jakiteko, izan be, hori da foru arauak dinoena”.

Aldundiak “100 milioi eurotik gora” emon deutsez hainbat erakunderi, eta, 2022rako, “860.000 euroko balioa daukien 4 diru-laguntzaren 4 auditoretza” egitea aurreikusi da, hau da, diru-laguntza guztien “% 0,86”. “Ez da egiaztau emondako diru-laguntza guztiak bete diranik, eta ez dira emaitzak argitaratu”, ziurtatu dau Elkarrekin Bizkaiako bozeroaleak. Eta ez da araudirik ez dagoalako. “Arauak kontrol-mekanismoak jasoten ditu, baina sailak ez dira kontrol hori araudiak berak dinoen moduan gauzatzen ari”. Kontrol falta horrek “irregulartasunak gertatzeko atea zabaltzen dau”, eta, horregaitik, arlo horretan “hobekuntzak” sartzeko eskatu dau.

Bere erantzunean Iruarrizagak gogorarazo dauenez, hiru kontrol mota dagoz eta talde morearen ordezkariak horreetako bakarra aitatu dau, finantza arloko kontrola, hain zuzen be. Sail batek diru-laguntzen dekretu bat ateratea eskatzen dauenean, kreditua izan behar dau, hori fiskalizau egin behar da, eta, besteak beste oinarriak eta onuradunak jasoko dituan arau-dekretua egin behar dau. Beraz, bere eretxiz “kontrol hori be badago, auditoretzen bidez egiten dana ez da kontrol bakarra”, ziurtatu dau.