ALDUNDIAK GAUR EGUN MERCABILBAOK HARTZEN DITUAN LURRETAN JARDUERA EKONOMIKO BARRIA SORTZEKO ITXAROPENA DAU, “INDUSTRIA AURRERATU ETA BALIO ERANTSI HANDIKOA”, HAIN ZUZEN BE
- Aldundiak barriro esan dau Ortuellako Parke Teknologikorako lekualdaketea 2027an egingo dala, eta elikagaien sektorearen inguruko lehenengo enpresak hurrengo urtean hasi daitekezala Meatzaldeko campusean ezarten.
- Foru Gobernuak iragarri dauenez, bi urtez luzatuko dau Arraizeko TMBren egungo esleipenduneagaz dauen kontratua.
(Gernikan, 2023ko urtarrilaren 31n). Gernikan egin dan Bizkaiko Batzar Nagusien kontroleko urteko lehenengo osokoak, modu batean edo bestean Foru Gobernuaren ekintzeagaz erlazionauta dagozan hamar gai sartu ditu eguneko gai zerrendan. Horreetako batean, Ainara Basurko Ekonomia Sustatzeko diputatuak baieztu dauenez, Aldundiaren, Eusko Jaurlaritzaren eta Basauriko Udalaren konpromisoa da Mercabilbao Ortuellara eroan eta gero gaur egun hartzen dituan lurretan “jarduera ekonomikoa eta enpleoa sortzen jarraitzea”.
Mercabilbaoko lurretarako “proiektu falteari” jagokonez, Pablo Gómez-Guadalupe popularrak Itaun baten kritikau dauen lez, Foru Diputatuak adierazo dau “goizegi” dala plan ekonomiko bat egiteko, Mercabilbaoren lekualdatzea ez dalako 2027ra arte gauzatuko, baina Aldundiak beste erakunde biakaz batera egingo dauela behar, “ondo komunikauta dagozan” gune horretako 14 hektareak “2028tik aurrera” aprobetxau ahal izateko, “industria aurreratuak” eta “balio erantsi handikoak” ezarri ahal izateko espazioa sortzeko. Urte horren inguruan ezarri ahal izango dira Ortuellan elikagaien sektoreko lehenengo enpresa “aurreratuak”.
Bere erantzunean, Basurkok gogora ekarri dau elikagaien sektorea “estrategikotzat” hartzen dala eta, arlo horretan, Ortuellako Parke Teknologikoaren campusa “laugarren eta bosgarren gamako produktuak izango dituan industria aurreratua gauzatzeko lekua izan eitekeala, balio katea sortuz”.
BESTE ITAUN BATZUK
Elixabete Etxanoberen Gobernuak oposizinoko taldeen bost itaun jaso ditu gaurko osokoan. Mercabilbaoko instalazinoen etorkizunagaitik ez eze, adinbakoaren babesaren, Bizkaiko garraio publikoko deskontuen, zerga sistemearen ebaluazinoaren eta eskolako kirolean adinbakoen kontrako sexu erasoak eta abusuak saihesteko neurrien inguruko erantzunak eskatu dira.
Hain zuzen be, EH Bilduk, urte amaieran Bizkaiko garraio publikoan % 50eko deskontuak “kentzen” saiatzeagaitik erantzuteko eskatu deutso Ahaldun Nagusiari, Bizkaiko Garraio Partzuergoko (BGP) presidentea dan neurrian, Barik txartela 2024rako hobarien politikatik “kanpo” itxita. Raúl Méndez EH Bilduko batzarkideak esan dau penagarria dala EAJ-PNV eta PSE-EE taldeek “gurata” ahaztu izana “gehien erabilten dan titulua” dan Barik txanpon-txartelaren erabiltzaileak hasieratik sartzea. Bere berbetan, Aldundiak Bizkaiko gizartea “nahastu” egin eban, deskontu-politiken joan-etorriakaz “nahaste-borrastea” sortuta.
Elixabete Etxanobe Ahaldun Nagusiak “gizartea ez nahasteko” eskatu deutso EH Bilduri. BGPk abenduaren 26an hartutako erabagia defendidu dau, hau da, hasteko, deskontuak aldi baterako abonuei bakarrik apliketea. “Egiturazko” neurri hori garraio publikoaren erabilerea bultzatzeko asmoz ezarri zan. Une haretan, gauza seguru bakarra 2023an aplikautako % 50eko deskontuak gabonilaren 31n amaituko zirala zan, izan be, Gobernu zentralaren erabagia BGPk 2024rako metroaren tarifak onartu eta hurrengo egunean iragarri zan. “Bizkor ibili ginan”, izan be, garraio publikoa koordinetan dauen erakundearen kontsejuak egun batzuk geroago, urtarrilaren 4an, onartu ebazan deskontu horreek, baina prozedurak “ezinezko” egiten dau tarifa barriak “atoan” indarrean jartea.
Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaiako Eneritz de Madariagak kontrol saioan salatu dauenez, ez dago adinbakoaren interes gorena zainduko daben ekintzak politika publikoetan sartzeko mekanismorik. Batzar Nagusietako talde horretako bozeroalearen berbetan, Batzar Nagusiek umeei edo nerabeei eragiten deutseen politika publikoen inpaktuari buruzko neurriak sartzeko agindua emon eben.
Adinbakoaren interes gorenaren printzipioa “zeharka” landu da Aldundi osoan, eta “batez be” gizarte politiketan. Amaia Antxustegi Gizarte Ekintzarako foru diputatuak gai horren inguruko hainbat ekimen egiaztau ditu: adinbakoarentzako araudi “ulergarria eta irisgarria”; sail “guztietako” beharginen etenbako prestakuntzea; umeen euren parte-hartze “aktiboa”; umeak babesteko sistemak bere sailean dauen eraginaren ebaluazinoa; prestazino sozial eta ekonomikoen hobekuntzea, arriskuan dagozan adinbakoentzako maila egokia ziurtatzeko; arrisku-egoeren detekzino goiztarra; erakundeen arteko lankidetzea arlo horretan; eta intimidaderako eskubidea defendiduteko lana, “adinbakoaren estigmatizazinoa saihestuz”.
Beste alde batetik, Aldundiak 2014ko eta 2018ko erreforma fiskalak defendidu ditu, baita PFEZn eta Soziedadeen ganeko arautegian emon ziran aldaketa horreen ebaluazinoa be. Itxaso Berrojalbiz Ogasun eta Finantzetako diputatuak barriro ekarri dau gogora aurton zerga bien “berrikuspen” fiskala egin eta eztabaidatuko dala, eraldaketa eta erronka sozial handietara egokitzeko (demografikoa, ingurumenekoa, ekologikoa eta digitala).
Aldundiko arduradunak defendidu dauenez, aldaketa biek Bizkaiko fiskalidadearen progresibidadea handitu eben, eta hori erakusteko hainbat datu emon ditu. PFEZren azkenengo ekitaldiko “gizarte arloko murrizketek” “160 milioi euroko” eragina izan eben ondorengoak autortu ebezan zergadunentzat, “55 milioikoa” alokairuak autortu ebezanentzat, edo “87 milioikoa” mendekotasuna edo ezintasuna daukien personen mesedetan. Soziedadeen Zergeari jagokonez, diru-bilketearen hazkundea “% 16koa” izan da. Beste Estadu batzuakaz konparauta, Bizkaiak, gaur egun, “% 24ko” batez besteko tasea apliketan dau tributu horretan; Europako batez bestekoa, barriz, 2012an “% 22,8koa” izatetik 2021ean “% 21,8koa” izatera pasau da.
Beste alde batetik, EH Bilduko Arantza Sarasolak, egindako ebaluazino txostena “tranpea” dala esan dau, zerga sistemako figura bi baino ez diralako kontuan hartu. EH Bilduko batzarkideak kritikau dauenez, Bizkaiko Foru Aldundiaren “diru-bilketaren esfortzu handiena”, jaso dituan “9.000 milioien” “% 75a”, “beharginen gain egon da” PFEZren bidez, eta, bere eretxiz, horrek kontrastau egiten dau Soziedadeen ganeko Zergatik jasotakoaren “beherakadeadaz”. Enpresen diru-sarreren portzentajezko ekarpena euren irabazien ganean hiru puntu bajau da 2017tik 2021era, “% 12tik” “% 9ra”. Horrek erakusten dau, bere eretxiz, enpresek “gero eta gitxiago ordaintzen dabela” eta progresibidade eta ekidade printzipioa apurtu egiten dala. Bere taldeak “erreforma” fiskalari ekitearen aldeko apustua egiten dau, eta hori Bizkaiko Batzar Nagusietara eroango dau, “gehieneko epe batean” “zerga figura guztien” azterketa “osoa” egiteko landuko diran ekimenen bitartez.
Beste gai batean, Leixuri Arrizabalaga Euskera, Kultura eta Kiroleko diputatuak, azkenengo urteetan Bizkaiko kirol erakundeetan abusuak prebeniduteko Aldundiak egin dauen beharra defendidu dau. Gai hori EH Bilduren Itaun baten bitartez heldu da osokora.
Lurraldeko eskola kirolaren arduradun nagusiak adierazo dauenez, lan hori indartu egingo da laster Umeen Legea onartu ostean, baina, Bizkaian adinbakoen kontrako sexu abusuak desagertuarazoteko ezarri diran neurrien artean erakunde guztiek kasu horreek saihesteko jarduketa protokolo espezifikoa aurkezteko daben betebeharra azpimarratu dau. 2023-2024 denporaldirako, ganera, kirol arloko erakunde guztiek “adin txikikoaren arduraduna” figura izan beharko dabe, edozein abusu detektatzeko.
AHOZKO ERANTZUN-ESKEAK
Osoko saioan, Foru Gobernuak Batzar Nagusietako taldeek egindako ahozko bost erantzun-eskeri erantzun deutse. Oposizinoak, itsuen mobikortasunaren arloan aurrera egin ete dan, Bizkaiko kostaldera pelletak heldu ete diran, Arraizeko TMB plantearen kudeaketearen, etxeko zainketen edo Umeen zerbitzuaren inguruan jakin gura izan dau.
Arantza Atutxa Iraunkortasun eta Inguru Naturaleko diputatuak adierazo dauenez, pelletak etortearen ondorioz Bizkaian aktibautako larrialdia “amaitu egin da”, azkenengo asteetako meteorologiak plastikoak Bizkaiko kostaldetik urrundu ditualako. Portugalgo uretan antzemandako isurketatik jasotako pelletak “ez dira eskukada batera be heldu” lurraldeko hareatzetan. Diputatuak, bide batez, mikroplastikoak batzeko makinen erosketearen barri emon dau.
Euren lan baldintzak dirala-eta Arraizeko TMBko beharginek aurkeztu dituen salaketei jagokenez –EH Bilduk baieztu dau Lan Ikuskaritzan salaketea aurkeztu dabela– Atutxak adierazo dauenez, bajea eragin daben laneko istripuek “% 37” egin dabe behera eta bajarik eragin ez dabenek “% 70”. Esleipendunari kontratua bost urtez luzatu izanaren ganean galdetu deutsienean, Aldundiko arduradunak baieztu dau TMB Arraiz ABEEri kontratua 2 urtez luzatuko jakola, beste baterako aukereagaz, hasieran aurreikusita egozan bost urteen ordez. Esleipen horrek bi errazoi ditu: material barriak birziklatzeari ekiteko etorkizunean egingo dan milioi bi euroko inbertsinoa eta hori prest jarteko aurreikusita dagoan geldialdi teknikoa.