ALDUNDIA POZIK AGERTU DA HERRI KONTUEN EUSKAL EPAITEGIAK EGINDAKO AUDITORETZAN 2020KO BIZKAIKO KONTUEI EMON EUTSEN ERETXI “GUZTIZ GARBIAZ”

  • José María Iruarrizaga Ogasun eta Finantzetako diputatua Bizkaiko Batzar Nagusietara etorri da, EH Bilduk eskatuta, Herri Kontuen Euskal Epaitegiak joan dan astean aurkeztu eban pandemiaren urteko Bizkaiko Kontuen fiskalizazino txostenaren ganeko bere eretxia emoteko.

 

(Bilbon, 2023ko zezeilaren 2an). José María Iruarrizaga Ogasun eta Finantzetako diputatua konforme agertu da joan dan astean Herri Kontuen Euskal Epaitegiak (HKEE) Bizkaiko Batzar Nagusietan 2020ko Lurraldeko Kontuen inguruan egin eban azterketeagaz. Organu fiskalizatzaileak azpimarratu eban COVID-19ak eragindako pandemiak “ez ebala eragin esanguratsurik izan” eretxi “guztiz garbia” jaso eben kontuetan.

Txostenetik, Iruarrizagak, Aldundiaren eta foru sektore publikoaren (20 erakunde) kontuei buruz epaitegiak egin eban eretxia irakurri dau, “2020ko aurrekontu-ekitaldiko jarduera ekonomikoaren alderdi esanguratsu guztietan ondarearen eta abenduaren 31ko finantza-egoeraren, irudi fidela adierazoten dabe, bai eta eragiketen emaitzena eta eskudiruzko fluxuarena be, apliketakoa dan finantza-informazinoaren arau-esparruagaz, eta, batez be, kontabilidadeko printzipio eta erespideakaz bat etorriz”.

Ogasun eta Finantzako foru diputatuak, fiskalizazino organuak, Bizkaiko kontuen “momentuko akats” lez, eta “ez kontrol orokorreko arazo lez” antzemandako “7 ez-beteteak” be aitatu ditu. Txostenak “salbuespena islatzen dau”, “espediente asko eta asko” aztertu ostean. Horri jagokonez, Iruarrizagak gogora ekarri dau epaitegiak ez betete horreei aurkeztu eutsen “sei alegazinoetatik” bat onartu ebala. Gogoetei jagokenez, “hobetzeko eretxiak” dira, eta ez datoz beti bat Aldundiaren erespideagaz, baina foru erakundeei zuzendutakoen kasuan, zuzentzen joan behar dirala “gogora ekarri beharko da”.

Diputatua EH Bilduk eskatuta etorri da Ogasun eta Finantzetako batzordera. Arantza Urkaregi talde horretako batzordekidea arduratuta agertu da, epaitegiak 2019ko eta 2020ko ekitaldien inguruan egiten dituan gogoetak “bardinak” diralako eta horreek ez dabelako erlazinorik pandemiaren ondorioz 2020an bizi izan ahal izan zan salbuespenezko egoereagaz, Iruarrizagak esan dauen moduan. Bere erantzunean, barne kontrola handitzeko eta epaitegiak eskatzen dauena beteteko beharra azpimarratu dau Urkaregik, bere eretxiz, administrazino publiko batek “zero salbuespen” izan behar ditualako helburu; Iruarrizagaren berbetan helburu hori lortzea “oso gatxa izango da”, HKEEk aztertzen dauen dokumentazino “kopuru handia” dala eta.