TRATU TXARRAK EDO INDARKERIA MATXISTEA DIRALA ETA ALDUNDIAK 1.621 PERSONARI EMON EUTSEN LAGUNTZA PSIKOLOGIKOA BIZKAIAN 2021EAN

  • Enplegu, Gizarte Inklusino eta Bardintasunerako foru diputatuak, EH Bilduk eskatuta, balantzea egin dau tratu txarrak edo sexu erasoak jasan dituen personei arreta edo laguntza psikologikoa emoteko foru programaren ganean.
     
  • Oposizinoak Bilbon erantzuna hobetzeko eskatu dau, larritasun gitxiagoko kasuetan hitzordua hartzeko itxaronaldia “12 aste artekoa” dalako, Teresa Laespadak emondako datuen arabera; dana dala, diputatuak azpimarratu dauenez “ez dago presako kasurik itxaron-zerrendan”.

 

(Bilbon, 2022ko abenduaren 22an). Teresa Laespada Enplegu, Gizarte Inklusino eta Bardintasunerako foru diputatuak, Batzar Nagusietan egin dauen agerraldian, balantze txiki bat egin dau bere sailak indarkeria matxista eta tratu txar egoeren aurrean arreta eta laguntza psikologikoa emoteko egiten dauen beharraren ganean. Zortzi programa batzen ditu. 2021ean, Aldundiak “1.621” personari emon eutsen arretea Bizkaian, % 94,4 emakumeak (1.481 emakume eta neskato biktima). Dana dala, indarkeria matxistan “biktimizazinoak” “2.900” kasura heldu ziran.  

EH Bilduk eskatu eban diputatuaren agerraldia, 2005etik arreta psikologikoaren eskariak eten barik gora egin dauelako, eta, seguruenez, “pandemiagaz datu horreek gora egingo ebelako”. Indarkeria Matxistaren Behatokiaren azkenengo datua 2020koa da, eta bertan, eskaria % 4,6 handitu dala esaten da. Datu horreek ikusita, Bea Ilardia koalizino abertzaleko bozeroaleak Arreta edo Laguntza Psikologikorako Programaren inguruko interesa agertu dau, eta, beste gauza batzuen artean, azkenengo urte bietan arreta psikologikoa behar izan daben persona “guztiei” erantzun ahal izan jaken jakin gura izan dau. Mahai ganean jarri ditu foru zerbitzuek hitzordua emoteko behar daben denporeari jagokonez “azkenengo urteetan” gertatu diran hainbat gorabehera.

Laespadak eskumenen mapea eta Bizkaiko arreta eredu “barria” aztertu ditu, eta EH Bilduk planteau dauen galdera bakotxari erantzun deutso. Esparru juridikoari jagokonez, Laespadak ohartarazo dauenez, aurtengo martian gertatu dan lege aldaketaren ondorioz, “Euskadiko Osasun Sistemak” bere baliabideakaz bermatu behar dau arreta psikologikoa. Dana dala, momentuz, Aldundiari jagokon arloan “ez da aldaketarik egon”. Etorkizunari begira, hau da, hurrengo legealditik aurrera, lege-aldaketa horrek “beharbada aldaketaren bat egitera behartuko gaitu”. Gaur egun, Osasun Sailak kasuak Aldundira bideratzen jarraitzen dau, eta Aldundiak “ez dau kasurik artatu barik ixten”, esan dau Laespadak.

Kontua da Aldundiak 35 urte daroazala beharrean, 1987tik, indarkeria matxistaren eta tratu txarren biktimei laguntza psikologikoa emoten. Hiru urte iraun dauen gogoeta-aldiaren ostean, Aldundiak tratu txarren profil barrietara egokitutako zerbitzua eskini gura dau, arretea mugatzeko eta ardatz nagusi lez “komunitarioa dana” lantzeko, indarkeria jasan dauen personak “bere ingurutik urten behar ez izateko”. Ganera, orain zerbitzu “deszentralizaua” eskaintzen da, eskualde guztietan dagozan zentroakaz.

EH Bilduk egiten eutsazan galderei erantzunez, Laespadak persona “atoan” artatzea dakarren “preminazko” kasuak zeintzuk diran eta zeintzuk ez zehaztu dau. Lehenengoetan “ez dago itxaron-zerrendarik”. “Beste kasu batzuetan”, kasuren bat hauteman ostean, datuak jaso eta “a posteriori” deitzen jake, “ahalik eta arinen” hitzordua hitzartzeko. Pasetan dan denporea “zero astekoa” izan daiteke Igorreko kasuan, eta “12 astera artekoa” Bilbon.

Oposizinoa kexau egin da, Bizkaiko uriburuan kasu batzuek hainbeste denpora itxaron behar dabelako arretea jasoteko. Ilardiak kasu horreetan “atoan” ez esku-hartzea “erabateko porrota” dala esan dau, eta aurrekontua handitzea eskatu dau, bere taldeak 2023ko aurrekontuei eginiko zuzenketa-eskeen bitartez eskatu eban moduan.

Laespadak errepikau dauenez, “preminazko” kasuetan arretea “berehalakoa” da, eta “ez dago itxaron-zerrendarik”. Arreta psikologikoaren aurrekontuari jagokonez, 2005etik kasuen zenbateko berean hazi da. “bider 2,6 hazi da”. Datorren eguaztenean Gernikan onartuko dan Aurrekontuen Foru Arauaren proiektuan oinarrituta, Emakume eta Esku Hartze zerbitzua “% 8,4” haziko da2023an, 8,2 milioi eurokoa izan arte.