ALDUNDIAK ZIURTATU DAUENEZ ETXERIK BAKO GAZTE ATZERRITARRAK EZ DATOZ ALDUNDIAREN ESKU DAGOZAN ADINBAKOEN ZENTROETATIK
- Teresa Laespada Enplegu, Gizarte Kohesio eta Berdintasunerako diputatua Bizkaiko Batzar Nagusietara etorri da, EH Bilduk eskatuta, onartu barri dan bizitegi-bazterketa larriaren kontrako 2024-2028 II Euskal Estrategia dala-eta.
(Bilbon, 2024ko martiaren 4an). Migrazino-fluxuak Bizkaian gaur egun kalean bizi diran personen “profila aldatzen ari dira”. Hori baieztu dau gaur Teresa Laespada Enplegu, Gizarte Kohesio eta Berdintasunerako diputatuak Bizkaiko Batzar Nagusietan, eta persona horreetatik bostetik bat beste herrialde batzuetatik etorritako gazteak dirala egiaztau dau. Gazte horreen jatorriaren ganean galdetuta, Aldundiko arduradunak ukatu egin dau Aldundiaren programetatik eta zentroetatik datozanik. “Bai, adinbakoen zentroetatik datoz, baina ez Bizkaikoetatik, une honetan ehun plaza doguzalako hutsik”. 2022. urteari jagokonez, etxerik bako gazte horreek “Melillatik etorritakoak” ziran.
Laespadak azpimarratu dauenez, Bizkaia 18 urtetik aurrera arreta programa espezifikorik ez daben Autonomia Erkidegoetako gazteak artatzen ari da. Gure lurraldean, persona horreek, Aldunditik urten eta segiduan, BGDSari eta DSBEari esker bizi ahal izateko diru-sarrerak “ziurtatuta” ditue eta “danek” ostatu-baliabide bategaz urteten dabe. “Balorazinoa egiteko hilebete behar izaten dogu, baina denpora tarte horretan ezin hobeto lekututa dagoz eta ez dagoz babesik barik. Ez dagoz kalean”, berretsi dau.
Foru diputatuak Bizkaiko Batzar Nagusietako Enplegua, Gizarte Kohesinoa eta Bardintasuna sustatzeko Batzordearen agerraldian egin ditu adierazpen horreek. EH Bilduk agerraldi bikotxa eskatu dau –Gizarte Ekintzako eta Enplegu, Gizarte Kohesio eta Berdintasunerako diputatuenak–, joan dan zezeilaren 13an Gobernu Kontsejuan onetsi zan bizitegi-bazterketa larriaren kontrako 2024-2028 II. Euskal Estrategiari buruz berba egiteko. Izaskun Duque talde horretako batzordekideak, hemendik aurrera dokumentu horretara egokitzeko hartuko diran neurriak azaltzeko eskatu deutso Aldundiari.
2022an, “3.380 persona” egozan etxerik barik. Persona kopuru horren bostena gazteak babesteko zentroetatik dator. Hamar urtean, kalean lo egiten daben personen kopurua “bikoiztu” egin da, eta horrek, Duqueren eretxiz, lehenengo estrategia “erabateko porrota” izan dala adierazoten dau. Lehenengo estrategiaren helburua etxebakotasuna “% 20 murriztea” zan, eta hori ez da bete, esan dau Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaiako Ricardo Vaquero batzordekideak. Pablo Gómez-Guadalupe Bizkaiko Talde Popularreko batzordekideak, bere aldetik, kalean lo egiten daben gazteen datuetan oinarrituta, adinbakoak hartzeko foru zerbitzua “ez dala funtzionetan ari” egiaztau dala adierazo dau.
Laespadak azaldu dauenez, lo egiteko lekurik ez daukien personen arazoa “oso kezkagarria” da, eta “ez dauka konponbide errazik”. Arazo “orokorra” da munduan, eta Finlandia da konponbidera gerturatu dan herrialde bakarra, baina “lortu barik”, bertako immigrazino tasea % 7koa baino ez dan eta horretara diru eta baliabide kopuru “handiak” bideratu dituan arren. Gaiak “agintari publiko guztiak kezkatzen ditu”, eta, horregaitik, Jaurlaritzak oraintsu onartu dau Bizkaiak hainbat baliabide erabiliz gauzatu dituan jardunbide eta ekimenetatik edan dauen estrategia hori. Holan, diputatu andreak balioan jarri ditu kalean bizitzera behartuta dagozan personen kopurua murrizteko hainbat eremutatik urtenbideak emoten ari diran Habitat Bizkaia, Haziak, Cota Cero, Gazte On… moduko programak.
Laespadak faltan bota ditu II. Euskal Estrategian “sartu leitekezan eta sartu ez diran” hainbat gai. Lidergoari jagokonez, Gasteizko Jaurlaritzako Etxebizitza Saila konponbidean inpliketea beharrezkoa dala uste dau. Modu berean, uste dau emon jakon genero ikuspegia “ez dala nahikoa”. Eta, azkenik, “personengan gehiago zentrauko dan” arretea eskatu dau, baliabideetan hainbeste zentrau beharrean, bai eta “bere sailak “Housing first” (Habitat Bizkaia) filosofiaren barruan martxan jarri ebana moduko “kasu arrakastatsuak” balioan jartea be.
Diputatu andreak erantzun dauenez, goizegi da estrategia hori kontuan hartuko dauen foru planari buruz berba egiteko, onartu barri dalako, baina aurreratu dauenez, dokumentua “ez da loteslea”, jarraitu beharreko bidea marketan dau, “gure lanaren zati bat” jasoten daben zenbait ekintzaren bitartez (20 neurri eta 30 proiektu bultzatzaile). Estrategiak, etxebizitza, enpleo, osasun, hezkuntza eta zaintzako politiketatik abiauta, “ikuspegi fokal globala” dauen ekitea marketan dau. Helburua, 2028rako, baztertutako persona horreek euren eskubideak ezagutzea eta etxebizitza-aukera baten eskaintza jaso izatea da.