ALDUNDIAK IRAGARRI DAUENEZ, ARRIGORRIAGAKO ADINEKOEN ZENTROAK ASTE HONETAN KONPONDUKO DITU ATZEMANDAKO AZKENENGO AKATSAK

  • Gizarte Ekintza Sailak hainbat ikuskapen egin ditu 122 adineko bizi diran Domus VI Arandia egoitzan araudia beteten dala bermatzeko.
     
  • Sopuertako adinbakoentzako zentroak “9 eta 30 nerabe” artean “emantzipazinorako prestetako gunea” hartuko dau.

 

(Bilbon, 2024ko martxoaren 18an). Bizkaiko Foru Aldundiak espedientea edegi deutso Arrigorriagako Domus VI Arandia egoitzeari, azken hilebeteetan zerbitzuak okerrera egin dauela dinoen egoiliarren familien protestea dala-eta bertako egungo egoerea aztertzeko. Gizarte Ekintza Sailak hainbat ikuskapen egin ditu daborduko, eta zenbait neurri zuzentzaile jarri ditu martxan. Horrez gain, atzemandako akatsak konpontzeko epeak agindu ditu, EH Bilduren ekimenez Bizkaiko Batzar Nagusietan izan dan Amaia Antxustegi Gizarte Ekintzako diputatuak gaur aurreratu dauenez. 

Izaskun Duque EH Bilduko batzordekideak azaldu dauenez, senideen kexak “behargin faltarengaitik, kalidade gitxiko janariarengaitik eta akats tekniko ugariengaitik” izan dira. 122 egoiliarrak “medikurik barik egon dira abendutik zezeilera bitartean”, adierazo dau, senideek helarazotako informazinoan oinarrituta. 

Antxustegik, bere aldetik, azaldu dau Aldundiko Ikuskapen Zerbitzuak hainbat bisita egin dituala zentrora. Abenduaren 15ean egindako ikuskapen horreetako batean akatsak antzeman ziran “logeletako eta bainugeletako txirrinen” funtzionamentuan, baina zentroko zuzendaritzak baieztu dauenez aste honetan bertan konponduko dira. Diputatuak zezeilaren 9an egindako beste ikuskapen bati buruz be egin dau berba. Bertan, “medikuntzako eta erizaintzako gitxieneko ratioa” ez zala beteten ikusi zan, baina Antxustegiren berbetan zentroak daborduko zuzendu dau kontu hori. Janariari jagokonez, diputatuak ukatu egin dau araudia beteten ez danik.  

Diputatuak adierazo dau zentro “guztiak” ikuskapen publikoaren pean dagozala araudia beteten dala bermatzeko, eta “inoiz baino kontrol gehiago” egiten dirala nabarmendu dau. 2023an, “536 ikuskapen” egin jakezan egoitza-zentroei, 2022an baino 19 gehiago. Horreetan, “136” urratze antzeman ziran. Antxustegik jakinarazo dauenez, maiatzean agerraldia egingo dau Batzar Nagusietan, gizarte-zentroen urteko ikuskapen-planaren emaitzen xehetasun gehiago emoteko. 

 

SOPUERTAKO ADINBAKOEN ZENTROA 

Beste alde batetik, eta Sopuertan adinbakoentzako zentro bat edegiteko aukerearen inguruan Bizkaiko Talde Popularrak egindako erantzun-eskeari erantzunez, Antxustegik ez dau xehetasun handirik emon gura izan, “adinbakoaren interes gorena” eta umeak babesteko politika publikoaren barruan “konfidentzialtasun” parametroak dirala eta. Raquel Gonzalez talde popularrak Batzar Nagusietan dauen bozeroalea kexu agertu da zentroaren edegierearen inguruko “sekretismoa” dala-eta. Ahalmenari eta protokoloei buruzko “zalantza asko” dagoz, osasun edo garraio publikoaren arloan “gabeziak” dituan herrian. 

Inoren kargura ez dagozan adinbakoak hartu eta babesteaz arduratzen dan erakundea dan aldetik, diputatuak defendidu egin dau Aldundiak modu orekatuan banatzen dituala zentro horreek Bizkaiko geografian. Eskualde “guztietan” dagoz, bai landa-guneetan, bai hiriguneetan, eta udalerri txikietan eta handietan. 

Antxustegik gogora ekarri dauenez, Aldundiak laguntasun barik dagozan adinbakoen etorrerearen arabera “egokitzen edo birdimentsionetan” dau zerbitzu hori. Une honetan, persona horreen etorrerea “handitzen ari da”, eta horrek “tentsino” handia eragin dau Aldundiko babes-sarean. 

Sopuertako zentroa egoera horren barruan dago. “Aparteko izaerea” dau, esan dau, adinbakoei emoten jaken arretea “diziplina anitzeko taldearen” bidez bermatzeko; izan be, Foru Aldundiak umeak babesteko “obligazinoa” dau. “Ez da aukerea”.

Antxustegik argi itxi dau bere saila Sopuertako Udalagaz hartu-emonetan jarri dala, “lehenengo eskuko informazinoa izan daian”. Sopuertakoa, “emantzipazinorako prestetako zentro” lez deskribidu dau, eta bertan 14 urtetik gorako gazteak dagozala esan dau. “9 eta 30 plaza arteko edukierea daukien, eta une oro hezitzaileak dagozan alkarbizitza-guneak dira”, zehaztu dau.