ALDUNDIAK 2024KO “LEHENENGO LAUHILEKOAN” JARRIKO DAU JENTE AURREAN MENDIEI BURUZKO FORU ARAUAREN PROIEKTUA
- Arantza Atutxa Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko foru diputatuak sektoreko hainbat eragileren aurrean urrian aurkeztutako zirriborroaren laburpena azaldu dau. Bertan, Bizkaiko azalerearen “% 71ren” aprobetxamendua arautzeko testu barriaren ildo nagusiak jasoten dira.
(Bilbon, 2023ko azaroaren 20an). EH Bilduk eskatuta, Arantza Atutxa Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko foru diputatuak agerraldia egin dau Bizkaiko Batzar Nagusietan, orain dala ia 30 urtetik indarrean egon dan araua ordeztu behar dauen foru arauaren proiektua azaltzeko. Bere sailak, “baso, zientzia eta gizarte arloko” eragileakaz hiru bileratan (urriaren 3an, 9an eta 10ean) partekatu eban “zirriborroaren” erradiografia orokorra egin dau Aldundiko arduradunak. Bateratze horren ostean, hurrengo pausua, “2024ko lehenengo lauhilekoan” arauaren aurreproiektua herritarrakaz partekatzea izango da, jente aurrean jarrita, gero behin betiko testua Bizkaiko Batzar Nagusietan izapidetzeko.
Atutxak azaldu dauenez, testu barriak “lau gai edo helburu nagusi” jaso beharko ditu: “plangintzarako tresnak izateko beharra; zerbitzu ekosistemikoen erregulazinoa; ondare naturalaren kontserbazinoa eta erabilera errazionala jagoteko erantzukizuna; eta suteen arloko erregulazinoa”, zehaztu dau.
Aldundiko arduradunak azpimarratu dauenez, arauzko proiektua, “ingurumen arloko erronka barriei aurre egiteko beharrean” eta 1994an Mendiei eta Naturgune Babestuen Administrazinoari buruzko Foru Araua onetsi zanetik onartu diran “lege ugarietara” egokitu beharrean oinarritzen da. Atutxak, Europan, Estaduan edo Euskal Autonomia Erkidegoan naturguneen kudeaketea aldatu daben legezko dozena bat testu aitatu ditu.
Atutxak adierazo dauenez, foru arau barriaren ganean plangintzarako hainbat tresna egituratuko dira, eta tresna horreen oinarria plan sektorialak, basoak antolatzeko artezpideak, eskualdeko planak, mendiak antolatzeko proiektuak edo basoen kudeaketa jasangarriko proiektu teknikoak izango dira. Aldaketen artean, Atutxak suteen prebentzinoa “urte osoan” indartzea azpimarratu dau; gertakari horreek “meteorologiari lotutako larrialdi lez” tratauko dira.
Batzar Nagusietako taldeek azpimarratu dabenez, oso garrantzitsua da zirriborroa izatea dokumentuari ekarpenak egiten hasteko. EH Bilduk penagarritzat jo dau bertan “espezie autoktonoak bultzatzeko neurrien inguruko planik” ez egotea. Hori eskatu zan 2022an onartu zan eta 2025ean amaituko dan eukaliptoaren ganean dagoan luzamendua onartu ostean.
Diputatu andreak erantzun dauenez, arau barrian “planifikazinoaz berba egingo da, eta ez espezieez”. “132.000” hektarea kudeatu behar dira Bizkaian, eta horreetatik “100.000” jaubetza pribaduaren esku dagoz; “gehienak” “batazbeste 5 hektarea” daukiezan jaubeenak dira. Kontuan hartu beharko da “18.000 lanpostu” dagozala jokoan, eta baso sektorea baserritarren eta udalen diru-iturri garrantzitsua dala.
AHOZKO ERANTZUN-ESKEAK
Beste alde batetik, Batzar Nagusietako Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaia taldeak gai honen ganeko erantzun-eskea egin deutso Aldundiari: agintaldirako planak jasoten dauenean oinarrituta, Urdaibaiko Guggenheimen proiektuari jagokonez Foru Erakundeak zein kolektibogaz izan dauen “entzute aktiboa”. Oraingo honetan, Imanol Pradales Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako diputatuak erantzun deutso gai horri, Guggenheim 2 izenekoa eregiteko proiektua urigintzako fasean dagoala esanez. Kulturgunea “lehenengo fase urbanistiko-administratibo luzearen” aurrean dago, eta fase horri oraindino “pausu asko” falta jakoz. Pradalesek adierazo dauenez, fase honetan “gobernantza publikoaren, edegiaren, partaidetuaren eta udalakaz eta herritarrakaz partekatutakoaren printzipioak jarraitzen dira”.
Foru diputatuak azaldu dauenez, bagilaren 13an eragindako udalakaz –Gernika, Murueta eta Forua– sinatutako hitzarmenean oinarrituta, Aldundia inguruko urigintza plana egiten ari da, eta horretarako “36 bilera tekniko egin ditu beste erakunde publiko batzuakaz”. Aldi berean, Gernika-Markinako LPParen aldaketea eta jagokozan ingurumen-izapideak gauzatzen ari dira. Herritarrek alegazinoak aurkeztuta parte hartu ahal izango dabe eztabaidan.
Horrez gain, talde moreak, bizilagun batek irailean salatu ebanez seinale espezifikorik ez daukan Muskizko bigarren mailako errepide batean, La Cadena eta La Rigada artean, hain zuzen be, gertatu dan harrapaketa kopuru handiari buruz galdetu deutso Aldundiari.
Arantza Atutxa Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko diputatu andreak adierazo dauenez, Foru Errepideak Artatzeko Zerbitzuak jasoten dauen informazinoa kontuan izanda, ezbeharrei buruzko datuek ez dabe errepide hori “istripu kopuru handiko tarte lez” hartzera behartzen. Holan balitz, Aldundiak seinale bat instalau beharko leuke bidean, gidariak prebeniduteko. “Ez jagoko”, izan be, tarte horretan bost urtean “6” gertakari izan dira animaliakaz, eta “bakarra animalia handi bategaz”. Seinaleak jarteko araudiaren arabera, animalia handiakaz (orkatzak, basurdeak…) “hiru gertakari edo gehiago” gertatu behar dira.