ORAIN DALA 500 URTE BIZKAIAN FORU BARRIAK IZAN EBAN ERAGIN POLITIKO, SOZIAL ETA KULTURALARI BURUZ EHUK ANTOLATUTAKO UDAKO IKASTAROA IZANGO DA EGUEN HONETAN GERNIKAKO BATZAR ETXEAN

  • Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakariak eta Eva Ferreira García EHUko errektoreak edegiko dabe “XV. eta XVI. mendeen arteko trantsizioa Bizkaian. Politika, lurraldea eta eguneroko bizitza Gernikan eta Bermeon” ikastaroa Bizkaiko Parlamentuan. Lehenengo zatia Parlamentuaren egoitzan egingo da, doan, leku guztiak bete arte. Lehenengo zati hori streaming bidez emongo da Batzar Nagusien webgunearen bitartez https://jjggbizkaia.eus/eu/hasierea
     
  • EHUk eta Batzar Nagusiek alkarregaz antolatutako topaketa horretan, Asier Romero eta Mikel Mancisidor unibersidadeko irakasle eta ikastaroaren arduradun biek, José Ángel Achón Insausti Deustuko Unibersidadeko katedradunak, Elena Llorente EHUko irakasleak eta Gregorio Monreal EHUko katedradunak hartuko dabe parte.
     
  • Monrealek “Fuentes del Derecho Histórico de Bizkaia” bere liburuaren ale bat emango deutso Batzar Nagusietako lehendakariari.

 

(Bilbon, 2023ko garagarrilaren 10ean). Gernikako Batzar Etxeak, EHUk emoten dauen eta Bizkaiko Batzar Nagusiakaz batera antolatu dan “XV. eta XVI. mendeen arteko trantsizioa Bizkaian. Politika, lurraldea eta eguneroko bizitza Gernikan eta Bermeon” Udako Ikastaroaren lehenengo zatia jasoko dau eguen goizean. Ikastaroa Euskal Herriko Museora eroango da egun horretako arratsaldean bertan eta barikuan amaituko da Bermeoko Arrantzale Museoan. Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakariak eta Eva Ferreira Euskal Unibersidade Publikoko errektoreak zabalduko ditue prestakuntza-saio horreek parlamentuan. Unibersidadeko eta unibersidadez kanpoko ikasleei, irakasleei eta profesionalei zuzenduta egongo dira batez be, eta ospe handiko dozena bat adituk hartuko dabe parte.

Bizkaiko parlamentuaren egoitzan, Batzar Nagusietako lehendakariaren eta EHUko errektorearen ondo etorriko berbakaz hasiko da ikastaroa. Ostean bere arduradun biek, Asier Romero (EHU) eta Mikel Mancisidor (Deustuko Unibersidadea) unibersidadeko irakasleek, egingo daben aurkezpena etorriko da. Biek, José Ángel Achón Insausti Deustuko Unibertsidadeko katedradunaren, Elena Llorente EHUko irakaslearen eta Gregorio Monreal EHUko katedradunaren eskutik etorriko diran Udako Ikastaroaren lehenengo hiru berbaldiei bide emongo deutsee. Azken horrek, 2021ean argitaratutako “Fuentes del Derecho Histórico de Bizkaia” liburuaren ale bat emongo deutso Batzar Nagusietako lehendakariari.

Ikastaro osoak orain dala bost mende hasi zan Europako herrien lurralde-antolaketan izandako aldaketa sakonak helduarazo gura deutsez bertaratutakoei. Bizkaiko lurraldeak XV. mendearen amaieran eta XVI. mendearen hasieran Estaduen jaiotzaren eta erneminaren inguruan monarkien indarra bateratuz Europan sortzen ari zan errealidade politiko barriaren aurrean zelan erreakzionau eban eta birkokatu zan. Toki eremura eroanda, baina une haren garrantzi globala galdu barik, une hori Gernika eta Bermeo urietan eta, hedaduraz, Bizkaia osoan bizi izan zan moduan sakonduko da. Udako ikastaroak iraungo dauen egun bietan zehar, hizlari taldeak ondare historikoaren zabalkundean lan egitearen garrantzia be azpimarratuko dau, tokiko eta eskualdeko historia ezagutzeko eta ondare hori hezkuntzaren esparrura eroateko.

Udako Ikastaro hau, igaz Ercillatarren familia bere testuinguru historikoan aztertu eban ikastaroaren jarraipena da, eta oraingo honetan lurraldearen foru nortasunaren garrantzia –politikoa, soziala eta kulturala–, gure nortasun politikoa eta juridikoa marketan jarraitzen dauen Bizkaiko historiako une garrantzitsuenetako batean aztertuko dau. Indar barriak gauzatzeko unea izan zan, Foru Zaharra (1452) Foru Barria edo Erreformaua (1526) izenaz ezagutu zan haretara egokituz. Hiru urte barru, hain zuzen be, 500 urte beteko dira garai haretako Bizkaiko gizartearentzat eta lurraldearen bilakaerarentzat garrantzi handikoa zan testu juridiko hori onartu zanetik.