ENKARTERRI BIZIRIK ALKARTEAK ESKUALDEKO PROIEKTU EOLIKOAK GELDITZEKO ESKATU DAU BIZKAIKO BATZAR NAGUSIETAN

  • Eskaeretarako eta Herritarrakazko Hartu-emonetarako batzordean alkarte horretako bozeroaleek Enkarterriko mendietan aurkeztu diran 8 proiektu handien aurreko gaitzespena adierazo dabe.
     
  • Batzorde berean, Las Carreraseko Stop Saihesbidea Plataformak eskaria egin deutso Aldundiari, auzokideakaz batera BI-734 errepidean proiektautako bidearen alternatibak bilatu daizan.

 

(Bilbon, 2024ko bagilaren 14an). Bizkaiko Batzar Nagusietako Eskaeretarako eta Herritarrakazko Hartu-emonetarako batzordea gaur goizean batzartu da, lurraldeko auzo alkarte biren eskaerei erantzuteko. Alde batetik, Enkarterri Bizirik alkarteak hainbat konpainiak eskualderako planteau dituen proiektu eolikoak gelditzea eskatu dau. Eta, bestetik, Las Carreraseko Stop Saihesbidea Plataformak BI-734 errepidearen saihesbidea egiteko beste aukera bat aztertzeko eskatu dau. 

Enkarterri Bizirik alkarteko bozeroaleek “energia eolikoaren kontra ez dagozala” esanez hasi dabe agerraldia, baina bai Enkarterriko mendi eta kordadetan “eskala handian” marrazten diran proiektu handien kontra, izan be “oinarrizkoena falta dabe, herritarren babesa” esan dau Jesús Angel Belmonte Barrenecheak. Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektoriala (LPS) geldirik dagoan arren, daborduko 8 proiektu eoliko edo fotovoltaiko handi jarri dira mahai gainean, eta plan horrek hautatutako 13 eremu eoliko be planteetan ditu. Alkarte horren berbetan, “Enkarterriko ia udal guztien gaitzespena” daukien planek “eskualde horretako gailur eta kordada gehienak” hartuko leukiez.

Energia-plangintza horren eragozpenek, Joseba Andoni Llaguno Hurtadoaren berbetan, honeek eragingo leukiez: “paisajearen industrializazinoa; hegaztien migrazinoen aurreko hesi-efektua; landa-eremu zabalen zementazinoa eta trinkotzea; lurzoruen eta etxebizitzen balioaren galerea; eta ingurunearen zaintzeagaz eta kontserbazinoagaz bateragarriak diran beste garapen-bide batzuk deuseztatzen dituan paisaje- eta ingurumen-inpaktua”.

Enkarterri Bizirik alkarteak eskaerea egin deutse Bizkaiko Batzar Nagusiei, gai honeen inguruko euren jarrerea azaldu daien: “aurretiazko administrazino-baimenak eta ingurumenaren ganeko eraginaren azterlanak geldiarazotea; natura-, paisaje- eta lurralde-ondarea babesteagaz bateragarriak ez diran proiektuak ez onartzea; LAPean izapidetzeko kontrako txostena emon jaken baina administrazino-izapideagaz jarraitzen daben proiektuak, Artzentales-Sopuerta parke eolikoa, adibidez, ez onartzea; eta LAPean sartzen ez diran proiektuak eragoztea”.

Alkarteak, ganera, “inplikautako eragile guztien artean (eragile sozial eta politikoak) ahalik eta adostasun zabalena lortu daiala, gehienok eroso sentiduko garan Energia Barriztagarrien Lurralde Plan Sektoriala lortzeko, klima-aldaketaren ondorioak murrizteko eta arintzeko helburu bakarragaz, kapitalaren negozio lez ez ikusteko” eskatu deutso Eusko Jaurlaritzari.

 

LAS CARRERASEKO SAIHESBIDEA

Beste alde batetik, Las Carreraseko Stop Saihesbidea plataformako kideek parte hartzeko prozesua eskatu dabe, Las Carrerasen saihesbidea eregiteko Aldundiak aurkeztu dauen hasierako proposamenaren aurrean beste alternatiba batzuk baloretako. Itxaso Etxegarai de La Cruz talde horretako bozeroalearen berbetan Foru Aldundiko Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko Sailaren oneretxirik jaso ez dauen proposamen horrek puntu batzuetan lurraren gainetik “14 metro arte” altxetan dan eta futbol zelaiaren inguruan “50 metroko” zabalera marrazten dauen kilometro biko bide alternatiboa planteetan dau. 

Plataforma proiektuaren kontra agertu da, hainbat errazoirengaitik, eta 8 alegazio be aurkeztu ditu. Lehenik eta behin, auzoa hiru zatitan zatitzen dauela uste dau. San Pedro, Murrieta eta Revilla isolatuta geratuko dira eta bertako bizilagunak, “gehienak adinekoak”, “kilometro eta erdiko” itzulingurua egin beharko dabe erdigunera heltzeko. 

Eregiten bada, “konektibidade ekologikoaren galera” ekarriko dau. Fauna ezin izango da mobidu Zierbenaren eta Meatzaldeko paisaia dagoan hegoaldeko eremuaren artean. Ganera, eraikuntzak eragin handia izango dau historiaren eta kulturaren ikuspegitik. Inguru horreetan izan zan II. Karlistaldiko Somorrostroko gudua. Meatzaritza Museoak berak inguru hori Kultur Intereseko Ondasun izendatzeko eskatu dau, hobi komunak egotearen “erreferentziak” dagozalako. 

Eta, azkenik, errepidea egitearen kontra azaltzen dira “landazabal atlantikoaren paisaia kaltetuko dalako” eta, zehatzago, babestutako espezie bi arriskuan jarriko diralako: usapal arrunta eta bisoi europarra. Ganera, lurzoru urbanizagarria erabiliko da, eta horrek auzoaren beraren garapena hipotekauko dau. 

Batzar Nagusietako taldeei lankidetza eskatu eta saihesbidearen diseinuan parte hartzeko aukerea euki ostean, alternatiba bi jarri ditue mahai gainean: “zero” aukerea, hau da, errepiderik ez egitea; edo, bestela, egungo Bi-734 errepidearen alternatiba “lurperatua” eregitea. Taldearen eretxiz 2.000 biztanle inguru dituan Abanto Zierbenako auzo horrek euren eskariak kontuan hartzea merezi dau, “kalte metagarria” jasaten dauelako, azpiestazino elektriko bi, Petronor, trenbide bat, Bi-734 errepidea bera eta Parke Teknologiko barria bertan dagoz-eta.