EUSKADIKO ILUSTRATZAILEEN ALKARTEAK BIZKAIKO BATZAR NAGUSIETAN EGINGO DAN ERAKUSKETEAGAZ OSPATUKO DITU BERE 20 URTEAK
- Irailaren 7tik 28ra bitartean, Bizkaiko Batzar Nagusietako Erakusketa Aretoak “EUSKAL IRUDIGILEAK 20 URTE” erakusketea jasoko dau. Erakusketa horrek, 173 lan indibidualen bidez, ilustrazinoak Euskadin mende honetan izan dauen bilakaerea, mailea eta garrantzia erakusten ditu.
- Erakusketea egongo da zabalik 8:00etatik 20:00etara, astelehenetik barikura.
(Bilbon, 2023ko irailaren 7an) Irailaren 28ra arte, Bilboko Bizkaiko Batzar Nagusietako Erakusketa Aretoak, bere ibilpidea orain dala 20 urte hasi eban Euskal Irudigileak Ilustratzaileen Alkarteko kideek egindako 173 artelanez –horreetako ia berrogeta hamar jatorrizkoak– osotutako bilduma grafikoa batu dau.
Bizkaiko Batzar Nagusien, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren lankidetzea dauen “EUSKAL IRUDIGILEAK 20 URTE” erakusketeak talde horretako kide bakotxaren lan bat batzen dau, azken hamarkada bietan profesional horreek euren lana egin daben arloen begirada orokorra eskeiniz.
Sorkuntza lan garrantzitsu hori bultzatzeko, kolektiboko kide ugariez eta erakundeko arduradun ohiez gain, María Altuna gaur egungo presidentea buru dala, Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakaria, Begoña Ibarra Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura zuzendaria eta Aitziber Atorrasagasti Eusko Jaurlaritzako Kulturaren Sustapeneko zuzendaria egon dira gaur erakusketaren aurkezpen-ekitaldian. Bizkaiko Batzar Nagusiek euren erakusketa aretoa laga dabe, sarritan euren lana “ikusiezin” izaten dan “jenio” horreen lana erakusteko”, gogora ekarri dau Otaduik.
Aurton eta datorren urtean Donostiara, Guadalajarara (Mexiko), Gasteizera eta Iruñera eroango dan erakusketa ibiltariaren helburuak honeek dira: ilustratzaileen lana ezagutarazotea; artisten belaunaldi desbardinentzako topagune izatea; eta sektorearen indarra azpimarratzea, toki-, nazino- eta nazinoarte-mailan. Erakusketeak, ganera, sektorea osotzen daben ahotsen aniztasuna erakutsi gura dau, protagonistak anonimotasunetik ateraz, eta euren sorkuntza-lanak egokitzen ari diran sormen-eremuak azalduz. Horren bidez, alkarteak bere 20 urteetan izan dituan mugarriak eta sektoreak bizi izan dituan aldaketa nagusiak azaldu gura dira.
Erakusketea aukera ona da Euskadin dagoan talentua ezagutzeko. Izan be, hainbat errazoi dirala medio, ikusleek ez dabe talentu hori ikusteko aukerarik izan. Holan, argitaletxeen munduak interesa biztu eta egileengan arretea jarten dauen bitartean, badagoz lan hori egiten dauenaren lana kontsumitzailearen begietatik ezkutauta dagoan ilustrazinoaren beste eremu batzuk. Erakusketa honegaz hutsune hori bete eta sortzaileei izena jarri gura jake. Horregaitik, erakusketa hau osotzen daben elementuetako batzuk Euskal Irudigileak alkarteko kideen autoerretratuakaz harilkatuta dagoz.
Urteurren honetan, alkarteko presidente guztiek kolektiboaren historia errepasetan daben liburua argitaratu da. Eta protagonisten eretxiak ezagutu daitekezan hiru saiotan banatuta podcast-a egin da.