LEGEALDI DESBARDINETAKO ETA TALDE POLITIKO GUZTIETAKO EMAKUME BATZARKIDEEK BARDINTASUNARI BURUZKO ESPERIENTZIAK PARTEKATU DITUE “WORLD CAFÉ” BATEAN

  • Bizkaiko Batzar Nagusietako II. Bardintasun Planeko ekintzen barruan dagoan ekimen horretan 20 emakume batzarkidek baino gehiagok hartu dabe parte.
     
  • Planak urtean 65 hobekuntza-ekintza jasoten ditu 2025era arte.


(Bilbon, 2023ko urtarrilaren 11n). Batzar Nagusietan oraingo agintaldian zein aurrekoetan batzarkide izandako hainbat emakumezko, danetariko sentsibilitate politikoetakoak, alkartu dira gaur bardintasunari buruzko esperientziak partekatzeko, II. Bardintasun Planaren barruan Bizkaiko Batzar Nagusiek antolatu daben lehenengo “World café” dalakoan. 

1995etik aurrera (V. Agintaldia) Bizkaiko Batzar Nagusietan izan diran euskal talde politiko nagusietako (EAJ-PNV, EH Bildu, PSE-EE, Podemos eta PP) batzakide izandako hogei emakume inguru bildu dira Foru parlamentuaren Bilboko egoitzako batzordeen aretoan. Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakariak egin deutsien agurragaz hasi da ekitaldia.

Bizkaiko Batzar Nagusien azken ia 30 urteotako ibilbide politikoan emakume batzarkide horreek izandako esperientziari buruzko informazinoa jasotea izan da saioaren helburua. Emakume politikari horreek euren batzarkide ibilbidean izandako bizipen ugari entzun dira Bizkaiko Batzar Nagusietako bardintasun-taldeak atondutako ezabaida mahaietan. Hizpide izan dira, esaterako, gertatu diran aldaketak eta mugarri nagusiak, aldaketa horreek ahalbidetu ebezan elementuak, bidean aurkitutako oztopoak eta bardintasunaren arloan oraindino bizirik jarraitzen daben erronkak. Horreek guztiak balioko dabe gero eta parlamentu bardinagoa lortzeko ahaleginean hobekuntza-jarraibide barriak sartzeko.

2022-2025 aldirako Emakumeen eta Gizonen Bardintasunerako II. Plana aho batez onartu zan igazko urtarrilean. Dokumentuan, lehen plana indarrean egoala erakundean egiten ziran bardintasunaren arloko jardunbide egokiakaz jarraitzera eta ekintza barriak sartzera bideratutako estrategiak jasoten dira. Ekintza barri horreen artean, gaur Bilbon izan dan “World Café” dalakoa sartu zan.

Bizkaiko Batzar Nagusietako II. Bardintasun Plan horrek hobetzeko 22 helburu eta 65 ekintza jasoten ditu, hiru jarduketa eremutan (Gobernu Ona, Komunikazinoa eta Gizarte Eragina) eta zortzi ildo estrategikotan banatuta. Ildo horreen artean, besteak beste, genero-ikuspegiaren integrazinoa, bardintasun ikutua izango dauen beharginen kudeaketea, komunikazinoa, emakumeen ahalduntzea, indarkeria matxistaren kontrako burrukea eta zainketen aintzatespena sartzen dira.