SENTSIBILIDADE POLITIKO DESBARDINETAKO EMAKUME BATZARKIDEEK BARDINTASUNARI BURUZKO ESPERIENTZIAK PARTEKATUKO DITUE BIZKAIKO BATZAR NAGUSIETAN

  • Bizkaiko Batzar Nagusietako bardintasun taldea talde politiko gehienetako emakume batzarkideakaz alkartuko da, “Alkarrizketak Bardintasunean” izeneko gunean, bardintasunaren arloan egin diran aurrerapenetan sakontzeko.
     
  • Jardunaldia 2025era arte urtean hobetzeko 65 ekintza jasoten dituan Batzar Nagusietako II. Bardintasun Planaren barruan dago.

 

(Bilbon, 2023ko martiaren 10ean). Bizkaiko Batzar Nagusietako II. Bardintasun Planaren barruan, “Alkarrizketak Bardintasunean” ekimenaren, Foru parlamentuan gizonen eta emakumeen arteko aukera-bardintasunari buruzko barne-eztabaidarako foro edegiaren, azkenengo hitzordua egin da gaur. Gaurko helburua aurrerapenei, oztopoei eta erronkei buruz berba egiteko aurreko hitzordu batean “World Café” baten inguruan alkartu ziran legegintzaldi desbardinetako emakume batzarkideen esperientziak bateratzea zan. 

Gaur Foru parlamentuaren Bilboko egoitzan egin dan hitzorduan sentsibilidade politiko desbardinetako emakume batzarkideek hartu dabe parte. Ana Berta Campo Prieto (PSE-EE), Naia Landa Bilbao (EAJ-PNV), Izaskun Duque Santacoloma (EH Bildu) eta Eva Cabornero Alor (Elkarrekin Podemos) izan dira aurreko bilerako ondorioak aurkeztu dituenak, euren eta azken bost legealdietan Batzar Nagusietan jarlekua izan daben kide ohien gogoetak partekatuz. Saioan argi geratu da emakumeak politikan izan behar dauen zeregin garrantzitsua eta erakunde publikoek emakumeen eskubideen alde egiten jarraitu behar dabela aurrerapen horreek sendotzeko.

Hamahiru emakume batzarkide ohik esperientziak partekatzeko eta azkenengo hamarkadetan Bizkaiko Batzar Nagusietatik bultzatu diran bardintasunerako politika publikoak laburtzeko aukerea izan eben urtarrileko bileran. Zer mugarri eta lorpen izan ziran, bardintasunaren arloan oraindino hor dagozan oztopo eta erronka nagusiak, izan ziran eztabaida-mahaietan landutako gaiak.

Bilera ha eta gaurkoa Bizkaiko Batzar Nagusietako II. Bardintasun Planean jasoten dan kontraste fasearen parte dira, 2022ko martian Bardintasunerako Euskal Legean izandako aldaketearen testuinguruan. Gaur atera diran ondorioak foru ibilbide-orri horretan hobekuntzarako jarraibide barriak sartzeko oinarri izango dira, gero eta bardintasunezkoagoa izango dan parlamentua eta gizartea eregiteko asmoan.

2022-2025 aldirako Emakumeen eta Gizonen Bardintasunerako II. Plana aho batez onartu zan igazko urtarrilean. Dokumentuan lehen plana indarrean egoala erakundean egiten ziran bardintasunaren arloko jardunbide egokiakaz jarraitzera eta ekintza barriak sartzera bideratutako estrategiak jasoten dira. Ekintza barri horreen artean, gaur Bilbon izan dan bilera dalakoa sartu zan.

Bizkaiko Batzar Nagusietako II. Bardintasun Plan horrek hobetzeko 22 helburu eta 65 ekintza jasoten ditu, hiru jarduketa eremutan (Gobernu Ona, Komunikazinoa eta Gizarte Eragina) eta zortzi ildo estrategikotan banatuta. Ildo horreen artean, besteak beste, genero-ikuspegiaren integrazinoa, bardintasun ikutua izango dauen beharginen kudeaketea, komunikazinoa, emakumeen ahalduntzea, indarkeria matxistaren kontrako burrukea eta zainketen aintzatespena sartzen dira.