HERRI KONTUEN EUSKAL EPAITEGIAK “NAHIKO ERETXI POSITIBOA” DAU BIZKAIKO LURRALDE HISTORIKOKO 2021EKO EKITALDIKO KONTUEN INGURUAN

  • José Ángel Quintanilla erakundeko presidenteordeak Bizkaiko Batzar Nagusietan egin dauen ohiko agerraldian azpimarratu dauenez, 2021. urteari buruzko txostena, pandemiak markautako urtea izan arren, aurreko ekitaldietakoaren “antzekoa” da.
     
  • “6 ez-betete” egon arren, Aldundiak “errazoiz” bete dau bere jarduera ekonomiko-finantzarioa arautzen dauen legedia.

 

(Bilbon, 2024ko urtarrilaren 23an). Herri Kontuen Euskal Epaitegia (HKEE) Bizkaiko Batzar Nagusien aurrera etorri da gaur, Bizkaiko Parlamentuak eskatuta, 2021eko ekitaldiari jagokon Bizkaiko Lurralde Historikoko Kontu Orokorraren Fiskalizazino Txostena azaltzeko. Bizkaiko Batzar Nagusietako Ogasun eta Finantzetako batzordean egindako agerraldian adierazo danez, Epaitegiak urte horretako Kontuen inguruko “nahiko eretxi positiboa” dau. 

Lurralde Historikoko kontuek, “alderdi esanguratsu guztietan, 2021eko ekitaldiko jarduera ekonomikoa, abenduaren 31ko ondarearen eta egoera finantzarioaren irudi leiala eta bere eragiketen eta eskudiru-fluxuen emaitzak” erakusten ditue, esan dau José Ángel Quintanilla erakundeko presidenteordeak.

Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren Kontsejuak zemendian aho batez onartutako txostenean, Lurralde Historikoko soziedadeen eta kontuen jarduera ekonomikoa eta finantzarioa arautzen dauen legezkotasuna beteteari buruzko eretxia emoten da, eta, ohikoa dan lez, “salbuespenak” eta beste gogoeta batzuk be jasoten dira. Txostenak honeek jasoten ditu: aurrekontuaren azterlana, zorpetzea, finantza-eragiketak, beharginak, obren kontratazinoa, zerbitzuak eta hornidurak, dirulaguntzak eta zuzenbide publikoko diru-sarrerak, kontabilidade-alderdiak eta Aldundiaren, GUFEren eta merkataritza-soziedade eta fundazinoen artean hogei foru-erakunde baino gehiagoren kontuen finantza-azterketea.

Quintanillak azaldu dauenez, administrazino-kontratazinoko 44 espediente berrikusi dira, 2021ean formalizautako 19, eta horreetatik 3 esparru-akordioak dira. Horrez gain, GUFEren 7 espediente, foru enpresen sektore publikoko 26 espediente eta hainbat hitzarmen eta diru-laguntza aztertu dira. Epaimahaiko presidenteordeak adierazo dauenez, salbuespenen atalean txostenak “6 ez-betete” jasoten ditu, baina horrek ez dau esan gura Foru Aldundiak “errazoiz” bete ez dauenik bere jarduera ekonomiko-finantzarioa arautzen dauen legedia.

Dozena erdi ez-betete horreek Aldundiari jagokozan salbuespen biri jagokez, kontratazino-organuak hasteko emondako agindurik barik 3,2 milioiko aurrekontua gauzatzeagaitik eta, beste bat amaitutako 262.000 euroko kontratua preminea errazoitu barik luzatzeagaitik. Beste alde batetik, Euskalduna Jauregia salbuespena da, lan-kontratu bi mugabako bihurtu ditualako. Foru Sektore Publikoko hiru erakundek luzagarriak ez ziran mugaeguneratutako 450.000 euroko kontratuakaz jarraitu eben. Bizkaikoak, Basalanek eta Garbikerrek 339.000 euro kontratau ebezan publizidaderik eta lehiarik barik. Eta, azkenik, epaitegiak kargu hartu eutsan Bicaytik Fundazinoari, kontratazino-organu eskudunak esleitu ez eban kontratu bat 968.000 euroren truke gauzatzeagaitik.

HKEEko presidenteordeak adierazo dauenez, Aldundiak 37 alegazino egin ebazan eta epaitegiak Garbikerri buruzko alegazio bakarra onartu eban. “Orokorrean”, Aldundia epaitegiak txosten horreetan egiten dituan erespideak jasoten ari da.

 

BATZAR NAGUSIETAKO TALDEAK

Hasiera batean Epaitegiko arduradunak Bizkaiko Batzar Nagusietan egotea eskatu eban EH Bildu taldea arduratuta agertu da, ez betete batzuk “behin eta barriro” egiten diralako, eta horrek zalantzan jarten dauelako kontratazinoetan beharrezkoa dan “bardintasuna”. Arantza Sarasola batzordekideak plaza sozio-sanitarioak kontratetako preminazko prozedurearen erabilerea edo animalien gorpuen kudeaketa integrala aitatu ditu. Bere eretxiz, errepikakorrak dira, baita be, esleipen batzuetan publizidade eta lehia printzipioak errespetetan ez dituen Garbikerren eta Basalanen ez-beteteak. Modu berean, GUFEren edo Bizkaitik erakundearen hitzarmenen luzapenean ez-beteteak hauteman dira, edo ez da kontuan hartu Gaikuntza eta Bizkaikoaren izaera juridikoan izandako desadostasuna.

Diego Pagadigorria Bizkaiko Talde Popularreko batzordekideak, Epaitegiak espedienteak aukeratzeko erabilten dituan erespideen ganeko interesa agertu dau, eta zehaztasun handiagoa eskatu deutse epaitegiko arduradunei, Aldundiaren etorkizuneko gastu-konpromisoen, Diruzaintzako gerakinaren eta zorretan dagoan “benetako” kopuruaren ganean.

Eneritz de Madariaga Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaiako bozeroalea, bere aldetik, arduratuta agertu da, Epaitegiak aitatzen dituan gai batzuk urtero errepiketan diralako, eta egoera hori “bideratzeko” pausuak emon diran ala ez jakin gura izan dau.

Foru Gobernuari eusten deutsien talde biek txostenaren emaitza “positiboa” azpimarratu dabe, eta Epaitegiko ordezkarien azalpenak eskertu ditue. José Alberto Álvarezek (Euskal Sozialistak) adierazo dauenez, Aldundiak “errazoiz” bete dau legezkotasunaren arloan, are gehiago kudeaketea pandemia garaian egin zala kontuan izanda. Txostena “argia, fidagarria eta egiazkoa” dala esan dau.

Eta Unai Lerma jeltzaleak Epaitegiak Lurraldeko Kontuei jagokenez atera dituan ondorio “fidagarriak” azpimarratu ditu, eta gero eta “salbuespen gitxiago” sortzen dirala eta hori kontrol sistemak hobetzen diran seinale dala nabarmendu dau.