REMENTERIAREN BERBETAN, BIZKAIAN GJH-EI LOTUAGO EGONGO DAN FISKALIDADEA GARATZEKO EGIN DAN LANA “LAGUNGARRI IZANGO DA” HURRENGO ZERGA-ERREFORMEA ZEHAZTEKO
- Ahaldun Nagusiak Bizkaiko Batzar Nagusien kontroleko osokoan adierazo dauenez, fiskalitatea Garapen Jasangarrirako Helburuak (GJH) lortzeko bultzada lez erabilteko diseinau dan “Biscay Model”, Euskadiko Zerga Koordinazinorako Organuaren esku dago, eta bertan bateratu behar da hiru foru ogasunen etorkizuneko zerga sistemea.
- Gernikako Batzar Etxeak legealdiko azkenaurreko kontrolerako saioa hartu dau gaur, eta bertan oposizinoak etorkizuneko erreforma fiskalaren, Bilboko AHTaren finantziazinoaren eta garraio publikoaren erabilerea bultzatzeko neurrien inguruko itaunak egin deutsaz Foru Gobernuari, beste gai batzuen artean.
(Gernikan, 2023ko zezeilaren 15ean). Gernikako Batzar Etxeak Bizkaiko Batzar Nagusietako agintaldiko kontrolerako azkenaurreko osokoa jaso dau gaur. Hiru ordu baino gehiagoz luzatu dan saioan, oposizinoak bost aldiz itaundu deutso Aldundiari, eta eguneko gai zerrendan egon diran ahozko beste sei erantzun-eske gehitu jakoz horri. Gai horreetako batean, Unai Rementeria Ahaldun Nagusiak, bere Gobernuak University College Londoneko (UCL) Mariana Mazzucato irakasleagaz egin dauen beharra defendidu dau. Lan hori EAJ-PNVk eta PSE-EEk iragarritako eta Euskadiko Zerga Koordinazinorako Organuan (EZKO) gordailututako hurrengo erreforma fiskala “definiduteko” “lagungarri” izango dan “Biscay Model” ereduaren ingurukoa izan da.
Unai Rementeria ados agertu da Foru Gobernua eusten daben alderdi biek oraintsu egin daben iragarpenagaz. Bertan zehaztutakoaren terminoak eta egokitasuna “oso zuzenak eta egokiak dira” esan dau erreforma fiskala egiteko asmoei buruzko “balorazinoa” eskatu deutsan Elkarrekin Bizkaia taldeari erantzunez. Ahaldun nagusiak erantzun dauenez, “zertarako bat daukagunean egin behar da hori, eta ez ezelango helbururik ez dagoanean”, eta sistema “zuzenaren, bidezkoaren eta progresiboaren” printzipioen arabera egin ziran 2013ko eta 2018ko erreforma fiskal bien ondorioz gaur egun indarrean dagoan fiskalitatea defendidu dau. Bizkaiko zerga-sistemak krisi ekonomiko “garrantzitsu” bi, osasun-krisi bat eta Europa barruko gerra bat jasan ditu eta, halanda be, “oso ibilbide garrantzitsua” izan dau zenbakitan.
Rementeriak azpimarratu dauenez, Bizkaian diru-bilketak “% 40” egin dau gora 2015etik, urte horretan “7.524 milioi” izatetik, 2019an “9.237 milioira” eta 2022an “10.495,8 milioi” izatera pasauz. Bere berbetan, erreformak garai haretan beharrezkoak ziran baldintzak bete ebazan, hau da, “diru-bilketea bermatzea, kalidadeko zerbitzu publikoak izateko eta, aldi berean, jarduera ekonomikoaren lehiakortasunari eta kalidadeko enpleoa sortzeari laguntzeko”. Eta Bizkay Model izenekoak, bere eretxiz, printzipio horreek beteten ditu, “baina, ganera, egokia da Bizkaiak abiarazotako trantsizinoetan egon behar diran GJHak beteteko.”
EH Bilduk be gai berarengaitik itaundu deutso Gobernuari, joan dan abenduaren 13an onartutako 2023ko Foru Arau Planean ez zalako jasoten Batzar Nagusietan onartu behar dan eta OCTEn harmonizau behar dan “beharrezko” erreforma hori. Arantza Urkaregi batzarkideak 2013ko eta 2018ko erreformen balantzearen inguruan eta aldaketa horreek 2024. urtean indarrean sartuko diran ala ez galdetu dau. EH Bilduko batzarkideak ikutuko diran zergen progresibidadearen ganeko argibideak eskatu ditu, Soziedadeen eta Ondarearen Zergak aitatuz, eta ez bakarrik PFEZaren zergea.
Kasu horretan, José María Iruarrizaga Ogasun eta Finantzetako diputatuak 2023a hauteskunde urtea dala ekarri dau gogora, eta arauzko planean erreformarako proposamen bat sartzea Batzar Nagusienganako “errespetu faltea” izango litzatekela esan dau. Aldundiko arduradunak aurreratu dauenez, azken erreformen balantzea “positiboa” da, “imajinau be ezin genduzan” erronkei, pandemiari, adibidez, erantzuteko aukerea emon deuskuelako. Igaz “inoiz baino diru gehiago batu zala” azpimarratu dau, Bizkaiak “zerga-sistemarik onena ez daukala” eta, beraz, “etorkizuneko beharretara eta erronka barrietara egokitzen joan behar dala” jakinda.
Iruarrizagak adierazo dauenez, aurreikuspenak beteten badira Euskadiko Zerga Koordinazinorako Organuak “datozan hilebeteetan” aurkeztuko dau erreforma fiskal bien balantzea, eta hauteskundeen ostean beste agertoki bat zabalduko da, Bizkaiko zerga sisteman aldaketak planteau daitezan. Batzar Nausietako taldeen “bizkortasunaren” esku egongo da 2024. urtean indarrean sartzea, baina gatx ikusten dau garrantzi horretako arau bat onartzeko Batzar Nagusietan behar dan izapidea kontuan izanda.
Erreforman sartuko diran aldaketei jagokenez, “gure arautzeko ahalmenen barruan dagozan zerga zuzenetan jardun ahal izango dogu”. EH Bilduk Soziedadeen ganeko Zergan planteetan eban progresibidade handiagoari jagokonez, progresibidade hori “zerga sistema osorako” begiratu behar dala esan dau, foru kutxen finantza arloko nahikotasunari laguntzeko.
Eneritz de Madariaga Elkarrekin Bizkaia taldeko bozeroalearen eretxiz, erreforma fiskalaren iragarpena “gauza serioa eta eukia daukana izan beharrean, hauteskundeetako iragarpena da”, eta Ahaldun Nagusiaren eta Batzar Nagusiaren aurreko “zelanbaiteko alborapena” ikusten dabela esan dau.
BASOEN KUDEAKETA JASANGARRIA
Beste alde batetik, Iratxe Arriola EH Bilduko batzarkideak igazko apirilean onartu zan eta bere eretxiz eukaliptoaren luzamenduari lotuta egoan Mendiei buruzko Foru Arauaren barrikuspenari buruz galdetu dau. Aldundiak ez dau “oraindino” hori aurkeztu. Horrez gain, koalizino abertzalearen interesa Foru Gobernuak basoen kudeaketa jasangarrirako ereduei buruz azaroaren 15ean eta 16an egin ebazan jardunaldien inguruan Aldundiak egiten dauen irakurketea edo higadura handiak saihesteko eta lurzorua kontserbetako hartuko dituan neurriak ezagutzean zentrau da.
Amaia Antxustegi Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala zaintzeko diputatu andreak erantzun dauenez, bere saila prestau dan dokumentua egiaztetan ari da horretarako laguntza teknikoa erabilita. Hurrengo pausua “kontsulten eta entzunaldi publikoaren prozedurara bideratzea” izango da. Arauak, “29 urte” martxan daroazan beste bat ordeztuko dau eta, beraz, ez dau “arin eta arineketan” egitea merezidu. Jardunaldiei jagokenez, Aldundiko arduradunak adierazo dauenez, adituen saio horreetan “azaldu ziran eredu guztiak sartzen dira” Bizkaian, “produkzinoaren kudeaketatik hasi eta kontserbazinoaren kudeaketaraino”, “ingurumenaren, ekonomiaren eta gizartearen orekeari” eutsi behar jakola kontuan izanda.
Antxustegik esan dauenez, azken urteetako emaitzek foru politikak bermatzen ditue, azken urteotan lurraldeko baso masea handitzea lortu dalako. Gaur egun, zugatzez betetako azaleraren “% 60 inguru” basoa da, eta datu hori “Europako batez bestekoaren oso gainetik dago”.
BILBOKO AHT-REN FINANTZAKETEA
Eduardo Andrade Talde Berezia-PP Bizkaiako bozeroaleak, bere aldetik, Gobernu bera Abiadura Handiko Trenaren Bilboko sarreraren finantziazinoan sartu izanaren ganean itaundu deutso Foru Gobernuari, eta “etorkizunerako erronka handi” hori Aldundiak ekonomikoki babestuko ete dauen inguruan bere eretxia emon daiala eskatu deutso Ahaldun Nagusiari, Aldundiko agintariak berak adierazi ebana kontuan izanda. Popularren eretxiz, Aldundia “atoan” inplikau behar da proiektu horretan.
Unai Rementeriak Batzar Nagusietako talde beraren beste itaun bati orain 8 hilebete emondako “erantzun bera” errepikau dau. Aldundiak behar diran eraikuntza proiektuak ezagutu eta gero zehaztuko dau bere partaidetzea. Proiektu horreetan emongo da diru-partiden barri. “Orduan” “hartu beharko dau Aldundiak proiektu horretan parte hartzeari buruzko erabagia”, esan dau, Foru Gobernuak “trenbide eta hirigintza arloan eskumenik ez dauela” gogora ekarri eta gero.
Rementeriak PP taldeari aurpegiratu deutso talde horrek 2019ko hauteskunde kanpainan esaten ebanaren eta orain esaten dauenaren artean “jarrera aldaketea egon dala”. Garai haretan, Aldundiak AHTn parte hartzeari “ezezko biribila” adierazo eben. Jarrera hori proiektua mahai ganean jarri zanetik aldatu ez dan Aldundiak berak izandako jarrerearen kontrakoa da.
“40 MILIOI GEHIAGO” ENPRESENTZAKO ZUZENEKO LAGUNTZETAN 2020AN ETA 2021EAN
Elkarrekin Bizkaia taldeak planteautako goizeko laugarren Itaunak zalantzan jarten eban Ekonomia Sustatzeko Sailaren laguntza politikek eraldatzeko daben gaitasuna. Xabier Benito batzarkidearen berbetan, Aldundiak “gure lurraldean existiduten ez dan” eredu ekonomikoa lortu gura dau.
Ainara Basurko arlo horretako diputatuak azaldu dauenez, azkenengo urteetan “mundu mailan ustebako gertaerak” izan dira, eta horrek aldatu egin ditu “ziurbakotasun handiko” uneak bizi dituen Bizkaiko enpresei laguntzeko politikak. Halanda be, 2022ko itxierea “uste baino hobea” izan da Bizkaiko ekonomiarako, hazkunde ekonomikoari eta enpleoa sortzeari jagokenez.
Krisi testuinguru horretan, Ekonomia Sustatzeko Sailak ahalegin berezia egin dau Bizkaiko enpresei laguntzeko, eta, 2020tik 2021era bitartean, enpresa horreetan “40 milioi gehiago” txertatu ditu “berehalako eta preminazko” laguntza zuzenetan. Enpresa onuradunek horren ganeko “oso balorazino ona” egin dabe.
GARRAIO PUBLIKOAREN HOBEKUNTZEA
Talde moreak Bizkaian garraio publikoa bultzatzeko neurrien ganean be itaundu deutso Aldundiari. Talde horrentzat garraio hori bultzatzea “funtsezkoa” da, “ekonomiaren eta ingurumenaren ikuspegitik etorkizun jasangarriagoa” lortzeko.
Miguel Ángel Gómez Viar Garraio eta Mugikortasun Jasangarriko diputatua bat etorri da oposizinoagaz garraio publikoaren egoerea “ezin hobea” baina “hobetzeko modukoa” dala esatean, garraioaren kalidade maila “handia” azpimarratuz. Eta hainbat zifratan oinarritu da: Bizkaiko biztanleen “% 90ak” gitxienez garraio publiko modu bi ditu; “% 92ak” geraleku bat dauka etxebizitzatik 300 metro baino gitxiagora; eta 5.000 eta 10.000 biztanle bitarteko udalerri “guztiek” “zuzeneko” garraio konexino daukie Bilbogaz.
Gómez Viarrek esan dauenez, 2035erako Garraio Publikoaren Plan Estrategikoa Batzar Nagusien osokora helduko da. Plan hori Batzar Nagusietako batzorde berezi batean eztabaidatu da, eta Batzar Nagusietako taldeek eztabaidatu beharko dituen etorkizunerako neurriak jasoten ditu. Legealdi honetan egin dauen kudeaketeari jagokonez, bere saila tarifen integrazinoan, intermodalidadean, genero ikuspegian, markesina barrien instalazinoan, “bizipuntuak” (110 instalauta), “biziparkeak” (7 aparkaleku) eginda eta Bizkaibiziren bitartez bizikletari emon jakon bultzadan, edo elektrifikazinoaren edo hidrogenoaren bidez “zero emisino” izango dituan autobus flotea lortzeko helburuan aritu da beharrean legealdi honetan.
Urtarrilean izandako enpleoaren bilakaerari, Ermuko saihesbidearen eraikuntzari, eskualdeetako plan estrategikoei eta Hondakinak Prebeniduteko eta Kudeetako Bizkaiko Plan Integral barriari buruz oposizinoak egindako eskaereari be erantzun deutso Foru Gobernuak.
Eta EH Bilduk Gizarte Larrialdietarako Foru Zerbitzuaren inguruan egindako itaun batean, Sergio Murillo Gizarte Ekintzako foru diputatuak zerbitzuaren balantzea egin dau. 2022an, “gizarte-larrialdiko 260 egoerari” erantzun eutsen zerbitzu horrek. Horreetatik % 43, hau da, “112 kasu”, indarkeria matxistako egoerak izan ziran. Azken kasu horreetan “guztietan”, ziurtatu dauenez, foru-langileak polizia-etxeetara joan dira, bai biktimak, bai poliziak berak eskatuta.