ETXANOBEREN BERBETAN BIZKAIKO SARE EKONOMIKOAK JARDUEREA, ENPLEOA ETA ZERBITZU PUBLIKOEI EUSTEKO BEHAR DIRAN BALIABIDEAK SORTZEKO “OINARRI SENDOAK” ESKAINTZEN DITU

  • Elixabete Etxanobe Bizkaiko Ahaldun Nagusia Bizkaiko Batzar Nagusietara etorri da, Herri-Dirubideen Euskal Kontseiluaren eta Finantzen Bizkaiko Lurralde Kontseiluaren azkenengo bileren eukia azaltzeko.

 

(Bilbon, 2023ko azaroaren 3an). Bizkaiko Foru Aldundiak, urriaren 11n egin zan Herri-Dirubideen Euskal Kontseiluaren (EDEK) bilerearen eukiaren barri emon dau gaur Bizkaiko Batzar Nagusietako Iraskunde, Gobernamentu On eta Gardentasunerako Batzordean. Bertan, besteak beste, euskal administrazinoen aurtengo eta hurrengo urteko diru-sarreren aurreikuspena ezarri zan, bai eta lurralde bakotxak Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontuei egin beharreko ekarpenak be. Bilera horretatik urtendako magnitude nagusiak Batzar Nagusietako taldeen aurrean azaldu ostean, Elixabete Etxanobe Bizkaiko Ahaldun Nagusiak esan dau Bizkaiko sare ekonomikoak jarduerea, enpleoa eta lurraldeko zerbitzu publikoei eusteko behar diran baliabideak sortzeko “oinarri sendoak” eskaintzen dituala. 

Bizkaiko Foru Aldundiko agintari barriak lehen aldiz hartu eban parte Herri-Dirubideen Euskal Kontseiluaren bileran, 9.351,9 milioi euroraino igongo diran 2023ko ekitaldirako zerga itunduen bilketearen likidazino-aurreikuspenak onartu ziran. Urtearen itxierarako, bilketearen hazkundea % 6,2koa izatea aurreikusi da, 8.803,5 milioikoa izan zan 2022ko bilketeagaz alderatuta.

Ganera, Etxanobek jakinarazo dauenez, datorren urterako zerga itunduen diru-bilketearen aurreikuspenak be onartu ziran, une honetan Batzar Nagusietan izapidetzen ari diran Bizkaiko aurrekontuak egiteko oinarria, hain zuzen be. Kopuru absolutuetan, kalkuletan da Foru Aldundiek zerga itunduen bidez 19.000 milioi batuko dituela 2024an, 2023ko Aurrekontua baino % 5,1 gehiago, eta horreetatik erdia baino gehiago –9.829,5 milioi– Bizkaiari jagokozala.

Zenbateko horreetan jasota dago 2023ko ekitaldiari jagokozan inflazinoaren kontrako neurriak apliketeak hurrengo urteko diru-bilketan izango dauen eragina, adibidez, hurrengo PFEZren kanpainan aplikauko diran ezohiko 200 euroko kenkaria edo behargin autonomoentzako forfaitaren % 2ko deflaktazinoa. Modu berean, 2024rako, PFEZren atxikipenetan aplikauko dan % 2,5eko deflaktazinoa hartuko da kontuan.

Egokitzapenerako Funts Orokorra Arabako eta Gipuzkoako Lurralde Historikoen artean banatuko da. Behin-behineko kalkuluetan 32,5 milioi eta 133,7 milioi jagokez, hurrenez hurren. Eta Bizkaia izango da Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuei ekarpen handiena egingo deutsen lurraldea, bere ekarpena % 0,05 murriztu dan arren, onartutako koefiziente horizontala 2024an % 50,49ra jeitsiko dalako.

Ahaldun Nagusiak, Finantzen Bizkaiko Lurralde Kontseiluak urriaren 18an egin eban azkenengo bileraren eukiaren barri be emon dau. Saio horretatik atera zan udalek 1.092,8 milioi euro jasoko dituela 2024an, aurton jasotako kopurua baino % 8,16 gehiago.

 

BATZAR NAGUSIETAKO TALDEAK

Eneritz de Madariaga, Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaia taldeko bozeroalea, arduratuta agertu da datorren urterako egingo diran diru-bilketaren aurreikuspenek ez dabelako aldaketa garrantzitsurik ekarriko zerga arloan. Iragarritako erreforma fiskala “konponketa txikietan edo funtsezkoak ez diran aldaketetan” geratuko da. Aurton ezarri diran neurri fiskalak prezioen igoerea eta horrek familien ekonomian izan dituan ondorioak “indarbakotzeko” “ez dirala nahikoak izan” be kritikau dau.

Modu berean, Raquel González Bizkaiko Talde Popularreko bozeroaleak be, 2024rako erreforma fiskalean jarri dau arretea, baina “beherantz” izan daitela azpimarratuz, bere berbetan, zergak bajetako “oso marjina handia” dagoalako, Ondarearen eta Oinordetzen ganeko Zergak kentzetik hasita. Kritikau dauenez, EAEko Administrazinoan “zeozer ez da ondo egiten ari”, zenbat eta diru gehiago bildu, orduan eta zerbitzu publiko hobeak egon beharko litzatekezalako, eta horreen aurrean grebak eta herritarren kexak ikusten diralako.

Oposizinoko talde nagusiak, EH Bilduk, hurrengo ekitaldietan agerraldi hau “lehenago” egitea eskatu dau. Edriga Aranburu batzordekideak zerga bakotxak diru-bilketan daukan pisuan jarri dau arretea. “Zatirik handiena beharginei jagoke”, BEZa eta PFEZ handitu egiten diralako. 2023ko zerga-bilketearen itxierak 56 milioiko aldea aitatzen dau, eta zati nagusia beharginek jasaten dabe. 2024rako aitatutako erreforma fiskalari jagokonez, “progresibidade handiagoa” egoteko eta “kalidadezko” zerbitzu publikoak eusteko “behar beste” diru-sarrera izateko gauzatzea eskatu dau. Oraingoz, eta hemendik urte amaierara, foru Gobernuak aurkeztuko dauen Fortuna Handien ganeko Zergaren kontra agertuko dira, dirudunek “ekarpen handiagoa” egitea gura dabelako.

Foru Gobernua eusten daben taldeen aldetik, Goyo Zurro Euskal Sozialistak taldeko bozeroaleak, aurreikuspenak egiteko orduan ekonomiaren gaur egungo testuingurua hartu dala kontuan azpimarratu dau. Diru-bilketearen zifrak “sendoak” dira. Bere eretxiz, “barri ona da” aurreikuspenak gaur egungo egoerea kontuan izanda betetea. Bizkaiko udalentzako kutxaren hazkundea oso positiboa da. “16 milioi gehiago” izango dira aurten udalerrientzat, eta 2024an % 8,2ko hazkundea izango dabe.

Euzko Abertzaleak taldeak, bere aldetik, aurton diru-sarrerak handitu egingo dirala azpimarratu dau. Itxierea, hasierako aurreikuspenarekin alderatuta, “% 0,6” hobetu da. Jesus Lekerikabeaskoa bozeroalearen eretxiz, positiboa da, baita be, Bizkaia Doikuntza Funtsari “24 milioi euro” emoteko moduan egotea eta udalek aurton eta datorren urtean baliabide ekonomiko gehiago jasotea. Erreforma fiskala egiteko “konpromisoari” jagokonez, 2025eko kontuetan izango ditu ondorioak.