ADARREN HOTSAK GIDAU DITU GAUR SOLLUBEN DEIADAR MENDIEN EGUNEAN PARTE HARTU DABEN MENDIZALEAK
- Urteerak Arrietan eta Bermeon izan dituen parte-hartzaileen zutabe biek deiadar mendiaren tontorrean egin dabe bat, eguerdian Bizkaiko Batzar Nagusietarako ohiko deia egiteko.
(Arrietan, 2024ko bagilaren 15ean). Dozenaka mendizale igon dira gaur goizean Sollube mendira, Deiadar Mendien Egunaren beste edizino batean Bizkaiko Batzar Nagusiak batzeko egin dan deia entzuteko. Adarraren hotsa indarrez entzun da barriro deiadar tontor honetan eguerdiko hamabietan, Arrietatik eta Bermeotik urtendako mendi martxa biek Kantauri itsasoaren ganeko talaiaren tontorrean bat egin dabenean.
Bizkaiko Batzar Nagusiek antolatutako martxea goizeko bederatzietan hasi da Bermeoko Taraska plazan eta hamarretan Arrietako udaletxean. Parte-hartzaileak Sollubeko tontorrera igon dira (684 metro) mendiaren alde bietatik; Bizkaiko barrukaldera begira dagoan eta Mungiako Tallu Mendizale klubeko kideek sarri erabilten dabenetik; eta XIX. edizino honetako kirol antolaketaz arduratu diran Bermeoko Sollube 707 klubeko kideek gidauta mendi-hegaletik gora itsasora begira egin dan ibilbidetik.
Txalapartaren soinuak alkartu ditu danak Sollubeko tontorrean, eta Bakioko Itxas-Alde dantza alkarteko kideek izan dabe Batzar Nagusietarako deia egin daben adarrak jotearen tradizinoa beteteko ohorea. Deiadarren soinuaren ostean, jaieguna Sollubeko tontorretik 200 metro eskasera lekualdatu da, egunaz gozetan jarraitzeko. Trikitixaren musikeak eta inguruko produktuakaz (hegaluzea, antxobak, Bizkaiko txakolina...) osotutako “hamaiketako” txikiak itxi ditue Antonio de Truebak XIX. mendean lehenengoz aitatu eban eta 20 urte bete dituan tradizinoaren ekitaldiak.
Ehundaka lagunek gozau dabe Bizkaiko mendi ibiltaldi herrikoien klasiko bihurtu dan egun bereziaz. Horreen artean Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakaria egon da, eta bertaratutako guztiei zuzendu jake, Bizkaiko Batzar Nagusiek 2004tik antolatzen daben tradizino zahar honetan parte hartzeagaitik eskerrak emoteko. Hitzorduan, Aitor Agirre Urkidi Arrietako alkatea, Josu Erkoreka lehendakariordea, Leixuri Arrizabalaga Euskera, Kultura eta Kirol foru diputatua eta Bizkaiko Batzar Nagusietako batzarkideak be egon dira. Deiadar igoera bakotxean urtero laguntzen daben bost mendi taldeetako kideak be ez dira falta izan, Balmaseda Mendi Taldea, Bilboko Gailurra, Lemoako Ganzabal kluba, Durangoko Alpino Tabira eta Bermeoko Sollube 707. Aurton Mungiako Tallu Mendizale kluba batu jake.
Tradizinoak marketan dauen lez, Bermeotik egin dan kirol igoeraz arduratu dan Sollube 707 mendi taldeak Durangoko Alpino Tabira klubeko ordezkari bati emon deutso lekukoa. Talde hori arduratuko da 2025ean Oiz mendian egitea aurreikusten dan Deiadar Mendien Egunaren hurrengo edizinoa antolatzeaz.
ZIURTASUNAK ETA ELEZAHARRAK
Deiadar mendietan deiadarrak joteko tradizinoaren inguruan argia emoteko, Bizkaiko Batzar Nagusiek eta Enkarterrietako Museoak ikerketa-lana egin eben 2020an. Azterlan horrek ondorioztatu eban Bizkaiko bost gailur enblematikoetan adarren bidez foru-uribildura joateko deialdia, Gernikako Batzar Etxean antxina egiten zan ekitaldi inguruan Antonio de Trueba kronistak XIX. mendean egin eban barrinterpretazino historikoa zala.
Adarrak bailaratik gailurrera, hau da, foru-uribildutik lurraldeko bost mendietara, eroateko ekintzea, tradizinoa gure garaietara egokitzearen ondorioa da, eta ohitura eta erakunde errotuenak, Batzar Nagusiak kasu, defendiduteko ahalegina. Antonio de Trueba izan zan gaur egun ezagutzen doguzan mendiak aitatu ebazan lehenengoa. Orain dala 150 urte, Gorbeia, Ganekogorta, Oiz, Sollube eta Kolitzatik Batzar Nagusietara deitu izanaren ustea euskal historiografian eta iruditeria herrikoian sartu zan, eta gaur egunera arte iraun dau.
Egia esan, bost deiadarrak existidu ziran, baina antxinako liburu batzuk Gernikan kokatzen ditue XIV. gizaldian. Juan Núñez de Balboaren 1342ko koaderno batean jasotako “En la Junta de Garnica, seyendo juntado cavalleros e escuderos / e fijosdalgo de Vizcaya, llamados a Junta General, e tannidas las cino vozinas” testua, deiadarren tradizinoari buruzko lehen aitamena, hartu da Bizkaiko Batzar Nagusietara deitzeko urtero gailur desbardin batera igoteari eusteko erreferentzia lez.