2024KO BIZKAIKO AURREKONTUEN PROIEKTUA ABENDUAREN 29AN EGINGO DAN OSOKOAN BERRESTEKO PREST GERATU DA, ALDAKETARIK BARIK
- Bizkaiko Batzar Nagusiek gaur bukatu ditue zuzenketa-eske parzialen eztabaidarako batzordeak, Batzar Nagusietako taldeek Gizarte Ekintza eta Ogasun eta Finantza Sailen Kontuen, arauzko proiektuaren Testu Artikulauaren eta GUFEren aurrean planteautako aldaketen azterketeagaz.
- Foru Gobernua eusten daben talde biek, Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek, euren gehiengoa baliau dabe oposizinoaren zuzenketa-eske guztiak baztertzeko, 388 zuzenketa parzial guztira.
(Bilbon, 2023ko abenduaren 21ean). Batzar Nagusietako taldeek gaur amaitu dabe batzordean datorren urterako Gizarte Ekintzako eta Ogasun eta Finantzetako sailei jagokezan Lurraldeko kontuen, arauzko proiektuaren Testu Artikulauaren eta GUFEren aurreko azkenengo zuzenketa-eske parzialen azterketea eta bozketea. Eztabaidak iraun dauen lau jardunaldietan errepikau dan gidoian, Foru Gobernua eusten daben Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek, aurkeztu diran 388 zuzenketa-eske guztietatik argitu barik egozan oposizinoaren 103 zuzenketa-eske parzialak atzera bota ditue gaur.
2024ko Bizkaiko Aurrekontuen Foru Arau proiektua urriaren 31n erregistrau eban Itxaso Berrojalbiz Ogasun eta Finantzetako diputatuak Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakariaren aurrean. Ekintza horrek hasi eban azkenean hilebete bi iraungo dituan Kontuen tramitazino parlamentarioa. Datorren barikuan, abenduaren 29an, amaituko da, egun horretan berretsi beharko dauelako osokoak Ogasun eta Finantzetako batzordearen erespena.
Gaur egin diran batzorde bietan 103 zuzenketa-eske parzial eztabaidatu dira. Horreetatik 45ek Gizarte Ekintzako aurrekontuen alderdiren bat aldatu gura eben eta 18k gauza bera egin gura eben Ogasun eta Finantzetako Kontuetan. Ganerakoak, GUFEren partidak aldatzeko (11) edo testu Artikulauaren (29) alderdiak aldatzeko aldaketak ezarri gura ebezan.
GIZARTE EKINTZA, 691 MILIOI 10 PROGRAMATARAKO
Amaia Antxustegik zuzentzen dauen sailak Aldundiak izango dauen kopuru osoaren % 43a izango dau, 691,1 milioi euro. Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek ez dabe oposizinoko taldeen aldaketarik onartu X programatan banatutako diru kopuru horretan.
Gizarte Ekintzako Kontuetan, Batzar Nagusietako taldeek partidak milioi askoko kopuruetan aldatzea eskatzen eben aldaketak planteau ditue. Holan, Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaiak 85 milioiko zuzenketa-eskea erregistrau eban zainketen prestazino ekonomikoa sortzeko, eta horri 9 milioiko beste bat gehituko litxakio, Etxeko Zainketen Arreta Zuzenerako Foru Zerbitzua sortzeko. Talde morearen eskaeren artean –17 guztira– behargin taldea indartzea be baegoan, banakako planen jarraipena egiteko, baita mendekotasunaren balorazinoak egiteko be, 6,3 milioiko kostuagaz.
Bizkaiko Talde Popularrak, bere aldetik, 19 zuzenketa-eskeren bitartez, Gizarte Ekintza Sailaren programetan baliabideak handitzea eskatu dau. Milioi bat euro gehiago eskatu ditu gai honeetarako: gure egoitzei osasun eta demografia arloko erronken aurrean laguntzea; desgaitasuna daukien personentzako egoitzetako plazak handitzea; arreta goiztiarreko ordu kopurua handitzea; mendekotasunean aritzen diran hirugarren sektoreko erakundeentzako laguntzak handitzea; eta familia barruko zainketetarako partidea handitzea.
EH Bilduk bederatzi aldaketa ekarri ditu. Horreen bitartez, beste gauza batzuen artean, egoitzetako lan baldintzak eta soldatak hobetu gura ebazan, 9,9 milioiko esfortzu osagarriaren bitartez. 5 milioi gehiagogaz Laguntzaile Pertsonalarentzako Prestazinoa bultzatu gura eban, eta beste 6 milioigaz GUFErako transferentzia handitu, egoitzetan plaza publiko gehiago sortzeko. Ganera, 10 milioiko partida barria planteau dabe, Sestaon eta Abadiñon eregiko diran zentro barrietan zaintza ekosistemak adosteko eta gauzatzeko.
Horrez gain, GUFEren aurrekontua 11 zuzenketa-eskegaz heldu da Batzar Nagusietako batzordera. Milioi askoko partidak izan dira, Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaia eta EH Bildu taldeek planteautakoak behargin taldea edo egoitzetako plaza publiko kopurua handitzeko.
OPOSIZINOAK BEHARGIN GEHIAGO ESKATU DITU OGASUNEAN ETA FINANTZETAN
Ogasun eta Finantza Sailari jagokonez, Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaia eta EH Bildu taldeek milioi askoko partidak planteau ditue behargin taldea indartzeko. Talde moreak aurrez aurreko arretea indartzea eta telefono bidezko arretea eta Katastroaren mantentze lanak publiko egitea eskatu dauen bitartean, koalizino abertzaleak agente fiskal eta ikuskatzaileorde postu barriak sortzea eskatu dau. Horrez gain, Bizkaiko Talde Popularrak Ticket Bai ezarteko behar diran baliabideen % 100 diruz laguntzeko zuzenketa-eskea defendidu dau.
Testu Artikulauaren aldaketen eztabaidan, Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaiak goi kargudunen soldatak murriztea, PFEZaren deflaktazino progresiboa eta errenta bajuenetarako kuotea murriztea eskatu dau.
EH Bilduk be larregizkotzat jo ditu goi kargudunen ordainsariak, eta, horregaitik, gastu horreek % 25 murriztearen aldeko apustua egin dau. Modu berean, ez dira ados egon produktibidade-osagarria ezelango negoziazino sindikalik barik ordaintzeko funts gehigarria ezarteagaz. Ganera, ondarearen ganeko zerga-tasak Arabagaz eta Gipuzkoagaz harmonizetea eskatu dabe.