TOKIKO HONDAKINEN PLANAREN FORU ARAU PROIEKTUA IZAPIDETZEN HASI DA BIZKAIKO BATZAR NAGUSIETAN

  • Aldundiak toki eskumeneko Bizkaiko hondakinak prebeniduteko eta kudeatzeko ibilbide orriaren barri emon dau gaur batzordean, zerumugea 2030ean jarrita, hondakinak % 15 murrizteko eta 5 kilotatik 4,9 berreskuratzeko.


(Bilbon, 2024ko bagilaren 13an). Aldundiak toki eskumeneko Bizkaiko Hondakinak Prebenitzeko eta Kudeatzeko 2030erako Plan Integrala (BHPKPI 2030) jasoten dauen Foru Arau proiektuaren euki nagusia aurkeztu dau gaur Bizkaiko Batzar Nagusietako batzorde batean. Orokorrean, hamarkada honetarako tokiko hondakinak kudeatzeko ibilbide orri horren helburu nagusiak hondakinen sorrerea % 15 murriztea eta sortzen diran 5 kilotatik 4,9 berreskuratzea dira, Arantza Atutxa Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko diputatuak azaldu dauenez. 

Plana testuinguruan jarri eta gero, 200 orrialde dituan dokumentuaren magnitude nagusiak aurkeztu ditu Atutxak. Bere berbetan, erronkak honeek dira: “sortutako hondakina murriztea, berrerabilpen eta birziklapen tasak handitzea, eta operatibarik egokiena ahalbidetuko dauen kudeaketa-sistemea ezartea”. Zenbakiei jagokenez, planaren helburua, lehenengo eta behin, Bizkaiak 2030ean “521.811 tona” hondakin gitxiago sortzea da. 2001ean genduan kopurura iristea ekarriko leuke horrek. Garai haretan persona bakotxak urtean 526 kilo sortzen ebazan. 2021ean, 553 kilokoa izan zan datu hori.

Batzar Nagusietako osokoak foru arau proiektua onartzen dauenean indarrean sartuko dan planak beste helburu batzuk ezarri ditu lurralderako hamarkada honetan: 2019. urteagaz alderatuta ontzi arinen hondakinen sorrerea % 20 murriztea; berrerabilpenerako prestetako tasea % 20 hobetzea; etxeko hondakin arriskutsuen, ehunen, sukaldeko orioen, hondakin handien eta tresna elektriko eta elektronikoen hondakinen gaikako bilketearen % 100eko estaldurea ziurtatzea, eta udalerrietan biohondakinen bilketa bereizia egitea; energiaren ikuspegitik balorizautako hondakinen ehunekoa % 20 ingurura murriztea; eta udal hondakinen isurketa tasea (tratautakoa eta tratau bakoa) % 2,49koa izatea.

Plan hori gauzatzeko prozesuan, lurraldeko udal eta mankomunidade guztiei zuzendutako parte-hartze prozesua zabaldu zan 2022ko zezeilean. Prozesu horrek, Bizkaiko Batzar Nagusietan ordezkariak daukiezan talde politiko guztietako ordezkariek osotutako Bizkaiko Jasangarritasunerako Kontsejuan aurkeztu zan dokumentuari toki erakundeek aurkeztu eutsiezan eretxiak eta ekarpenak jasoteko balio izan eban. Eskualdeko 11 topaketetan Bizkaiko biztanleriaren % 89 hartzen daben 97 udalek eta 9 mankomunidadek hartu dabe parte. Guztira, 492 ekarpen aurkeztu ebezan.

Atutxaren agerraldia eskatu dauen EH Bilduk esan dau “garrantzitsua” dala plana eguneratzea eta foru arau proiektu baten bidez egitea, ekarpenak jaso ahal izateko, baina Raúl Méndez batzordekideak plana “boluntaristea, konformistea eta kontinuistea” dala esan dau. “Ez dau aldaketa handirik jasoten 8 urtez luzatu dan egungoagaz alderatuta, ez helburuetan, ez bitartekoetan”. Plana azkenengo Jasangarritasunerako Kontsejuan aurkeztu ez izana kritikau dau, baita bertan adituen zein ekarpen hartu diran kontuan ez adierazotea be. Méndezek faltan bota ditu sorkuntza bidezko ordainketarako neurriak, atez ateko gaikako bilketea, ontziak itzultzeko politikak edo neurri fiskalak, “ondo egiten dauenari pizgarriak emoteko eta txarto egiten dabenei zigorrak ezarteko”.

Oposizinoko ganerako taldeak bat etorri dira esatean “garrantzitsua” dala plana barritzea, “berandu goazan arren”, adierazo dau Raquel González Bizkaiko Talde Popularreko bozeroaleak. “Bultzadea emon behar jako asmo handiko helburuetan aurrera egiteko”, herritarrak gehiago inplikauz. Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaiako Ricardo Vaquero arduratuta agertu da prebentzino planakaz, eta balioa emon deutso aurretiazko kontsulten prozesuan “169 ekarpen” jaso dituan toki erakundeen ekarpenari.

Foru Gobernuari eusten deutsien taldeen eretxiz, “gura baino denpora gehiago eskatu dau”, baina Jesús Lekerikabeaskoa Euzko Abertzaleak taldeko bozeroalearen berbetan, atzerapen horrek “plana udalen, mankomunidadeen eta adituen parte-hartzera zabaldu izanagaz” izan dau zerikusia. Planak, bere berbetan, “oso erronka garrantzitsuak” txertatzen ditu, eta erronka horreek gauzatzeko “lankidetzea eta jarrerea funtsezkoak izango dira”. Plana “asmo handikoa eta barritzailea” da, Ignacio Jerónimo sozialistak definidu dauenez, eta zalantzarik barik, Aldundia “motorra” izango da hondakinen kudeaketearen arloan. Plana aplikauta, “Lurraldean jasangarritasuna hobetzea” espero dau.

Bukatzeko, Foru Diputatuak “lankidetzarako” mezua zabaldu dau, tokiko eragileak eta herritar guztiak jatorrian hondakinen murrizketan inpliketako, hori funtsezkoa izango dalako planaren arrakastea bermatzeko.