BIZKAIKO BIZIKLETA-BIDE FORALEN ARAUAREN PROIEKTUAK TALDE GUZTIEN ALDAKETAK JASO DITU ZUZENKETA-ESKEEN EZTABAIDAN
- Azpiegituretako eta Lurralde Garapenerako batzordeak 5 zuzenketa-eske onartu ditu eta beste 14 baztertu.
- Osokoak onetsi eta gero testu arauemoile barriak 10/2014 Foru Araua barrituko dau, 2035ean bizikletaren erabilerea joan-etorri guztien % 7,7ra igoteko.
(Bilbon, 2025eko martiaren 10ean). Bizkaiko Batzar Nagusietako Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako batzordeak Bizkaiko Bizikleta-bide foralei buruzko Foru Arauaren Proiektuan bost aldaketa sartzea onetsi dau. Testuak 56 artikulu eta hainbat xedapen eta eranskin ditu. Carlos Alzaga Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako foru saileko titularrak aurreko batzorde batean adierazo eban lez, Aldundiaren asmoa testu juridiko horrek 2035erako bizikletea egunero gehiago erabiltea bultzatzea da, gaur egungo % 0,7tik hasita % 7,7ko kuotea lortu arte, zortzi kilometro baino gitxiagoko ibilbide laburretan.
Testu arauemoileak ez dau kontrako botorik jaso bere artikuluen bozketetan, jeltzaleek, sozialistek eta popularrek aldeko botoa emon dabelako eta EH Bildu eta Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaia abstenidu egin diralako. Arauan aldaketa gehiago egon daitekez, izan be, Irene Edesa jeltzaleak azkenean aztertu diran 19 zuzenketa-eskeen eztabaidan (Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaia taldeak 13 zuzenketa-eske kendu ditu), artikulu batzuetan erdibideko zuzenketa-eskeak aurrera ateraten saiatuko dirala iragarri dau, proiektuaren idazkerea aldatzeko.
Momentuz, batzordeak bost aldaketa sartzea onartu dau. Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek, euren zuzenketa-eske bakarraren bitartez, I. Eranskinean jasoten dan Bizikleta-bide foralen Katalogoa aldatzea lortu dabe, tarte barri bat sartzeko: Bolueta (Bilbo) - La Baskonia (Basauri) bidegorria, Nerbioi-Ibaizabal eremu geografikoari jagokozan 1.194 metroko trazaua.
EH Bilduk, bere aldetik, Zioen Azalpenean, bizikletea “beste garraiobide bat” dala autortzeko aldaketea sartzea lortu dau, idea hori Alzagak arau proiektuaren eukia azaltzeko egindako agerraldian esandakoakaz lerrokatuz. Baieztapen horregaz bat etorrita, koalizino abertzalearen eretxiz beharrezkoa zan testuan hori jasota geratzea.
Horrez gain, Bizkaiko Talde Popularrak, erregistrau dituan zortzi zuzenketa-eskeetatik bi aurrera aterateko beharrezkoak diran laguntzak lortu ditu. Batek bizikleta-bideak bidezubietatik igaroteko aukerea emoten dau. Eta bestearen bidez 7. artikuluan “Intermodalidadea” terminoa sartzea erabagi da, bizikletaren eta beste garraiobide batzuen arteko konexinoa indartzeko, erabilera konbinaua erraztuz eta joan-etorrietarako funtzionaltasuna handituz.
Bukatzeko, Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaiak 5. artikulua aldatzea lortu dau, udalerriei egiten jakezan bizikleta-bide tarteen transferentziak aitatzen dituan artikulua, hain zuzen be. Talde moreak ziurtatu gura dau lagatako lurrak “bizikleta-bidea izango dirala beti”, eta titular barriak bere gain hartuko dituala azpiegitura horren mantentze-lanak.
Batzordearen erespena osokoak onartu beharko dau, testu arauemoile barriak indarrean dagoan foru araua, 2014ko urrikoa, ordeztu daian. Testu barriak bizikleta-bide foralen plangintzea, finantziazinoa, proiekzinoa, eraikuntzea, aldaketea, kontserbazinoa, ustiapena, erabilerea eta defentsea jorratzen ditu.