ENKARTERRIETAKO MUSEOAREN “AMAMA INFLUENCER” PROIEKTUAK ENKARTERRIKO 80 FAMILIA BAINO GEHIAGO INPLIKAUKO DITU AURTEN

  • Bizkaiko Batzar Nagusien Bardintasunerako II. Planaren barruan dagoan Emakumeen memoria historikoa berreskuratzeko ekimenaren laugarren edizinoak, emakumeek Cadaguako industrian bizi izandako bizipenak ditu ardatz.

 

(Abellanedan, 2026ko martxoaren 2an). Enkarterrietako Museoak hasierea emon deutso belaunaldi arteko “Amama influencer” proiektuaren laugarren edizinoari. Emakumeen memoria historikoa berreskuratzeko ekimena da, eta aurton Sodupeko Eretzaberri institutuko 80 familia baino gehiagok hartuko dabe parte. Proiektua 2022an hasi zan, eta Bizkaiko Batzar Nagusietako Gizonen eta Emakumeen Bardintasunerako II Planaren barruan gauzatzen da.

Edizino barri honen ardatz nagusia eskualdeko emakumeen kontakizunean sakontzea da, XX. mendearen erdikaldetik Cadaguako lantegietan industriako ehundaka lanpostutan aritu ziranen bizipenak berreskuratuz. Genero-ikuspegiaren bidez, ikasleek jarduera historiko eta etnografikoetan hartuko dabe parte, bardintasunezko gizartea eregiten lagunduko daben emakumezko erreferenteak identifiketako.

Erakundeen helburua emakumeen azken aldiko historia bigarren mailan izan dauen "ezabatze instituzionalari" aurre egitea da, euren diskurtsoa lurraldearen memoria kolektiboan eta nortasunean txertatuz. Protagonistak ikasleen amamak dira, ibilpide desbardinetako emakumeak. Gazteak gidatuko ditue frankismoan izandako esperientzien, garaiko arau moralen aurreko desafioaren, demokraziaren etorrerearen eta gaurkotasunari buruz daben ikuspegiaren bidez.

Programearen garapena diziplina anitzekoa eta curriculum akademikoagazko zeharkakoa da, eta hainbat astez gauzatuko da ikastetxean, Enkarterriko industria-ondarea dagoan lekuetan eta etxeetan bertan. Barrikuntza lez, “Amamekin solasean” formatu hezitzailea sartu da. Bertan, aurreko edizinoetako parte-hartzaileek euren bizitzak markau ebezan genero arloko gaiei buruz egingo dabe berba ikasleen aurrean.

Fase operatiboan, ikasleek entzute aktiboa eta teknologia barriak erabiliko ditue aldi baterako belaunaldien arteko topagune bihurtuko dan Institutuan, 70 amama inguru alkarrizketetako. Proiektua amaitzeko, material grafiko eta dokumental zaharra batuko da, eta alkarrizketak editatuko dira, parte-hartzaile bakotxaren lekukotasun indibiduala eta kolektiboa gordeko dauen ikus-entzunezko pieza bat sortzeko.