BATZAR NAGUSIETAKO OSOKOAK EZ DITU ONARTU OPOSIZINOAK BIZKAIKO 2023KO AURREKONTUEN KONTRA AURKEZTUTAKO OSOKO HIRU ZUZENKETA-ESKEAK

  • Bizkaiko Lurraldeko Kontuen parlamentuko tramiteak abenduaren 15, 16, 19 eta 20an jarraituko dau, batzordean 467 zuzenketa-eske parzial eztabaidauta
     
  • Bizkaiko Batzar Nagusiek aho batez onetsi dabe garraioaren sektoreari laguntzeko neurriak ezartea.


(Gernikan, 2022ko abenduaren 13an). 2023ko Bizkaiko Aurrekontuen Foru Arau proiektuaren tramitazinoak aurrera jarraituko dau eguen honetatik aurrera batzordean, zuzenketa-eske parzialak eztabaidetako, gaur Gernikan egin dan Batzar Nagusietako osokoak oposizinoko hiru taldeek (EH Bildu, Elkarrekin Bizkaia eta Talde Berezia-PP Bizkaia) Kontuak itzultzeko defendidu dituen hiru eskariak atzera bota eta gero. Foru Gobernua eusten daben talde bien –Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak– gehiengoa nahikoa izan da Osoko zuzenketa-eskeak atzera botateko eta aurrekontuen foru arauaren proiektua izapidetzeko prozesuagaz jarraitzeko. Batzar Nagusietako ordezkarien % 65ak abenduaren 28an beste osoko bilkura batean amaitzea aurreikusten dan prozesuagaz jarraitzearen aldeko apustua egin dau. 

2023rako Bizkaiko Aurrekontuen proiektuak, guztira, “9.808,1 milioi euro” jasoten ditu, eta horreetatik “1.540,5 milioi” Bizkaiko Foru Aldundiari jagokez, José María Iruarrizaga Ogasun eta Finantzetako diputatuak gogorarazo dauenez. Diru-sarreren “% 96” zerga itunduen bidez lortuko da, eta gainerakoa tasen eta zorpetzearen bidez. Azken hori “226 milioitan” geratuko da, aurten baino “% 4” gitxiago.

Legealdiko azkenengo aurrekontua hazi egin da eta daborduko orain arteko “altuena” da; ziurbakotasuneko uneak gainditzeko “onak” izan daitekezan kontu “errekorrak”. Aurrekontu horreek “Bizkaiak funtzionetan jarraitzeko” eta jarduera ekonomikoa eta enpleoa bermatzeko prestau dira, baita “kalidadeko” zerbitzu publikoei eusteko eta lau trantsizinoak (zaintzak, mobikortasun jasangarria, energetikoa eta digitala) bultzatzeko be.

Aldundiak aurkeztu dituan Aurrekontuakaz bat ez datorrela adierazo dauen lehenengo bozeroalea Talde Berezia-PP Bizkaiakoa izan da. Eduardo Andraderen eretxiz, aurrekontuen foru arauaren proiektuak “antzekotasunak” ditu Pedro Sánchezen kontuakaz, hau da, “gabezia nabarmenak” ditu, Airef lako erakundeek adierazoten daben lez, eta “errealidade ekonomikotik urrun” dago. Andradek iragarri dauenez, 2023rako dezelerazino ekonomikoa eta langabeziak gora egitea ez dira lagungarri izango, eta gauza bera gertatuko da defizit publikoa handitzeagaz. Hori dala eta, erreforma fiskala eskatu dau, zergek handitzen ez jarraitzeko –diru-sarreren “% 80” BEZean eta Errentan oinarritzen dira– eta, modu berean, zorra murriztu eta foru soziedade sare handia “argaltzeko”.

Urriaren 31n Batzar Nagusietan erregistrautako Aurrekontu Proiektuaren aurreko kritika horreekaz bat egin dau Elkarrekin Bizkaiak, eta Osoko zuzenketa-eskea aurkeztu dau, “aberastasunaren birbanaketea ukatzen daben” kontuak diralako. Eneritz de Madariaga talde horretako bozeroaleak, aurrekontuei beharginen errentek eusten deutseela salatu dau, eta Ondarearen eta Soziedadeen ganeko zergak, barriz, “ez dirala ikutzen”, batzuek urtez urte errenta eta aberastasun gehiago metatzea bultzatzeko. De Madariagak, energiari eta mobikortasunari buruzko politiketan “jasangarritasuneko erespide gehiago” eskatu ditu, eta enpleo politikak eta zainketen eredua kritikau ditu. Bere berbetan, legealdi honetan “100 lanpostu publiko baino gehiago” amortizau dira eta “zuzeneko arreta publikoko 145 plaza nagusi” kendu dira. “Pribatizazinoaren aldeko apustua” egiten dauen eredua da.

EH Bilduk, bere aldetik, Kontuak itzultzeko proposamena defendidu dau, pandemia igaro eta gerraren ondorio sozial eta ekonomikoetan murgilduta egon ostean “ez diralako errealidade barrira egokitzen”. 2023ko kontuetan “ez dago aldaketarik”. “Ezer gertatu ez balitz bezalakoak dira”, arpegiratu dau Bea Ilardia koalizino abertzaleko bozeroaleak, eta plaza publikoen amortizazinoa, “gehien daukienei mesede egiten deutseen” neurri fiskalak, horreen artean deflaktazinoa edo 200 euroko kuota-kenketea, edo azpiegitura handien eraikuntzeagaz garraio pribaduari mesede egiten deutson inbertsinoa aitatu ditu. Aldaketa “estrukturalak” eskatu ditu, horreetako bat fiskalidadeari jagokonez. Bere proposamenen artean, Ondarearen ganeko Zergan ezkutu fiskala kentzea eta eskala bera apliketea kapital errentetan eta lan errentetan. Neurri txiki bi horreekaz bakarrik “300 milioi gehiago” sartuko litzatekez, zehaztu dau, erreforma fiskal sakona egin behar izan barik. Diru-sarrera horreen parte bat kudeaketa publikoko egoitzetako plaza kopurua handitzera eta klima-aldaketaren kontra burrukatzeko ekimenetara bideratuko litzateke.

Halanda be, Foru Gobernua eusten daben talde bien (Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak) eretxiz, aurrekontu horreek zerbitzu publikoen eta gizarte arloko prestazinoen defentsea jasoten dabe, eta Ogasun eta Finantzetako diputatuak aitatzen ebazan lau trantsizinoetan aurrera egitea ahalbidetzen dabe. Juan Otermin bozeroale sozialistak azpimarratu dauenez, ekonomia suspertzera eta enpleora bideratutako aurrekontuak dira, “justua, bidezkoa eta gardena” dan fiskalidadea bultzatzen dabe, eta hurreko politikearen, mobikortasun jasangarriaren eta eskualde-garapenaren aldeko apustua egiten dabe. Aurrekontu “sozialak eta hedakorrak” dira, eta Europako, Estaduko eta Autonomia Erkidegoko kontuakaz “koherenteak” dira. Horrez gain, etorkizun “kezkagarriaren” aurrean lagundu daikie, hau da, datorren urtean Ukrainan gerrak jarraitzea eta horren ondorioak.

Eztabaidan, ez da oposizinoko hiru taldeentzako kritikarik falta izan, Osoko zuzenketa-eskeak aurkeztu dituelako. Jesus Lekerikabeaskoa bozeroale jeltzaleak egiaztau dauenez, Batzar Nagusietako % 35a ordezkatzen daben oposizinoko hiru taldeak, “euren artean be ez dira ados jarten; ez egoeraren azterketan, ez aldaketetarako proposamenetan”. Bere eretxiz, horrek erakusten dau “behar dogun lekuan gagozala eta behar dana egiten ari garala bizkaitar guztion bizi kalidadea hobetzeko”; helburu hori ezarri dau “lehentasunezko” helburu lez. Azpimarratu dauenez, erabilgarri dagoanaren “% 41a” Gizarte Ekintza Sailera bideratzen da; 625 milioi baino gehiago. “Aldundi honen lehentasuna gizarte zerbitzuak izan diralako eta diralako, zuek bestelakorik esan arren”, erantzun dau. Arlo horretan izandako 26 milioiko igoeratik, “14 milioi GUFEk zuzenean kudeatuko ditu”. Bukatzeko, Lekerikabeaskoak beste zifra batzuk azpimarratu ditu bere esku-hartzean: “233 milioi euro” inbersino publikoan, “1.500” lanpostu sortzeko edo eusteko, edo 31,5 milioi euro itzuli beharrik bako diru-laguntzetan, “1.000 enpresa proiektu baino gehiagori” laguntzeko.

Osoko zuzenketa-eskeak atzera bota ostean, parlamentuko tramiteak aurrera jarraituko dau eguen honetan, hilak 15, eta datorren martitzenean, hilak 20, zuzenketa parzialen (467) eztabaideagaz. Batzar Nagusietako oposizinoko taldeek 465 zuzenketa-eske parzial defendiduko ditue Ogasun eta Finantzetako batzordean: 172 EH Bildurenak dira; 148 Elkarrekin Bizkaiarenak; eta 145 Talde Berezia-PP Bizkaiarenak. Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek beste zuzenketa-eske bi aurkeztu ditue. Horreek guztiak Ogasun eta Finantzetako Batzordearen bederatzi bilkuratan eztabaidatuko dira, sail bakotxeko bat.


GARRAIO SEKTOREARI LAGUNTZEKO NEURRIAK

Batzar Nagusietako osokoak Euzko Abertzaleak, EH Bildu, Euskal Sozialistak eta Elkarrekin Bizkaia taldeek sinatutako erdibideko zuzenketa-eskea onartu dau gaur, Bizkaiko errepide batzuen erabilerearen kanona dala eta garraioaren sektoreari laguntza ekonomikoa emoteko neurriak aztertu daitezan. Lau taldeek adostutako testuak, Talde Berezia-PP Bizkaia taldearen aldeko botoa be jaso dauenak, talde morearen arauz besteko proposamen bat aldatu dau.

Elkarrekin Bizkaia taldeko Eva María Cabornero batzarkideak laburbildu dauenez, akordioaren helburua “Bizkaiko errepideetan bidesari barriek daukiezan ondorio kaltegarriak murriztea da”. Batzar Nagusietako taldeek, egoera “gatxa” bizi dauen eta inflazinoaren eta erregaien igoerearen ondorioz kostuak igotearen ondorioak be jasaten dituan sektoreari laguntzea eskatu dabe.

Holan, hainbat ordezkarik adierazo dabenez, sektoreagaz adostu dan eta aho batez onetsi dan testuan, Bizkaiko Batzar Nagusiek eskaria egiten deutsie Aldundiari, % 70eko forfait-a 2023ra luzatzeko, mikroenpresek eta autonomoek gastuak konpentsau eta Soziedadeen eta PFEZren ganeko Zergan daukien zerga-oinarria murriztu ahal izan daien. 2024tik aurrera neurri horren iraupena “aztertzea” planteetan da.

Osokoak, OBU gailua erostea “erreztea”, I. eta II. motako ibilgailu astunak erabilteagaitiko hobaria eta EURO kategoriaren araberako deskontuak “ezartea” eta kanona daben tarteetan dagozan udalakaz “koordinazinorako Udal Foroa sortzea” be eskatu deutso Foru Gobernuari.

Beste alde batetik, osokoak, kontrako boto barik (EH Bildu eta Talde Berezia-PP Bizkaia abstenidu egin dira), hirugarren herrialdeakaz dagozan asimetria hibridoei jagoken 2017ko Europako Zuzentarau baten transposizinoa be onartu dau.

Eta, amaitzeko, Bizkaiko Batzar Nagusiek ez dabe onartu Talde Berezia-PP Bizkaia taldeak aurkeztu dauen eta Aldundiari Europako funtsen betearazpenaren kontrol eta jarraipenerako organu bat sortzeko eskaria egiten eutsan arauz besteko proposamena. Organu hori Aldundiko eta Batzar Nagusietako talde guztietako kideek osotuko eben. Elkarrekin Bizkaia izan da neurri horren alde agertu dan bakarra, EH Bildu abstenidu egin da, eta Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek kontrako botoa emon dabe.