BATZAR NAGUSIETAKO OSOKOAK EZ DITU ONARTU BIZKAIKO 2024KO AURREKONTUEN KONTRA OPOSIZINOAK AURKEZTU DITUAN OSOKO ZUZENKETA-ESKEAK
- Lurraldeko Kontuak onartzeko parlamentuko izapideak datorren astean jarraituko dau, abenduaren 18, 19, 20 eta 21ean, batzordean 388 zuzenketa-eske parzial eztabaidatuta.
(Gernikan, 2023ko abenduaren 15ean). 2024ko Bizkaiko Aurrekontuen Foru Arau proiektuak aurrera jarraituko dau astelehenetik aurrera, zuzenketa-eske parzialak eztabaidatzeko batzordean, gaur Gernikan egin dan Batzar Nagusietako osokoak EH Bilduk, Bizkaiko Talde Popularrak eta Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaiak osotzen daben oposizinoak Kontuak itzultzeko defendidu dituan hiru eskariak atzera bota ostean. Foru Gobernua eusten daben talde bien –Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak– gehiengo parlamentarioak eragin dau gaur goizean Osoko zuzenketa-eskeak atzera botatea eta aurrekontuen foru arauaren proiektua izapidetzeko prozesuagaz jarraitzea. Aurreikuspenak beteten badira, abenduaren 29ko osokoan emongo jako amaierea prozesuari.
2024rako Bizkaiko Aurrekontuen proiektuak 10.308 milioi euroko zenbateko osoa jasoten dau. Horreetatik 1.599 milioi Bizkaiko Foru Aldundiak datorren urterako erabilgarri daukan zenbatekoari jagokoz, Itxaso Berrojalbiz Ogasun eta Finantzetako diputatuak gogora ekarri dauenez. Legealdiko lehen aurrekontua aurtengoa baino handiagoa izango da, eta lehen aldiz 10.000 milioiko zenbatekoa gaindituko dau, 500 milioi gehiago izango ditualako. “Bizkaia denontzat” planean sartutako proiektu “estrategikoak” gauzatzeko “oinarriak jarten” dituen aurrekontuak dira. Berrojalbizek azpimarratu dauenez, 2024ko Kontuak “solidarioak” dira, egoera zaurgarrian dagozan personen beharrei erantzuten deutseelako –Gizarte Ekintzako aurrekontua “% 10 baino gehiago hazi da”–, eta “zuhurtasunez eta erantzukizunez” egin dira, zorpetzea Bizkaiko BPGaren % 4koa dalako, beste Administrazino batzuetatik “oso-oso urrun”.
Aldundiak aurkeztu dituan Aurrekontu horreekaz bat ez etozala adierazo dauen lehenengo bozeroalea Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaia taldeko Eneritz de Madariaga izan da. Osoko zuzenketa-eskearen aurkezpena defendidu dau, bere eretxiz, aurrekontu proiektuak ez daukalako gizartearen “erronka handiei” aurre egiteko “barrikuntzarik eta idea fresko eta sortzailerik”. “Krisi ekosozial eta ekonomikoari” aurre egiteko “betiko errezeta berberak” planteetan ditue. Kontuek ez deutsie erantzuten “punch-a galdu dauen Bizkaiari”, ezta “zerbitzu publikoen hondatzeari” edo fiskalidadea “eliteen zerbitzura” egoteari be. Zehatzago esanda, De Madariagak hainbat puntu kritikau ditu: itsasadarreko Ibaipekoa “ingurumenari egindako erasoa” dala esanez, trafikoa handitzeko “dei efektua” dauelako; zainketetan ikusten dan “konpromiso eskasa”; edo “edozeren gainetik merkaduan eta hazkundean” oinarritutako proiektu ekonomikoak bultzatzea.
Bizkaiko Talde Popularrak bat egin dau urriaren 31n Batzar Nagusietan erregistrau zan Aurrekontuen Foru Arau Proiektuaren eukiari buruzko kritika horreekaz, eta talde horrek be Osoko zuzenketa-eskea aurkeztu dau, Foru Gobernuak “dirua biltzeko dauen afanean” oinarrituta dagozan Kontuak diralako. Raquel González bozeroaleak salatu dauenez, Kontuak “neurriz ganekoak” dira, bere taldeak ezabatuko leukezan eta “sailetan dirua modu automatikoan injektetako balio daben” zergen edo bidesarien bitartez “aparteko” dirua sartzen dalako. “Zelakoa dan inork ez dakien” Urdaibaiko Guggenheim eta “auto-ilarak lekuz aldatuko dituan” Ibaipekoa lako proiektu “arranditsuak” kritikau ditu. Beste alde batetik, talentuari eusteko, merkataritza “enblematikoari” laguntzeko eta AHTagazko “konpromisoa” hartzeko baliabide gehiago eskatu ditu.
EH Bilduk, bere aldetik, Kontuak itzultzeko proposamena defendidu dau, aurrekontuak “jarraipen hutsa” dirala eta “bizkaitarren erronka handiei ez deutseela erantzuten” argudiatuta. Osasuna eta hezkuntzea lako erronka estrategiko handiez gain, Iker Casanova bozeroaleak lurraldean dagozan “beste arazo espezifikoago batzuk” aitatu ditu: desindustrializazinoak eragindako arazo ekonomikoak, lurraldeen arteko desorekak, zainketen krisia, trantsizino ekologikoa eta iraultza digitala. Casanovak politika fiskala kritikau dau, “aberatsentzat” diseinauta dagoalako, eta diru-bilketearen errekorra “fikzinozkoa” dala esan dau, ez diralako inflazinoa edo langabeziaren jatsierea kontuan hartzen. Diru-bilketea beharginen gain egotea kritikau dau. Modu berean, Casanovak zainketa “komunitarioko, kalidadeko, unibersaleko eta duineko” eredu “publiko” barriaren aldeko apustua egin dau.
Halanda be, foru Gobernua eusten daben talde bien (Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak) eretxiz, aurrekontu horreek zerbitzu publikoen eta gizarte prestazinoen defentsea jasoten dabe, eta ‘Bizkaia denontzat’ agintaldi planak marketan dituan lau trantsizinoetan aurrera egitea ahalbidetzen dabe: iraupen luzeko zainketak, digitalizazinoa, mobikortasun jasangarria eta ingurumena.
Bere esku-hartzean, Goyo Zurro bozeroale sozialistak gogoeta “orokorragoa eta ez hainbeste ekonomian zentrautakoa” egin gura izan dau, eta orain hamar urte euskal erakundeak eta, hedaduraz, Foru Gobernua gidatzeko EAJ-PNV taldeagaz lortutako akordioa azpimarratu dau. “Desadostasunak alde batera itxi eta desbardin pentsetan dauenagaz aurrera egin”, herritarren eskariari konponbideak emoteko, izan zan akordio haren “leit motiv-a”. Beste talde batzuek erakusten daben “epe laburreko begiradea” atzean itxita, Zurrok begiradea zabaltzera animau dau, hamarkada honetako BPGaren, langabeziaren eta Gizarte Segurantzako afiliazinoen bilakaereari buruzko datuak emonez. Langabeziari jagokonez bakarrik, “hamar puntu” bajau da aldi honetan; 2013ko “% 17,7tik” 2023ko “% 7,87ra” pasau da. 2024ko aurrekontuari jagokonez, personen beharrizanakaz lotura handiena daukien sailetan egin dau gora: Gizarte Ekintzan (% 10 hazi da), Enpleguan, Gizarte Kohesinoan eta Bardintasunean (% 11) eta Garraioetan, Mobikortasunean eta Turismoan (% 5).
Jesús Lekerikabeaskoa talde jeltzalearen bozeroaleak, bere aldetik, EAJ-PNV taldeak “herritarren aurrean erantzungo dauela eta bere berbea beteko dauela” adierazo dau, “herritarrek maiatzeko hauteskundeetan aukeratu ebezan proiektuak eta proposamenak babestuz”. Aldundiak aurkeztutako aurrekontua “ona da bizkaitarren bizimodua hobetzen jarraitzeko”. “Bizkaiko herritarren parte handiak konfiantzea izan eban gure proiektuan, eta EAJ-PNV-k bere berbea bete egingo dau”, ziurtatu dau. Batzarkide jeltzaleak Aldundiko sail guztietako inbertsino eta apustu garrantzitsuenak aitatu ditu, baina Gizarte Ekintzakoa azpimarratu dau, arlo horrek jasoten dauelako Aldundiko sailen 2024rako aurrekontuaren % 43a. “Eskuragarri dagozan hamar eurotik 4 eta erdi dira; 691 milioi baino gehiago. Izan be, Aldundiaren lehentasuna gizarte zerbitzuak, publikoak, publiko kontzertauak, publiko komunitarioak… izan dira eta dira. Persona gure politiken erdian jarten dogu, zerbitzuaren kalidadea bermatuta”, esan dau.
ZUZENKETA-ESKE PARZIALEN EZTABAIDEA
Osoko zuzenketa-eskeak atzera bota ostean, Batzar Nagusietako izapideak datorren astelehenean jarraituko dau, eta hilaren 21era arte luzatuko da, 388 zuzenketa-eske parzialen eztabaideagaz. Hasieran 390 ziran, baina Batzar Nagusietako Mahaiak Osokotzat hartu ditu EH Bilduk Ogasun eta Finantza Sailari aurkeztu deutsazan zuzenketa-eske bi. Biak be atzera bota ditue gaur. Halanda be, datorren astean oposizinoko taldeek zuzenketa-eske parzialak defendiduko ditue Ogasun eta Finantzetako batzordeak deitu dituan bederatzi saiotan; 176 Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaia taldeari jagokoz; 118 Bizkaiko Talde Popularrari; eta 94 EH Bilduri.