BIZKAIKO BATZAR NAGUSIAK ERATZEKO OSOKOA BAGILAREN 22AN EGINGO DA
- Ana Otadui Biteri Batzar Iraunkorreko Lehendakariak Agintaldiko lehenengo Osokorako deia egin dau egun horretarako Gernikako Batzar Etxean, aurreko hauteskundeetan aukeratutako batzarkideen herena akreditau ostean.
- Bost alderdi politikoetako 24 emakumek eta 27 gizonek isilpeko bozketa bidez aukeratuko ditue Parlamentuko lehendakaria eta Mahaiko gainerako kideak.
(Bilbon, 2023ko bagilaren 13an). Bizkaiko Batzar Nagusiek bagilaren 22an, eguenean, egingo dabe 2023-2027 agintaldi barria eratzeko batzarra Gernikako Batzar Etxean, maiatzaren 28ko hauteskundeetan aukeratutako batzarkideen herenak Batzar Nagusietako Erregistroan euren izaerea akreditau ostean. Saioaren buru, hasiera batean, Ana Otadui Biteri Batzar Iraunkorreko lehendakaria izango, eta 10:00etan hasiko da. Betiko lez, streaming bidez emongo da zuzenean, foru parlamentuaren webgunearen bitartez (jjggbizkaia.eus).
Azkenengo foru hauteskundeek parlamentu ia parekidea itxi dabe datozan lau urteetarako. Bertan, sei jarlekuren kolore politikoaren aldaketea azpimarratu behar da. 51 jarlekuak aurreko legealdian ordezkaritzea izan eben bost alderdien artean banatuko dira: EAJ/PNV, EH Bildu, PSE-EE, PP eta Elkarrekin Podemos. Aldaketarik ez badago, hilaren 22tik aurrera 24 emakumek eta 27 gizonek osotuko ditue Batzar Nagusiak. 26 arpegi barri egongo dira Osokoen Aretoan.
Osatzeko bilkuraren prozedurea aurreko agintaldietako berbera izango da. Lehenengo eta behin, Batzorde Iraunkorreko idazkarietako batek izendapen-agiriak aurkeztu dituen hurrenkeran deituko ditu akreditautako batzarkideak. Deiari erantzunez, Gernikako Batzar Etxean dagozanek banan-banan adierazoko dabe ekitaldian dagozala, eta, Lehendakariak eskatuta, euren jarlekuan jarriko dira, betebeharrak beteteari eta euren eskubideak autortzeari baiezkoa emoteko. Jarraian, bertaratutakoen artean adinez zaharrena dan batzarkideak hartuko dau lehendakaritzea, eta adinean bere atzetik datozan kide biak eta bi gazteenak konbidauko ditu, lehendakariorde eta idazkari lez Adineko Mahaia osotu daien. Azken horrek behin betiko Mahaia hautatu arte jardungo dau. Adineko Mahaia osatu ostean, isilpeko bozketa bidez, Batzarretako Mahaia izentauko da. Mahaiburua, Lehendakariordetza bik eta Idazkaritza bik osotuko dabe.
Lehendakaria aukeratzeko, batzarkide bakotxak izen bat idatziko dau boto-orrian, eta Batzar Nagusietako kideen gehiengo osoa lortzen dauena izango da hautatua. Hautagaietako batek be ez badau gehiengo osoa lortzen, bozka gehien lortu dituen bien artean errepikauko da bozketea, eta hor boto gehien dituan personea hautatuko da.
Lehendakariorde biak aldi berean aukeratuko dira. Batzarkide bakotxak izen bakarra idatziko dau txartelean, eta boto gehien lortzen dituen biak izango dira aukeratuak, hurrenkera korrelatiboan. Idazkaritzan arituko diran persona biak aukeratzeko formula bera erabiliko da.
Aurreko bozketak amaitu eta gero, hautatutako Lehendakariak behin betiko osotutzat joko ditu Batzar Nagusiak; jarduneko Ahaldun Nagusiari jakinarazoko deutso modu ofizialean, eta ordubete geroago egingo dan osokorako deia egingo dau. Osoko horren gai bakarra Bateraezintasunen Behin-behineko Batzordeko kideak izentetea izango da. Modu berean, hurrengo 20 egunen barruan egingo dan hurrengo osokorako deialdia –Bateratuezintasunak– zehaztuko dau. Deialdi horren ostean, eta epe finkorik barik, Ahaldun Nagusia izentetako osokoa iragarriko da.