HONDAKINAK KUDEAKEATZEKO PLAN INTEGRALAK BIZKAIKO BATZAR NAGUSIETAKO LEHENENGO IZAPIDEA IGARO DAU
- Bizkaiko Batzar Nagusietako Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko batzordeak Aldundiak proponidutako testua onartu dau, Batzar Nagusietako taldeek aurkeztu dituen 14 zuzenketa-eske parzialetatik 6 aldaketa gehituz.
- 2030era arte indarrean sartzeko orain osokoak berretsi beharko dauen Foru Arau Proiektuaren helburua da “Bizkaia hondakinen prebentzinoan eta kudeaketan erreferentziazko puntu bihurtzea, hondakinak murriztuz eta ahalik eta gehien aprobetxauz, berrerabilpena eta birziklapena edo balorizazino materiala lehenetsiz beste edozein tratamentu motaren ganetik”.
(Bilbon, 2024ko irailaren 18an). Bizkaiko Toki Eskumeneko Hondakinak Prebenitzeko eta Kudeatzeko Plan Integrala (BHPKPI 2030) jasoten dauen Foru Arau proiektua batzordean tramitau da, Foru Aldundiak aurkeztutako testuan 6 aldaketa gehituta. Orokorrean, hamarkadatik geratzen danerako (2024-2030) tokiko hondakinak kudeatzeko ibilbide orri horren helburu nagusiak hondakinen sorrerea % 15 murriztea eta sortzen diran 5 kilotatik 4,9 berreskuratzea dira, Arantza Atutxa Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko diputatuak joan dan bagilean informazino batzorde batean laburtu ebanez.
200 orrialde baino gehiago dituan dokumentuak Batzar Nagusietako taldeen 14 zuzenketa-eske jaso ditu. Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko batzordeak aldeko botoa emon deutsie gaur foru Gobernua eusten daben talde biek batera proponidu dituen 6 aldaketei. Sei aldaketa horreetako gehienak herritarren alegazinoak ziran. Aldaketok zerikusia dabe, besteak beste, hondakinen kudeaketeari buruzko datuak Gardentasunari buruzko Foru Arauaren arabera argitaratzeko kapituluan izandako hobekuntzeagaz eta bilketarako ibilgailuen kilometrajea murrizteagaz.
Oposizinoak aurkeztutako zuzenketa-eskeek, barriz, ez dabe ibilbide bera izan. Batzordeak ez ditu onartu Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaia taldeak erregistrau dituan zuzenketa-eske biak eta EH Bilduk batzordean defendidu dituan 6 aldaketak. Bizkaiko Talde Popularrak ez dau zuzenketa-eskerik aurkeztu.
Talde Berezia, arrakastarik barik, udal bakotxerako tokiko prebentzino plan espezifikoak sortzearen alde agertu da. Beste zuzenketa-eske batean, talde horrek eskatzen eban “hondakinen kudeaketearen arloko gizarte-talde garrantzitsuak” sartzea planaren jarraipena egingo dauen, eta Aldundiko, Garbikerreko, udaletako eta mankomunidadeetako ordezkariak be egongo diran, eragileen batzordean.
EH Bilduk, bere aldetik, ez dau lortu foru Gobernuari eusten deutsien taldeakaz zuzenketa-eskerik adostea. Bere asmoa zan Ontzien Gordailu, Itzulketa eta Berrerabilpen Sistemen (OGIB) ezarpena sustatzea, hondakinak sortzeagatiko ordainketa sistema bat eta hondakin komertzialak batzeko “atez ateko” beste sistema bat ezartea, eta hainbat frakzino (papera, ontzi arinak eta beirea) kudeatzeko erakundeak, SCRAP izenekoak (Ecoembres, Ecovidrio...), ezabatzea, kudeaketa zuzeneko neurriak ahalbidetuz.
Koalizino abertzaleak, hondakinak botateko orduan erabiltzailea identifikauko dauen sistemea martxan jartea, Zabalgarbiko instalazinoa “behin betiko” ixtea, biometanizazino plantea beharrezkoa dan ala ez aztertzea eta erakunde, enpresa eta gizarte eragileek parte hartuko daben organo “aholku-emoilea” sortzea be planteau dau.
Arauzko testuak aurrera jarraituko dau, dokumentuak Bizkaiko Batzar Nagusietan gehiengoa diran eta foru Gobernuari eusten deutsien talde bien –Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak– aldeko botoa jaso dauelako. Oposizinoa abstenidu egin da proiektuaren epigrafeen botazinoetan (Eranskinak, Artikulu Bakarra, Xedapen Orokorrak eta Atarikoa). Eztabaidea amaituta, oposizinoko taldeek euren zuzenketa-eske guztiak ikasturte parlamentario honetako lehenengo Foru Arauari hasierea emoteko azken berbea izango dauen osokorako gordetea erabagi dabe.
Arauak, alderdiren baten aldaketaren bat jaso daiken arren, kontrako botorik barik egingo dau aurrera, izan be, horren alde dagozan taldeak prest agertu dira, zelanbait, gizarte-eragileen parte-hartzea bideratzeko kudeaketa-organuetan, erdibideko zuzenketa-eskeren baten bidez. Testu arauemoilean sartuko dan planak jasoten dauena kontuan izanda, “Bizkaia hondakinen prebentzinoan eta kudeaketan erreferentzia puntu bihurtzea bultzatu gura da, hondakinak murriztuz eta ahalik eta gehien aprobetxauz, berrerabilpena eta birziklapena edo balorizazino materiala lehenetsiz beste edozein tratamentu motaren ganetik”.