ALDUNDIAREN AGINDU PLANAREN HELBURUA BIZKAIKO EGITURA EKONOMIKOA, GIZARTE ZERBITZUAK ETA HERRITARREN ARRETEA INDARTZEA DA
- Elixabete Etxanobe Bizkaiko Ahaldun Nagusia Bizkaiko Batzar Nagusietara etorri da, bere gobernuaren ekintzea markauko dauen ibilbide orria azaltzeko. Bertan, 6 ardatz estrategiko nagusi eta 2027ra arte gauzatu beharreko “lehentasunezko” 120 jarduketa identifiketan dira.
(Bilbon, 2023ko irailaren 29an). Aldundiak gaur hasi ditu Bizkaiko Batzar Nagusietan Legealdi honetarako jarduketa planak azaltzeko jardunaldiak. Elixabete Etxanobe Ahaldun Nagusiak, berak eskatuta, “Bizkaia Denontzat” gobernu plana aurkeztu dau batzordean. Izen horren pean, Gobernuak hurrengo lau urteetan egingo dituan jarduketak gidatzeko ibilbide-orria dago. Plan horrek “lehentasunezko” 120 jarduketa jasoten ditu 6 ardatz “nagusitan”. Horreekaz, Bizkaiko egitura ekonomikoa indartzea, “kalidadeko” gizarte zerbitzu publikoak eregitea eta Aldundi “eraginkorra, gertukoa eta irisgarria” lortzea espero dau Bizkaiko Gobernuak.
Batzar Nagusietako taldeen aurrean, Bizkaia “ekonomiaren aldetik oparoa, eremu sozialean aurreratua, berdea, nortasun propioduna, lurralde-orekaduna eta Aldundi indartsu, hur eta modernoa izango dauena” lortzeko konpromisoa hartu dau Etxanobek. Batzuetan aurreko agintaldiko “Bizkaia Egiten” planetik datozan jarduketakaz egingo dau, eta, beste batzuetan, barritasunak izango dira. Horreek guztiek “1.900 milioi euro inguruko” inbertsinoa eskatuko dabe.
Etxanobek adierazo dauenez, Aldundiak “asmo handiko helburuak baina errealistak ezarri ditu, gure indarguneez, eskumenez eta gaitasunez jaubetuta. Helburu eskuratuezinak markau barik. Nondik gatozan eta zein unetan gagozan jakinda. Eta, batez be, guztion artean egin behar dogun etenbako hobekuntzarako bidea egiten jarraitzeari begira.”
Foru Gobernuak oinordetzan jaso dituan proiektuen artean, ibai azpiko obrak hastea, metroaren 5. linea, itsasadarraren bulebarra, Barakaldo eta Erandio arteko zubi mobikorra, Arte Eder Museoaren handitzea edo Guggenheim Museoa bultzatzea sartzen ditu, baita honeek gauzatzea be: Belaunaldien arteko Getxoko Zentroa, egoitza bi Sestaon eta Abadiñon, erreferentziazko eskualdeko zentro barriak Leioan eta Gernikan eta desgaitasuna daukien personentzako zentro barria Muxikan. Modu berean, ikus-entzunezko hub bat eregiko da Zorrotzaurren, eta leku horretan bertan talentudun personentzako egoitzea. BATen sendotzea eta EtxeTIK Zallan, Basaurin, Mungian, eta Markinan hedatzea izango dira jarraipena eskatuko daben beste proiektu batzuk, Etxebarritik Markinara bitarteko eta Ermuko eta Las Carreras mendebaldeko saihesbideek lez, besteak beste.
Barritasunen artean, Etxanobek, Iraskunde, Gobernamentu On Eta Gardentasunerako Batzordean egin dauen agerraldian, Bizkaibizi zerbitzua eta Udalekuak zabaltzea, gura ez dan bakardadeari erantzuteko estrategia, teknologia kuantikoen inguruko erakargunea, Zallako produkzino artistikorako fabrikea edo udalei eta mankomunidadeei espazio degradauak berreskuratzeko laguntzak emoteko programea aitatu ditu.
BATZAR NAGUSIETAKO TALDEAK
Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaia taldeko Eneritz de Madariagak esan dauenez, Foru Gobernuaren plan barria, “Bizkaia Egiten” izenekoan agertzen dan aurreko ibilbide orriaren “moztu eta itsatsi” hutsa da. “Betiko gauza bera” da eta horrek “kezkea eta penea” eragiten deutso, gizartean bizi diran egiturazko aldaketen aurrean, “betiko politiken” aldeko apustua egin dalako. Pozik agertu da Ahaldun Nagusiak iragarri dauelako fiskalidadearen azterketea urtea bukatu baino lehen helduko dala eta datorren urtean erreforma fiskala egiteko oinarria izatea espero dala (Etxanobek “barrikuspen” fiskala 2024an hasteaz egin dau berba). Talde moreko batzordekideak faltan bota dau landa eremuari megaproiektu eolikoen aurrean laguntzea.
Raquel González Batzar Nagusietako bozeroale popularra “arduratuta” agertu da, jarduketak “ez diralako guztiengana heltzen” eta “bakarrik batzuk” pozik ixtera bideratuko diralako. Faltan bota ditu Elorrioko eta Gueñeseko zentroen, otsoaren inguruko politikearen, enpresentzako fiskalidadearen, Loiuko saihesbidearen eta Foru Administrazinoan “bikoiztasunak” saihesteko ekintza espezifikoen inguruko aitamenak.
Goyo Zurro Euskal Sozialistak taldeko bozeroalea pozik agertu da planak Foru Gobernua eusten daben alderdi biek, euren hauteskunde programetan oinarrituta, hauteskundeen ostean adostu ebena jasoten dauelako. Lau urte honeetan “zeharkaldia nasaiagoa izatea” (pandemia eta gerrea) eta plana “osatu” ahal izatea espero dau, “baita gehiago garatu eta aurrera egin be”, bidean “erronka barriak eta desafioak topauko doguzalako”. Planak Bizkaiko gizartearen erronka handien aurre egiteko ekintzak jasoten dituala azpimarratu dau: “klimatikoa, teknologiko-digitala eta demografikoa”. Eta “desbardinen arteko akordioak bilatzeko eskua luzatu” gura izan dau.
“Arpegiak aldatu dira, baina ez politikak”, esan dau Iker Casanova EH Bilduko bozeroaleak, eta adierazo dau penagarria dala Aldundiaren ibilbide-orriak politika “kontinuista” proponiduten dauela ikustea, bertan “ez dagoalako proporzionaltasunik proponiduten diran neurrien eta dagozan erronken artean”. Aurreko agintaldiko planen “balorazinoa” eta Bizkaiak industrian eukan “punch-a” 5.0 industriaren eta “kalidadeko enpleguen” bitartez berreskuratzea ahalbidetuko daben formula barriak bota ditu faltan. Hirugarren Sektorerako “talka plana” eta aberastasuna banatzeko balioko dauen erreforma fiskala bertan sartzeko eskatu dau, “azaleko aldaketa kosmetikoak” egin barik.
Jesus Lekerikabeaskoak Euzko Abertzaleak taldeko bozeroaleak azpimarratu dauenez, Etxanobek “bere berbea bete dau” agintaldiko plana legealdiko lehenengo 100 egunetan aurkeztu dauelako. Bizkaiko “erronka nagusiei aurre egiteko” plana da. Oposizinoak, plana kontinuistatzat joteagaitik egin dituan kritikei jagokenez, Bizkaiko zerbitzu publikoen kalidadea jarri dau mahai ganean. Herritarrei bideratu jaken “berbeari eusten deutsagu”; hori dala eta, bere berbetan, gizarteak egiten ari diran politiketan jarri dau barriro konfiantzea, herritarren beharrak “ez diralako aldatu”.