BIZKAIKO LEHEN SEKTORERAKO TALKA-PLANAK IA MILIOI 2 EURO INJEKTAUKO DITU DATOZEN HILEBETEETAN, 10 NEURRIREN BIDEZ
- Amaia Antxustegi Ziarda Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko foru diputatuak, “berehalako” ekintza-planerako prozesua eta haren eukia azaldu ditu Bizkaiko Batzar Nagusietan egindako agerraldian. Plan horretan, beste batzuen artean, laguntza zuzenak, azpi-sektoreetarako plan bereziak, tokiko ekoizpena ezagutuarazoteko kanpainak, parasitoen kontrako burrukea edo baso-kudeaketa jasangarrirako kongresu bat jasoten dira.
- Aldundiak, “18 hilebetez” “epe luzeagorako” beste neurri batzuk aztertzeko lantaldea be ezarriko dau.
(Bilbon, 2022ko irailaren 15ean). Aldundiak lehen sektorerako talka-plan berezia egiteko prozesua eta haren eukia jakinarazo ditu gaur Bizkaiko Batzar Nagusietan. Plan horrek 10 neurri, 1.955.000 euroko inbertsinoa eta 6 hilebeteko aplikazino-aldia jasoten ditu. Plana “sektoretik eta sektorearentzat berarentzat” sortu da, energiaren prezioaren igoerak, inflazinoak edo Ukrainako gerrak markautako testuinguru ekonomiko gatxean. Baina sektorearen arazo handiak “ez dira talka-plan bategaz konpontzen”, eta konponbideak ez dira “aldebakarrez” eregiten. Hori dala eta, Aldundiak “18 hilebeteko” eztabaida-prozesua zabalduko dala iragarri dau, “garrantzi handiagoko eta ibilbide luzeko” kontuak konpontzeko.
Amaia Antxustegi Ziarda Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko diputatuak egin dau iragarpena gaur Bizkaiko Batzar Nagusietako bilkura-aldi barriko saioak inaugurau dituan batzordean. Gogorarazo dauenez, plan hori bagilean aurkeztu zan, lanerako 11 talderen eta “apiriletik maiatzera” egindako bileren bidez sektoreagaz hausnarketarako aldia ezarri eta gero. Bilera horreek dokumentu batean gauzatu ziran. Dokumentu horretan fiskalitateari, ekoizpen-sistemei, hondakinei, araudiari, belaunaldien arteko errelebuari eta abarri buruzko ehun hobekuntza-proposamen baino gehiago jaso ziran.
Antxustegik gogorarazo dauenez, sektoreari laguntzeko “epe luzeagorako” beste neurri batzuk ezarteko laneko mahai berezia sortuko dau Aldundiak. Mahai hori 18 hilebetez arituko da beharrean, sektoreagaz “bilera gehiago” eginez eta “ahalik eta adostasun handiena” lortuz. Diputatuak aitatu dauenez, baterako lan horretan gai honeek aztertuko dira: laguntza-planen barrikuspena, abeltzaintza estentsiboaren antolamendua, lurren funtsa, belaunaldien arteko errelebua, araudia, digitalizazinoa, landa-bideak edo neurri fiskalak.
Talka-plan horren zenbateko nagusia ustiategiek, Ukrainako gerra hasi ostean batez be, jasan daben “errentagarritasun-galera arintzera” bideratuko da. Hori dala eta, Aldundiak, bere lehenengo neurrian, 1,2 milioi euroko zuzeneko laguntzak planteau ditu sektorearentzat, eta hori abenduan “gauzatzea” aurreikusten dau.
Ganerako laguntzak –800.000 euro inguru– beste bederatzi ekimenen artean banatuko dira. Dirua egongo da ustiategiak berregituretako eta modernizetako planetarako (200.000 euro); basa-faunaren prebentzinorako (80.000 euro); mahastietarako eta txakolinerako (105.000 euro) eta sagarrondoentzako eta sagardaoarentzako (35.000 euro) plan bereziak egiteko; nekazaritzako eta abeltzaintzako hondakinen kudeaketea hobetzeko (90.000 euro); 0km produktuen zuzeneko salmenta sustatzeko (120.000 euro), sektorearen onurak azpimarratuko dituan dibulgazino-kanpainarako (80.000 euro); erlezaintzaren sektoreko erlauntzen ekoizpenaren “% 30” galtzea eragin dauen Varroa akaroaren kontrako burrukarako (20.000 euro); eta, azkenik, Bilbon, azaroaren 15ean eta 16an, basogintza-kudeaketa jasangarriari buruzko biltzarra antolatzeko (25.000 euro).
Oposizinoak kritikau egin dau planean gai garrantzitsurik ez egotea, bai eta laguntzen zenbatekoa be. Eduardo Andrade Talde Bereziko bozeroalearen eretxiz, plana “berandu dator”, Ukrainako gerra hasi aurretik be “arazo asko egozalako”. Kalkuluen arabera, laguntza horreek batez beste, “136 euro” inguru injektauko ditue ustiategi bakotxean.
Elkarrekin Bizkaia taldeko Xabier Benitok kritikau egin dau Aldundiak sailen aurrekontuaren “% 16” prentsa ohar baten bitartez “despatxau” izana, Bizkaiko Batzar Nagusietan eztabaidatu barik eta aurretiazko informazino barik. Talde horretako batzordekideak ez dau talka-planean klima-aldaketaren ondorioei edo ustiategien tipologiaren arabera prima desbardinak ezarteari buruzko aitamenik ikusten.
Beste alde batetik, Raul Mendez EH Bilduko batzordekideak plana “labur” geratu dala esan dau. Hasiera batean, tokiko ekoizpena sustatzeko “ahalegin handiagoa” eskatu dau. 120.000 euro bideratuko dira horretara. Bere taldearen eretxiz, planak ez ditu “lehentasunezko” beste gai batzuk jasoten; esaterako, ustiapenen energia-autonomia, ur-kontsumoa, belardien erabilerea edo elikagaien erosketa publikorako neurriak.
Foru Gobernua babesten daben taldeek, barriz, txalotu egin dabe sektoreagaz adostuta sortu dan eta “izapide handi barik” aktibauko diran neurriak dituan plana. Jesus Maria Ortiz batzordekide sozialistak esan dau talka-plana “oinarrizkoa” dala sektorearentzat, eta egoerea “aztertzen jarraitzeko” gonbita egin deutso Aldundiari, “behar barriak sortzen badira be”.
ZUGAZTIETAKO ERABILEREN ANTOLAKETEA
Aldundiak eskatutako beste agerraldi batean, Foru Gobernuak Zugaztietako mendi publikoaren erabilerea antolatzeko emongo dituan hurrengo pausuak kontau ditu Amaia Antxustegik. Izan be, lurzorua antolatzeko prozesuak “atzean itxiko ditu” abeltzainakaz egon diran gatazkak. Zonaldea zaintzeko eta ordenetako ahaleginen errepaso laburra egin eta gero, diputatuak “La Arboleda” Mendiaren Antolamendurako Plana idazteko lizitazino-prozesua iragarri dau.
Diputatuak adierazo dauenez, abeltzaintza-jardueran ari diranen eta inplikautako udalen eretxia kontuan hartuta egingo dan behin betiko dokumentuak abeltzaintza-bazterketako eremuak, erabiltzaileen erroldea eta belardiak aprobetxetako eremuak ezarri beharko ditu, bai eta eraikuntza prekarioak ezabatu, azpiegiturak eregi edo zehapen-araubidea egin be. Plan hori egiteko lehiaketaren aurrekontua “29.500 eurokoa” izan da, eta “3 hilebetean” egon daiteken kontratuaren esleipenetik “15 hilebeteko” epean gauzatu ahal izango da.
Batzar Nagusietako taldeek, prozesu hau Foru Administrazinoaren eta inguruko abeltzainen artean lurzoruen erabilerarengaitik sortzen diran gatazkakaz “behin betiko” amaitzeko baliagarria izatea espero dabe. Elkarrekin Bizkaiak eta EH Bilduk, planak, arazo horreen sorburu izan dan larreen ustezko eskubide historikoa “errespetau eta bermatu daiala” eskatu dabe. “Ahal dan neurrian izango da bateragarria”, erantzun dau Antxustegik.
AIXERROTAKO PAELLAK
Eguneko azkenengo puntuan, Batzar Nagusietako Elkarrekin Bizkaia taldeak Aixerrotako paellen jaiek inguruan izango daben eraginari buruz galdetu deutso diputatuari. Ahozko erantzun-eske baten bidez, inguruan “gero eta handiagoa” dan eragina murrizteko Foru Aldundiak neurri “handiagoak” hartuko ete dituan jakin gura eban talde horrek, batez be “ofiziala ez dan” eremuan, bertan “egurrezko karpa handiak eregiten diralako, batzuetan lurzoruan zementua botata, eta zuhaixkak moztu egiten diralako, eta batzuetan inguruko pinudi babestu batean be sortzen da eragina”. Xabier Benito batzordekidearen berbetan, “jai ezagun horretan hondakin ugari sortzen da, tamainu handikoak batzuk, etxetresna elektrikoak barne, eta sute-arriskua agerikoa da”.
Antxustegik adierazo dau bere sailak “ez dauela arau-hausteen aktarik egin” jai horrengaitik, eta ez dala “ezelango gorabeherarik izan” Aixerrotako pinudiaren inguruan, hau da, bere sailak eskumena dauen leku bakarrean. Kuadrillek basoa “errespetau” dabe, neurri handi batean Getxoko Udalak martxan jarritako prebentzino-neurriei esker. Erakunde horrek kudeatu dau ekitaldia, “modu aktiboan eta behar dan moduan”, eragin posibleak saihesteko.