ENKARTERRIETAKO MUSEOAK ORAIN DALA 500 URTEKO ARGITALPENAK DITUAN ARECHABALA-CHAVARRI FAMILIAREN ONDARE DOKUMENTALA BERRESKURATU DAU

  • Bizkaiko Batzar Nagusien jaubetzakoa dan museoak, familiaren artxibo horretako 127 pieza dokumentalen 1.596 orrialde eskaneau eta bere webgunera igon ditu, errazago irakurri eta kontsultau ahal izateko.

 

(Abellanedan, 2023ko abenduaren 14an). Enkarterrietako Museoak eta Bizkaiko Batzar Nagusiek, jatorriz Gordexolakoa dan Arechabala-Chavarri familiaren XVI. mendetik XIX. mendera bitarteko antxinako bilduma dokumentala berreskuratu dabe. Enkarterriko familia historiko horren bibliografia-moltsoa museoaren webgunean (www.enkarterrimuseoa.eus), “Dokumentu-funtsa” atalean, doan kontsultau daitekezan 127 dokumentuk osatzen dabe. Guztira, eskuz idatzitako 1.596 orrialde eskaneau dira. 

Urte batzuetatik hona, Batzar Nagusiak eta Enkarterrietako Museoa, Enkarterriko ondare-elementu propioak bilatzea, eskuratzea, zaharbarritzea eta horreen balioa nabarmentzea barne hartzen dauen ondarea berreskuratzeko programea ari dira gauzatzen. Alde horretatik, horma-pinturak, eskulturak, tailak edo pieza etnografikoak berreskuratu dira, besteak beste. Oraingoan, Manuel Nicolás de Arechabala y Chavarri, Arechabala-Chavarri familiaren oinordekoaren artxibo pertsonala jasoten daben pergaminoz koadernautako hiru liburuki handi batzen dituan eta aspaldi berreskuratu zan dokumentu-bilduma da. Historian zehar Gordexolako haraneko familia garrantzitsuenetakoa izan da.

Artxiboan, beste dokumentu batzuen artean, ordainketa-gutunak, testamentuak, erroldak, ezkontza-kontratuak, eskriturak, salmentak, kaparetasun-informazinoak, ordainagiriak, maileguak… dagoz, eta batez be Gordexolari buruzkoa dan arren, Gueñes edo Balmaseda lako beste leku batzuei buruzko informazinoa be emoten dau. Familiaren artxibo horri esker, ondare elementu bat edo Enkarterriko historiaren parte bat berreskuratzeaz gain, Antxinako Erregimena edo Aro Modernoa deritxan epealdian zehar, hau da, 1500etik 1850era bitarte inguruko garaian, Bizkaiko komunidade baten bizimodua edo egunerokotasuna be ezagutu ahal izango dogu.