ENKARTERRIETAKO MUSEOAK XVIII. MENDEKO EUROPAN ENBAXADOREA IZANDAKO SEBASTIÁN DE LLANO BIZKAITARRAREN DOKUMENTAZINOA BERRESKURATU DAU
- Bizkaiko Batzar Nagusietako Kultura Zentroak ahanzturatik atera dauz Muskizeko semea zan diplomatikoaren gutun personalak. Bertan, hain zuzen be, Danimarkaren, Suediaren, Errusiaren eta Prusiaren arteko gatazkak azaltzen dauz, baita sasoi haretako politikeari buruzko era bateko eta besteko informazinoa be.
(Sopuertan, 2024ko martiaren 11n). Sebastián Llano de la Quadra (1736-1793) Muskizen jaio zan, Espainiako monarkiako kortean karguak euki ebazan familia bateko kidea zan eta Europako enbaxada batzuetako arduraduna izan zan XVIII. mendeko lau hamarkadatan. Enkarterrietako Museoak 1770etik 1773ra bitartean Suediako enbaxadorea zanean berak idatzitako dokumentazinoa berreskuratu dau, eta sasoi haretako errealidade politiko europarraren adierazgarri da. Dokumentazino horren zati handi bat bere goragoko nagusiakaz trukautako gutun personalak dira, eta, gaur egun, Bizkaiko Batzar Nagusietako Kultura Zentroaren webgunean dagoz ikusgai, digitalizetako aurretiaz egindako lanari esker.
Muskiztar honek curriculum bikaina dauka diplomatiko moduan. Austriako (1760-1763), Danimarkako (1763-1768), Suediako (1772-1775) eta Herbehereetako (1779-1789) enbaxadorea izan zan. Gutunetan jorratzen diran gai interesgarrienen artean, Suedian monarkia absolutistea barriro ezartea sorrarazo eben mobimentu politiko europarrak agertzen dira. 1772an, Gustavo Suediako errege koroitu eben, eta, handik gitxira, estadu-kolpea emon ebanez, parlamentuari poderea kendu eta absolutismora itzuli ziran. Bere gutunetan, Danimarkaren, Suediaren, Errusiaren eta Prusiaren arteko beste gatazka batzuen zehetasunak be agertzen dira, baita urte hareetako politika europarrari buruzko era bateko eta besteko informazinoa be.
Sebastián de Llano Espainiako monarkiako enbaxadorea zanez, mobimentu politiko hareetan guztietan egon zan murgilduta. Hori dala-ta, bere goragoko kargudunei emoten eutsen informazinoa, eta bere eretxia be adierazoten eban bertan, bere dokumentu batzuetan irakurri geinken lez; “1765eko zezeileko itunean, Errusian eta Danimarkan […] alderdi biak bete-betean ahalegindu ziran Suedian edozein gobernu-aldaketari aurka egiten, orduan jakinarazo neban lez […] Prusiako erregeak bakarrik hainbat bider errepikau deutso erregina ama honi, bere arrebeari (bere ahotik entzun dot, hain zuzen be), Berlinen daukan etxean, beretzat tamalgarria izango zala errege honek, bere lobeak [Gustavo], poderea edozelan eskuratzea…”.
Enkarterrietako Museoko Javier Barrio zuzendariarentzat, dokumentazino honetan argi eta garbi adierazoten da bizkaitarrek munduan euki eben eragina “hasiera baten pentsau geinkean baino askoz be handiagoa izan zala. Batzuetan, geure arbasoetan pentsetan dogunean, arrantzaleak, baserritarrak edo burdineagaz lotutako familiak eta, batzuetan, nabigatzaile handiak be bajatorkuz burura”. Edozelan be, bere ustetan, “beste gauza batzuk be egin genduzan. Korsarioak, merkatariak zein indianoak egon ziran, eta Europako herrialde askotako gatazka politiko zein sozialetan egon ziran politikariak eta enbaxadoreak be bai”. Euren eragina behar dan moduan islatuta dago Enkarterrietako Museoaren webgunean ikusgai dagoan dokumentazinoan, hain zuzen be (www.enkarterrimuseoa.eus).