ENKARTERRIETAKO MUSEOAK KULTUR JARDUEREZ BETETAKO DENPORALDIA ANTOLATU DAU ARTE GOTIKOAREN ERAKUSKETEAGAZ ETA BERE 90. URTEURRENAGAZ BAT ETORRITA

  • Udabarrira arte, Bizkaiko Batzar Nagusien esku dagoan zentroak “Erdi Arotik gugana. Arte gotikoa Enkarterrin” erakusketa-proiektuagaz erlazionautako 17 jarduera programau ditu.
     
  • Datorren eguenean, irailaren 19an, Bilbon egingo dan inaugurazino-berbaldiaren ostean, zaharbarritze-tailerra, zaharbarritutako arte-tailen aurkezpena eta dozena bat kultur ibilbide egingo dira Abellanedan.
     
  • Jarduera horreek eskualdeko parrokiakaz eta udalakaz eta lurraldeko beste zenbait kultur zentrogaz (El Pobaleko Burdinolea, Arkeologi Museoa, Euskal Museoa eta Arte Sakratuaren Museoa) alkarlanean egingo dira.

 

(Bilbon, 2024ko irailaren 16an). Denporaldi honetan, bere 90. urteurrenagaz bat etorrita, Enkarterrietako Museoak zabaldu egingo dau bere kultur programazinoa. Joan dan bagilean inaugurau zan “Erdi Arotik gugana. Arte gotikoa Enkarterrin” aldi baterako erakusketea biztugarri izango da daborduko sendoa dan eta erakusketa horregaz zerikusirik ez daben beste jarduera finko batzuk be badituan urteko programazinoan 17 jarduera barri sartzeko. Aldi baterako erakusketeagaz erlazionautako ekimenen artean, datorren irailaren 19an Batzar Nagusien Bilboko egoitzan egingo dan inaugurazino berbaldia, zaharbarritze tailerra, zaharbarritu dan ondareari balioa emotea, proiektu didaktikoa eta arte gotikoak eskualdean itxi dauen arrastoa ezagutzeko 12 ibilbide kultural nabarmendu behar dira. 

Abellanedan (Sopuerta) dagoan eta Bizkaiko Batzar Nagusien jaubetzakoa dan kulturguneak, bagilean inaugurau eban datorren urteko apirilera arte zabalik egongo dan “Erdi Arotik gugana. Arte gotikoa Enkarterrin” erakusketea. Urregintzaren, irudien eta margolanen artean ondare balio handiko 38 pieza batzen dituan erakusketea Jesús Muñiz Petralanda historialariak XIII. eta XVI. mendeen artean Bizkaiko ondarean aztarna garrantzitsu besteko ezezaguna itxi dauen garai artistiko zaharraren inguruan egindako lanean oinarritzen da.

Proiektu horren emoitzea Enkarterriko kultu-tenpluetan zehar zabaltzen dan arte gotikoari buruzko argitalpena izan da, eta datozan hileotan jarduera sorta zabalagaz osatuko da. Jarduera horreek eskualdeko parrokiakaz eta udalakaz (Karrantza, Zalla eta Gordexola) eta Bizkaiko beste kultur zentro batzuakaz batera egin dira, El Pobaleko Museo-Burdinoleagaz (Muskiz), Arkeologia Museoagaz, Euskal Museoagaz eta Arte Sakratuaren Museoagaz, besteak beste.

Jarduera horreen artean, Bizkaiko Batzar Nagusiek finantzetan daben eskultura piezen zaharbarritze proiektua nabarmendu behar da. Batzuk daborduko berreskuratu ditu Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Ondarearen Zerbitzuak, eta Rocío Fernández Amezua zaharbarritzaileari beste batzuk berreskuratzea eskatu jako. Azkenean, bederatzi pieza sartuko dira Enkarterrietako Museoaren ondarean, aitatutako museoetako bategaz sinatutako lagapen hitzarmenari esker. Holan, 2025. urtearen amaierarako, Museoak bere ondare-katalogoa zabaldu egingo dau Gordexola, Balmaseda, Gueñes, Artzentales eta Muskizetik datozan XIV. eta XV. mendeetako egurrezko tailakaz.

Garai gotikotik egingo dan bidaia horretan, Enkarterrietako Museoak, aitatutako Rocío Fernández Amezua zaharbarritzaileak zuzenduko dauen zaharbarritzeari buruzko tailer didaktikoa antolatu dau. Berbaldia eta kultur ibilbideak, barriz, erakusketeari izenburua emoten deutson “Erdi Arotik gugana. Arte gotikoa Enkarterrin” argitalpenaren egilea be badan Jesus Muñiz Petralanda historialariak egingo ditu.

Jarduera horreek guztiak dobakoak izango dira, eta bertara joan ahal izateko izen-emoteak aurretik zabalduko dira Enkarterrietako Museoaren webgunean.

 

INAUGURAZINO-BERBALDIA:

Irailak 19, 18:30ean

Jarduera horreen hasierea datorren astean izango da, Jesus Muñiz Petralandak emongo dauen inaugurazino-berbaldiagaz. Bizkaiko Batzar Nagusietako berbaldi aretoan izango da (Hurtado de Amezaga kalea, 6. Bilbo).

 

KULTUR IBILBIDEAK:

Guztira 12 ibilbide programau dira Enkarterriko hainbat lekutatik. Kultur ibilbide horreek guztiak historialari berak gidauko ditu. Hasteko, Enkarterrietako museoko arte gotikoko “Erdi Arotik gugana. Arte gotikoa Enkarterrin” erakusketea bisitauko da. Ibilbidearen zati bat autobusez egingo da.

 

Irailak 26

Zallako San Migelen taila gotikoa. Gotikoaren erreferentea Bizkaian. Bisitea Zallako San Migel eleizara. Zallako Udalagaz alkarlanean egindako jarduerea izango da.

 

Azaroak 12

Muñatoneseko San Martinen  tailea (Muskiz). Muñatones-Salazartarren orubean. Bisitea Muñatoneseko San Martin gaztelura eta San Martin baseleiza zaharraren hondarretara. Muskizeko El Pobal burdinoleagaz alkarlanean egindako jarduerea izango da.

 

Azaroak 23

Berbikizko San Joanen eta Molinarko San Joanen jatorri gotikoak (Gordexola). Bisitaldia Molinarko San Joan eta Berbikizko San Joan eleizetara. Bertan, XVI. mendearen hasierako harrizko tailei buruzko azalpenak emongo dira. Gordexolako Udalagaz alkarlanean egindako jarduerea izango da.

 

Abenduak 1

Soscañoko (Karrantza) San Ziprian eta Santa Maria elizak. Bailararen jatorrian zehar. Bisitaldia Soscañoko (Karrantza) San Ziprian eta Santa Maria eleizetara. Azken hori XX. mendeko eleizea da, antxinako gotiko berantiarreko eleiza baten ganean eregia, eta garai gotikoko ateburu bat kontserbetan dauen lehenengoa. Karrantzako Udalagaz alkarlanean egindako jarduerea izango da.

 

Urtarrilak 18

Portugaleteko Santa Maria Basilikea. Gotiko berantiarraren erreferentea. Bisitaldia Portugaleteko Santa Maria eleizara. Bertan, eleizearen traza gotikoaz gain, kapitel ugarien dekorazino gotiko berantiarra azalduko da.

 

Urtarrilak 25

Balmasedako San Seberino Basilikea. Harrizko eskultura gotikoa. Bisitaldia Balmasedako San Seberino eleizara. Bertan, eleizearen traza gotikoa, kontserbautako hileta-eskulturak eta kapitel zizelkatu ugariak ikusiko dira.

 

Otsailak 1

Gueñeseko Santa Mariaren jatorri gotiko berantiarra. Bisitaldia Gueñeseko Santa Maria eleizara. Bertan, gotiko berantiarreko Eguzkiaren Portada bikainean zentrauko da gidaria.

 

Otsailak 16

San Pantaleon baseleizea (Zalla). Baseleizearen bilakaerea gotikotik barrokora. Bisitaldia San Pantaleon baseleizea egon zan eta gaur egun dagoan lekuetara, jatorrizkotik kilometro batera. Bertan dago taila gotiko zaharrena, San Pantaleon berarena. Zallako Udalagaz alkarlanean egindako jarduerea izango da.

 

Martxoak 15/16

Muñatoneseko San Martin hazurrezko erliebe italiarrak (Muskiz). Bisitaldia Muñatoneseko San Martin Gaztelura eta Museo Arkeologikora (Bilbo). Bertan, XVI. mendearen hasieran Italiako iparraldetik Muñatonesera inportautako kutxa baten parte izango ziran hazurrez egindako taila txiki bi kontserbetan dira. Muskizeko El Pobal burdinoleagaz eta Arkeologia Museoagaz alkarlanean egindako jarduerea izango da.

 

Martxoak 29

Zalduko San Nikolaseko (Gordexola) moltso gotiko berantiarra. Bisitaldia Zalduko San Nikolas eleizara. Bertan, Gordexolan kontserbautako taila gotiko ugariak zehaztuko dira, beharbada erretaula baten parte izan ziran Zalduko hirurak batez be.

 

Apirilak 13

Romañako San Pedro eleizearen (Turtzioz) jatorri gotiko berantiarra. Bisitaldia garai gotikoko kapitel landuak kontserbetan diran eleiza horretara.

 

Apirilak 27

Pobeñako San Nikolas eleizako Andra Mari gotikoa. Bisitaldia Muskizeko auzo horretan dagoan eleiza txikira. Bertatik dator ezagutzen dogun Andra Mari gotiko txikiena. Muskizeko El Pobal burdinoleagaz alkarlanean egindako jarduerea izango da.

 

ZAHARBARRITZE TAILERRA

Abenduak 14

Zaharbarritze tailerra Rocio Fernández Amezuaren eskutik.

Jarduera horretan, zaharbarritze-lanetan dagoan piezetako bat erabilita, egurrezko tailak zaharbarritzeko erabilten diran teknikak eta prozesuak ezagutarazoko dira.

 

TAILA ZAHARBARRITUAK:

Bizkaiko Batzar Nagusiek hiru taila jarriko ditue balioan:

  • Lartundoko San Bartolomeren tailea (Gordexola). Gaur egun Lartundeko Santa Ageda baseleizea dan Lartundoko San Bartolome baseleizearen titularra izango zanaren XIV. mendeko eskulturea, Gordexolan.
     
  • Zalduko (Gordexola) pertsonaia ezezagunaren tailea. Seguruenez Zalduko eleizako gotiko berantiarreko taila moltso baten parte izandako lana, baina ez dakigu zein zan haren adbokazinoa.
     
  • Zalduko San Nikolasen tailea (Gordexola). Gaur egungo Zalduko San Nikolas eleizearen jatorrizko titularra izango zanaren XIV. mendeko piezea. 

Lotutako estekak: