ENKARTERRIETAKO MUSEOAK BISITA GIDATUAK ANTOLATU DITU, GEORGE A. DICK-EK MARRAZTUTAKO XIX. MENDEAREN ERDIALDEKO EUSKAL PAISAIAK IKUSTEKO

  • “George Alexander Dick. 1837-1903. Alemaniatik Barakaldora. Ingeniari alemaniar baten bidaia Euskal Herritik XIX. mendean” erakusketeak 1862 eta 1866 bitartean Barakaldoko Nuestra Señora del Carmen lantegian lan egin eban ingeniariak margotutako Euskal Herriko paisaia ezezagunak berreskuratzen ditu Abellanedako Enkarterrietako Museoan.
     
  • Bisitak dobakoak dira, baina izena emon behar da museoaren webgunean (www.enkarterrimuseoa.eus).

 

(Sopuertan, 2023ko maiatzaren 5ean). Bizkaiko Batzar Nagusien jabetzakoa dan Enkarterrietako Museoak bisita gidatuak antolatu ditu maiatzaren 14, 24 eta 25erako, 1862 eta 1866 bitartean Barakaldoko Nuestra Señora del Carmen fabrikan behar egin eban eta Euskadin zehar garai haretako euskal paisaiak eta estanpak margotzen ibili zan George Alexander Dick ingeniari alemaniarraren irudian sakondu gura daben personei zuzenduta. Bidaia-koadernoetan islatu ebazan marrazki hareek “George Alexander Dick. 1837-1903. Alemaniatik Barakaldora. Ingeniari alemaniar baten bidaia Euskal Herritik XIX. mendean” erakusketaren inguruan bildu dira. Ondare parebakoa osotzen dabe gure herrietako asko nolakoak ziran jakiteko, lekukotasun grafiko gitxi dagoen garai batean. 

Museoaren webgunean (www.enkarterrimuseoa.eus) dobako jarduera honetan izena emoten dabenek, alemaniar honek Euskadin egindako ibilaldietan jaso zituan arkatzezko 29 marrazkiak ikusi ahal izango ditue, eta egilearen bizitzan sakondu ahal izango dabe. Lanbidez ingeniaria hamarkada batzuk geroago Bizkaiko Labe Garaiak izan zirenaren hazitzat har daitekeen fabrikan, Dick marrazkilari birtutetsua izan zan bere tarte libreetan, eta gure artean egon zan denporan –1862tik 1866ra– zehaztasun handiz inprimidu eban paperean Euskal Herrian zehar egin ebazan ibilalditxo hareetan ikusten ebana.

Marrazkiak orain dala urte batzuk argitaratu ziran, senideek Ingalaterrako etxe bateko kamara batean aurkitu ebezanean. Dicken ondorengo batek Enkarterrietako Museoari laga deutsoz aldi baterako, Europan zehar leku desbardinak erakusten dituen beste marrazki batzuekaz batera, Euskal Herriko irudi argitarabako eta harrigarriakaz ezkutautako altxor hori herritarrek gozau ahal izan daien. Bertan, Bilbo, Barakaldo, Sestao, Portugalete, Santurtzi, Getxo, Pasaia, Tolosa, Hernani, Errenteria edo Aiako txoko ezezagunak ikus daitekez.

G.A. Dickek lan egin eban enpresetan ateratako ohar teknikoz be bete ebazan bere koadernuak. Bere marrazkiek XIX. mendearen erdialdeko industriaren bilakaerea eta garai haretako Bizkaiko garapenean industriak izan eban eragina ulertzen laguntzen dabe. Hori dala eta, erakusketak, Dicken kontakizun piktorikoaren bitartez Bizkaiko industrializazino prozesua lantzeko atal bat jasoten dau.

Bisita gidatuek ordubete iraungo dabe eta maiatzaren 14, 24 eta 25erako programau dira, txanda bitan, 11:00etan euskeraz eta 12:30ean gaztelaniaz. Ezinbestekoa da museoaren webgunean izena emotea (www.enkarterrimuseoa.eus).