ENKARTERRIETAKO MUSEOAK BELAUNALDIEN ARTEKO “AMAMA INFLUENCER” PROIEKTUAREN BIGARREN EDIZINOA ANTOLATU DAU

  • Sodupeko Eretzaberri Institutuko Bigarren Hezkuntzako ikasleek ahanzturatik berreskuratu dabe Enkarterriko emakumeen memoria, Cadaguako lantegietako behargin ohien testigantzari esker.
     
  • Emakumeen memoria historikoa berreskuratzeko proiektu hori Bizkaiko Batzar Nagusietako Gizonen eta Emakumeen Bardintasunerako II. Planaren barruan dago.

 

(Sopuertan, 2024ko martiaren 8an). “Amama Influencer” Enkarterrietako Museoak emakumeen memoria historikoa berreskuratzeko bultzatutako proiektua da, eta azkenengo asteotan hartu-emon estuan izan ditu Sodupeko Eretzaberri Institutuko Bigarren Hezkuntzako ikasleak eta eskualdeko adineko emakumeak, Cadaguako hainbat industriatako behargin ohiak, hain zuzen be. Proiektuaren helburua, hamarkadetan isilduta egon diran emakumeei ahotsa itzultzea da. Holan Enkarterriko gazteei euren kontakizuna eta bizipenak kontau ahal izan deutseez, ahaztu ez daitezan. Ikasleek proiektua hezkuntza-komunidadeari aurkeztuko deutsie, eta sare sozialen bidez emakumeen kontakizunen zabalkundea bidertuko dabe. 

Bizkaiko Batzar Nagusien jaubetzakoa dan kultur zentroak bultzatutako proiektuaren helburu nagusia, Cadagua errekaren arroko emakumeen memoria historikoa berreskuratzea izan da, hainbat hamarkadatan industriagaz hartu-emon estua izan eben emakumeen bizipenetan sakonduz. Holan, enpatia historikoa eta emakumeen testigantzen entzute aktiboa teknologia barrien erabilereagaz uztartuz, ikasleek aurrekoen iragan hurbila berreskuratu dabe, eta hori protagonisten omenaldi bihurtu da.

Alkarrizketatutako “amamak”, 30 guztira, belaunaldi gazteenen erreferente edo “influencer” bihurtu dira egun batzuetan. Proiektua hainbat lekutan gauzatu da: ikastetxean, Sodupeko kaleetan bertan, etxeetan eta Museoan bertan.

Eretzaberri institutuko DBHko 4. mailako 53 gazteen eta adinduen parte-hartzeak, entzute aktiboaren bidez, XX. mendearen erdikaldetik Cadaguako lantegietan ehundaka industria-lanpostu beteteko gai izan ziran emakumeen bizipenen alderdirik gizatiarrena ateratea lortu dau. Parte hartu dauen taldeak alkarrizketatutako emakumeen emozinoakaz konektetea lortu dau, ikasleen enpatia historikoa bultzatuz, eta batzuetan gazteentzat ulertuezinak diran iraganeko fenomeno historikoak ulertzea be lortu dau.

Emakumeen memoria historikoa berreskuratzeko proiektu hori Bizkaiko Batzar Nagusietako Gizonen eta Emakumeen Bardintasunerako II. Planaren barruan sartzen da, planaren jarduketa ildoetako bat emakumeen ahalduntze kolektiboa eta soziala dalako, emakumeek Bizkaiko historian, kulturan eta gizartean egindako ekarpenaren aintzatespena bultzatzeko.