ENKARTERRIETAKO MUSEOAK ESKUALDEKO BASELEIZETATIK BERRESKURATU ZIRAN XIV. ETA XVI. MENDEEN ARTEKO HAMAR TAILU GOTIKO JARRI DITU IKUSGAI
- Pieza erlijiosoak zaharbarritzeko proiektua igaz gauzatu eben Enkarterrietako Museoak eta Bizkaiko Foru Aldundiko Ondare Zerbitzuak.
(Bilbon, 2026ko zezeilaren 11n). Enkarterrietako Museoak, igaz, “Erdi Arotik gugana. Arte gotikoa Enkarterrin” proiektuaren barruan, Bizkaiko Ondarerako berreskuratu ziran 10 tailuak erakusteko lekua egin dau bere instalazinoetan. XIV. eta XVI. mendeen arteko pieza horreen zaharbarritze prozesua Enkarterrietako Museoak eta Bizkaiko Foru Aldundiko Euskera, Kultura eta Kirol Saileko Ondare Zerbitzuak egin dabe.
Zaharbarritze prozesua, Bizkaiko Batzar Nagusien, Arte Sakratuaren Museoaren eta Euskal Museoaren artean mailegu hitzarmena sinatuz amaitu zan, ondarearen aldetik balio handia daben irudi erlijioso horreek guztiak (Gueñesera itzuli dan Taramonako Madalena izan ezik) Enkarterrietako Museoan geratu daitezan, bere bilduma iraunkorraren parte izateko.
Zaharbarritutako tailuak honeek dira:
• Lartundoko San Bartolome (Gordexola). XIV. mendeko tailua, Erdi Aroan oso ohikoa zan beste irudi bat irudikatzen dauena, kate bategaz deabru bat eroaten ari dan San Bartolomerena.
• Zalduko santu ezezaguna (Gordexola). Egoera txarrean egoanez nor zan jakitea be lortu ezin izan dan XIV. mendeko tailua. Zaharbarritzean bere ezaugarri asko azaleratu dira.
• Zalduko San Nikolas (Gordexola). Zaharbarritzen azkena izan dan eta San Nikolas irudikatzen dauen XIV. mendeko tailea.
• Pobeñako Andra Mari (Muskiz). XIV. mendeko datea dau, eta euskal munduan ohikoa dan Jesus umea belaunen gainean jesarrita daben birjinen motea irudikatzen dau. Irudikapen ezagunena Bilboko “Begoñako Amatxu” da.
• Taramonako Madalena (Gueñes). XIV. mendeko datea dau, erakusketako tailu onenetakoa da eta Erdi Aroko toka dauen emakume bat irudikatzen dau, XIV. mendeko ohiko formatua.
• Balmasedako San Benito. Harriz egindako erakusketako bi tailetako bat XIV. mende amaierakoa edo XVI. mende hasierakoa da. Balmasedako San Benito baseleiza desagertuan egon zan eta Erdi Aroko burukoa dauen frailea irudikatzen dau.
• Santeliceseko San Juan (Artzentales). San Juan irudikatzen dauen XV. mendeko tailu handia.
• Muñatoneseko San Martinen tailua (Muskiz). San Martin apezpikua irudikatzen dauen XVI. mendearen hasierako irudi txikia. Baleike Salazar familiaren kapillan egotea, Muskizen, Zaraitzutarren Muñatoneseko San Martin Torre ospetsuaren ondoan.
• Bermejilloko San Bizente eta San Lorentzo (Gueñes). XV. mendeko irudi txiki bi, garai haretako orrazkera tipikoakaz, gaur egun baselizea dan Gueñeseko eleiza zaharrean (Bermejilloko San Lorenzo) egon ziranak. Oso pieza interesgarri bi dira. Oso egoera txarrean egozan eta salbetea lortu da.
• Zalduko San Sebastian (Gordexola). Erdi Aroko irudi tradizional bat irudikatzen dauen XIV. mendeko irudi herrikoia, bere gorputza zehartzen daben geziakaz torturautako San Sebastianena.