ENKARTERRIETAKO MUSEOAK 90 URTE BETE DITU

  • Bizkaiko Batzar Nagusien esku dagoan Abellanedako kulturgunea 1934ko garagarrilaren 26an inaugurau zan.
     
  • Urteurren hori ospatzeko, museoak diseinu barriagaz berrargitaratu dau 1935ean inprimidu eban lehenengo liburuxka turistikoa.
     
  • Abellanedako Batzar Etxean dagoan eta Euskadiko zaharrenetakoa dan museoak arkitektura arloko barrikuntza handi bi izan ditu epealdi horretan: bata, 1968an; eta bestea orain 30 urte, 1994an.
     
  • Orain dala hiru hamarkada azkenekoz barriztatu zanetik Museoak aldi baterako 80 erakusketa inguru hartu ditu, ia 60 ikerketa-liburu argitaratu ditu eta bere artxiboek 900 pieza baino gehiagoko ondare-funtsa daukie gaur egun. Antxinako dokumentazinoko 5.000 orrialde baino gehiago eskaneau dira museoaren webgunean erakusteko.

 

(Abellanedan, 2024ko garagarrilaren 23an). Enkarterrietako Museoak 90 urte beteko ditu bariku honetan, Abellanedako Batzar Etxean dagoan kulturgunea jentearentzat 1934ko garagarrilaren 26an zabaldu zan-eta. Zalla eta Sopuerta artean dagoan museoa Euskal Herriko zaharrenetakoa da. Bere ibilbidea gorabeheraz beteta egon da, Gerra Zibilak eta geroko gerraoste gogorrak, eta bere bilakaeran aldaketa sakonak ekarri ebezan bi erreforma handiek –1968an eta 1994an– baldintzatuta. 

Antxinako Batzar Etxean museo bat eregiteko asmoa XX. mendearen hasieran sortu zan, Foru Aldundiak antxina Enkarterriko ordezkariak alkartzen ziran leku historikoa balioan jartea erabagi ebanean. Helburua batzarraren egoitzea museo txiki izateko egokitzea zan, eskualdeko kultur ondarea erakusteko. Zaharbarritze-lanak Diego de Basterra arkitektoaren esku itxi ziran, eta Errenazimentuko eraikin zaharra erabarritzeaz gan, eraikin zaharrean auzoko eskola bat eta beste solairu bat eregi ebazan.

Hainbat urtetako lanen ostean, obrak 1932an amaitu ziran, baina Enkarterrietako Museoa ez zan urte bi geroago arte edegi (1934ko garagarrilaren 26an) Kultur etxeko Sinadura Liburuan idatz-oharren bidez baieztu ahal izan dan lez. Urte horreetan, modu ofizialean edegi zan arte, museoaren zuzendaritzea eukiz horniduteaz arduratu zan. Holan, parrokoek, politikariek eta eskualdeko pertsonaia ospetsuek ekarritako hainbat lekutako ondare-balio handiko piezak jaso ziran.

Gerra Zibilak (1936-1939) eta gerraoste gogorrak eragozpen handiak eragin ebezan kulturgunean. Egoera hori ikusita, Aldundiak barriro esku hartu eban gai horretan, eta 1942an hamarkada bi baino gehiago iraun eta monumentu-moltsoa sakon aldatuko eban beste erreforma bat egiteko eskatu eutsan Eugenio de Aguinaga arkitektoari. Epealdi horretan, museoaren jarduerak lanakaz batera jarraitu eban. Instalazino barriak 1968ko maiatzaren 11n amaitu ziran, eta izen barriagaz edegi ziran barriro: Abellanedako Batzar Etxearen Museoa.

Eugenio de Aguinagaren jardun arkitektonikoa oso sakona izan zan. Diego de Basterrak gehitutako altxaerea kendu eta almenez errematautako solairu handiagoa egin eban haren ordez. Holan, Erdi Aroko erispideak jarraitu ebazan. Holan, eraikinak jatorriz Etxeak ez eban eta orain ikus daiteken torre-estiloa eta -espiritua hartu ebazan. Modu berean, erispide neoerrenazentistei jarraituz hainbat leihate edegi ebazan, eta Batzar Etxea eta Korrejidorearen Etxea lotzeko galeria urtena gehitu eban. Eraikin bien barruan jardun eban batez be. Holan, egurrezko barne-egiturea diseinau eban, hainbat areto sortu ebazan eta antxinako Batzar Etxeak izandako errege-kartzela eregi eban.

 

DEMOKRAZIAREN ETORREREA ETA AZKENENGO ERREFORMEA

Diktadura amaitu eta gero, Batzar Nagusiak berrezarri ziran Euskal Herrian, egitura instituzional modernoaren eraketeari hasierea emonez. Bizkaiko Batzar Nagusien kasuan, bere garrantzi historikoagaitik, egoitza tradizionalak –Gernika, Gerediaga eta Abellaneda– Bizkaiko Batzar Nagusien esku geratzea erabagi zan, Bilboko Excelsior Hotel izandakoan egoitza nagusi modernoagoa gehituz.

Abellanedako Batzar Etxearen kasuan, Eugenio de Aguinagak diseinautako Museoa birmoldatzea erabagi zan, etxe-museo lez egin zalako eta ez ebalako jarduerarik egiteko aukerarik emoten. Orduan, eraikin modernoa diseinetea erabagi zan, holango erakunde bati jagokozan jarduera guztiak hartu ahal izateko: ikerketea, erakusketak, ondarea erosi eta zaharbarritzea, jarduera pedagogikoak, etab.

1989an, Javier Muñoz arkitektoari eraikina osorik erabarritzea eskatu jakon, Josu Urrolabeitia eta Susana Menoyogaz batera, Etxearen barrukalde osoa eraitsita –dana 50eko eta 60ko hamarkadetako obra zala kontuan hartuta–: hainbat solairu altxatzea, Museoko aretoak hartzeko; bloke moderno barri bat eregitea aurrekaldean, eta Korrejidorearen Etxearen azpian areto-antzoki bat eregitea; Etxea bulego eta Batzar Areto bihurtzea; eta beste hainbat jarduketa egitea. Aurrekaldean lorategi bat diseinau zan eta aparkalekua be egin zan. Barrukaldean, ondare piezen, maketen eta beste elementu batzuen bitartez historiaurretik XIX. mendera arteko Enkarterriren historia erakusten eban erakusketa iraunkorra diseinau zan. Obra arkitektonikoa eta museografikoa 1994an amaitu zan, eta gaur egun ezagutzen dogun museoa urte horretako urriaren 26an inaugurau zan, lehengo izena berreskuratuta: Enkarterrietako Museoa.

 

BISITARIAK ETA ERAKUSKETAK

Azken aldiz edegi eta lehenengo urtean, hau da, orain dala 30 urte, Museoak 18.000 bisitari inguru izan ebazan, eta une horretatik aurrera kopurua egonkortu egin da, 15.000 bisitari inguru urtean. Museoak, beraz, 450.000 bisitari inguru jaso ditu azken hiru hamarkadetan, eta horreei 1934tik 1994ra bitartean jaso ebazan bisitari guztiak gehitu behar jakez, gaur egun zenbatu ezin diran arren.

Une horretatik gaur arte, Museoak hainbat arlotan egin dauen lana kontzeptualizau dau: ikerketea, historiaren azterketea, antropologia, artea, eskualdeko ondarea eta ahozko memoria, argitalpenak, erakusketak, programa pedagogikoa, ondarearen erosketa eta zaharbarritzea, hainbat kultur jarduera, lankidetza Enkarterriko kultura, gizarte eta hezkuntza sareagaz, eta sustapen, zabalkunde eta turismo lanak.

Holan, hasierako loturetatik libre, 1994tik Enkarterrietako Museoak aldi baterako 80 erakusketa inguru antolatu ditu, berrogeta hamar liburu inguru argitaratu ditu, jarduera eta tailer ugari dituan proiektu pedagogikoa garatu dau, museoaren bilduman sartu diran ondare-piezak erosi eta zaharbarritu ditu, artxibo dokumental txiki bat sortu dau (museoaren webguneak antxinako dokumentazinotik eskaneautako 5.000 orrialde baino gehiago kontsultetako aukerea emoten dau) edo hainbat jarduera egin ditu.

Museoaren gaur egungo ezaugarrietako bat da Enkarterrietako museoak presentzia izan dauela bere lau hormetatik kanpo. Daborduko ez dau bere lana barrukaldera mugatzen, eskualdea bere jardueretan integrau dau kultur ibilbideen, ondare-bisitaldien, ikastetxeetako jarduera pedagogikoen, ondare monumentala berreskuratzeko lankidetzaren, udal eta alkarteakazko alkarlanaren eta abarren bidez. Urteurrenaren harira, museoak 1935ean banatu eban lehen liburuxka turistikoa argitaratu dau barriro. Jatorrizkoa Nicolás Martínez Ortiz de Zarate artista bilbotarrak egin eban. Diseinu eguneratuak Jon Mikel Bañales marrazkilari gaztearen irudi barria dau.

 

MUSEOAREN JATORRIAK

Enkarterrietako Museoaren garapena ezin da bere ingurune monumentala kontuan hartu barik azaldu. Abellanedako Batzar Etxearen lehenengo erreferentzia dokumentala oso zaharra da, 1394koa, Erdi Arokoa. Ganera, data hori ez da Batzarren hasierako puntu lez hartu behar, aipamenak aldez aurretik be egiten zirala aditzera emoten daualako. Ez litzateke harritzekoa izango XIII. mendera joatea, Haro familia Bizkaia modernoa izango zana eratzen ari zan garaira, hain zuzen be.

Bilerak, jatorriz, Abellanedako zelaietako haretx baten ondoan egiten zirala uste da, baina 1495ean Batzar Nagusien berregituraketa modernoaren ondorioz –Enkarterriko kontzeju bakotxeko ordezkari baten parte-hartzea eban bilerak–, lehenengo Batzar Etxea eregi zan, laster txiki geratuko zan arren.

Azkenik, 1590ean, gaur egungo Batzar Etxea eregiteko lanak hasi ziran, eta 1635ean armarri handi bat jarriz errematautzat jo zan, erabilten urte asko eroiazan arren. Mendeetan zehar, Enkarterriko batzarkideak aldian behin batu ziran Etxean, eta XVIII. mendea oso nahasia izan zan arren –zenbait kontzeju Batzarrak bertan behera itxi eta barriro horreetara bueltauta–, Batzarrek 1801era arte iraun eben bizirik.

Baina urte horretatik aurrera Enkarterriko kontzejuak Bizkaiko Batzar Nagusietan guztiz integrau ziranean, Etxea bilerak egiteko leku lez erabilteari itxi jakon behin betiko, eta etenbako gainbeheran sartu zan.

XIX. mendearen amaierarako Etxea hondatuta eta erortzeko arriskuan egoan. Hori dala eta, 1901ean Bizkaiko Foru Aldundiak zaharbarritze osoa eskatu eutsan Antonio de Carvelaris arkitektoari, eta ha jatorrizko irudia manteniduten saiatu zan, XVI. mendean emon jakon etxetzar errenazentista formea errespetauz. Hamarkada batzuk geroago eraikina museo-proiektura bideratzeko idea gauzatu zan.

 

(ARGAZKI OINAK) 

  • Nicolás Martínez Ortiz de Zarate artista bilbotarrak 1935ean egindako museoaren lehenengo informazino-liburuxkaren irudia, Enkarterrietako Museoak Jon Mikel Bañales marrazkilari gaztearen irudi barriagaz berrargitaratua.
  • Batzarkideak Enkarterrietako Museoko harmailetan bagilaren 26an, ikasturteko azkenengo osokoan, berrargitaratutako liburuxkaren aleakaz.

Lotutako artxiboak: