ENKARTERRIETAKO MUSEOAK, URRUTIA FAMILIAREN 1527 ETA 1644 URTEEN ARTEKO BILDUMA DOKUMENTALA ESKURATU DAU

  • XVI. eta XVII. mendeetako Enkarterriko bizimoduen erradiografia erakusten deuskun antxinako dokumentazinoa museoaren webguneko Dokumentu-funtsa atalean dago eskuragarri: www.enkarterrimuseoa.eus
     

(Bilbon, 2024ko urriaren 24an). Enkarterrietako Museoak, 1527 eta 1644 urteen artean datautako Sopuerta eta Zallako Urrutia Villa familiaren 118 dokumentuk osatutako eskuz idatzitako sortea erosi dau. Enkarterriko leinu garrantzitsuenetako baten informazino baliotsua emoten dauen oso dokumentazino interesgarria da. 

Pergaminoan koadernautako liburua da, eta 118 dokumentutan banatutako 293 orri ditu. Dokumentuak korteko letra prozesalean eta humanistikoan dagoz idatzita, eta bertan lursailen salerosketak, ezkontza-kontratuak, testamentuak eta Otxaran eta La Mella moduko Zallako hainbat lekuri buruzko hainbat datu ikus daitekez. Horreen artean, izen bereko torrearen alboan, gaur egun oraindino zutunik dagoan Terreros izeneko antxinako burdinolari buruzko datuak nabarmentzen dira.

Testamentuek eta ezkontza-erosketek bizimoduak, ohiturak, altzari motak, jantziak eta abar be erakusten deuskuez. Horrez gain, gaur egungo Enkarterrietako Museoa, antxinako Batzarretxea, dagoan Avellaneda auzoari buruzko informazino ugari dago.

Dokumentazinoan Otxaran (Zalla) auzoko 1580 eta 1607 urteen arteko fogerazinoari buruzko informazino aitagarria dago. Fogerazionak gure errolda modernoen baliokideak ziran, eta bertan herritarren izenak eta inguruan ebezan jaubetzak adierazoten ziran. Gure arbasoen bizimoduak ulertzeko aukerea emoten deuskuen beste elementu oso interesgarriak dira.

Enkarterrietako Museoa Bizkaiko Batzar Nagusien esku dago, eta lan handia egiten dau eskualdeko ondarea kontserbetako. Badira urte batzuk dokumentu-gordailu zabala digitalizetako prozesuan murgilduta dagoala. Bere webgunean, gaur egun, antxinako dokumentazinoaren eskaneautako 5.000 orrialde baino gehiago kontsulta daitekez.