GERRA ZIBILEAN TROPA FRANKISTEK EGINDAKO OKUPAZINOARI BURUZKO ARGAZKI ERAKUSKETEA EGONGO DA IKUSGAI URTE AMAIERARA ARTE ENKARTERRIETAKO MUSEOAN

  • “1937ko ekaina. Enkarterriko okupazioa, zuri-beltzean” erakusketeak nazionalek Zallan, Gueñesen, Gordexolan, Balmasedan, Muskizen, Abanton, Portugaleten, Sestaon eta Barakaldon egindako formatu handiko 26 argazki –gehienak argitaratu bakoak– batzen ditu.
     
  • Erakusketearen osogarri, bagilaren 19an ibilbide gidatu bat egingo da Sopuertako gatazkearen puntu estrategikoak ezagutzeko.

 

(Abellanedan, 2026ko maiatzaren 26an). Enkarterrietako Museoak “1937ko ekaina. Enkarterriko okupazioa, zuri-beltzean” erakusketea edegi dau jentearentzat. Erakusketeak Espainiako Gerra Zibilean tropa frankistek eskualdeko herriak okupau ebezan egunei buruzko begirada zehatza eskeintzen dau.

Erakusketeak, 1937ko udan bando nazionalaren aurrera egitea jasoten daben formatu handiko 26 argazki ditu. Irudi horreetako asko ezezagunak izan dira orain arte jentearentzat, eta modu grafikoan dokumentetan ditue gatazkearen hondamendiak eta ondorioak Zalla, Gueñes, Gordexola, Balmaseda, Muskiz, Abanto, Portugalete, Sestao eta Barakaldo lako herrietan.

Erakusketak, kutsu militar eta sozialeko irudiak ikusi ahal izango diran bideoz egindako argazki-muntaia bi be jasoko ditu. Gerra zibilaren eta ondorengo errepresinoaren alderdi asko laburbiltzen dituen irudiak dira, frankistek eurek ataratakoak. Argazkien artean, Eusko Gudarosteak erretiretean leherrarazotako zubiak, harriakaz eta gurdiakaz egindako barrikada xumeak, bonbardeautako espazioak (San Juan eleizea eta plazea, Muskiz), tanketak eta tropak Gordexolan sartzen edo soldaduak Gallartako meategietan preso beharrean ikusi leikez.

Gerrearen fase horretan jazotakoa gogora ekarteko ekimenen artean, Museoak ondare-ibilbidea be antolatu dau datorren bagilaren 19rako. “Sopuerta gerran: Cabezamonte-Bezi sektorea” izenburupean, Sopuertako mendialdean, Enkarterrietako Museoaren inguruan, hainbat gune estrategikotan oinezko ibilbidea egingo da. Ibiltaldia museotik bertatik abiauko da.