GEORGIAKO ERISIONI BALLET ETA ABESBATZA NAZIONAL OSPETSUAK OMENALDIA EGIN DEUTSO EUSKAL HERRIARI GERNIKAKO ARBOLEAREN AZPIAN

  • Ana Otadui Biteri Batzar Nagusietako Lehendakariak eta Mahaiko kideek ondo etorria emon deutsee Gernikako Batzar Etxean Georgiako abesti herrikoi bi interpretau dituan folklore talde ospetsu horretako berrogeta hamar kide ingururi, Euskadiren eta Georgiaren arteko kultur hartu-emon onak indartuz. 


(Gernikan, 2026ko zezeilaren 18an). Euskadin zehar kontzertu-bireari ekin aurretik, Erisioni-Georgiako Ballet eta Abesbatza Nazionalak geldialdi bat egin gura izan dau Gernikako Batzar Etxean, bere mundu mailako “Georgian Treasure” bira arrakastatsuan jasoten diran hainbat kantu a capela interpretauz. Energiaz betetako dantza tradizionalak eta kantu polifonikoak buztartzen dituan Georgiar talde ospetsuaren helburua, Gernikako Arbolearen ondoan euskal herriari omenaldia egitea izan da, azkenengo urteetan Euskadiren eta Georgiaren artean dagoan lotura kulturala indartzeko aukeratu dauen agertokian. 

Erisioni Ballet eta Abesbatza Nazionala 1885ean sortu zan eta Kaukasoko dantza eta kantu tradizionalen talde zaharrena da. Bere abesbatza erreferentzia da Georgiako kantu polifonikoan, Unescok Gizateriaren Kultur Ondare Immaterial lez erregistrautako ahots-diziplina aparta. Taldeak 1977tik aurrera lortu eban ospea mundu mailan, bere abesbatzak Voyager 1 zundaren barruan NASAk espaziora bialdu eban urrezko diskorako “Chakrulo” abesti tradizionala –gaur abestu daben abestietako bat– abestu ebanean. Ordutik, Erisioni hainbat eta hainbat mundu biratako protagonista izan da.

Taldea zezeilaren 19an, 20an, 21ean eta 22an arituko da Bilboko Arriaga Antzokian, Donostiako Victoria Eugenian, Gasteizko Europa Jauregian eta Nafarroako Baluarte Biltzar Jauregian eta Auditorioan, Cambay Media euskal ekoiztetxeak antolatutako biran. Bira horrek aurton 50. urteurrena ospatuko dauen Byblos Tours bidaia-agentziaren laguntzea dau. 

Emonaldi horreen aurretik, Erisioniko abeslariek eta dantzariek gure lurraldeko errealidade kulturala eta politikoa hurragotik ezagutzeko aukerea izan dabe, erreferentziazko erakundeak bisitauz, horreen artean Gernikako Batzar Etxea. Bizkaiko Batzar Nagusietan Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakariak eta Mahaiko kideek egin deutsee harrerea. Ondoetorriko agurren eta familiako argazkien ostean, Georgiako taldeak Gernikako Arbolearen aurrean kantu koralaren bidez omenaldia eskaintzeko aukerea izan dau.