FORU ALDUNDIKO GIZARTE EKINTZARAKO SAILAK 2023AN BAINO 65,5 MILIOI GEHIAGO IZANGO DITU DATORREN URTEAN

  • Amaia Antxustegik zuzentzen dauen sailaren aurrekontua da gehien hazi dana, 691 milioi eurora heldu arte, % 10,3 gehiago.
     
  • Gizarte Ekintzarako Saila eta Herri Administrazio eta Erakunde Harremanetarako Saila dira Bizkaiko Batzar Nagusietako Ogasun eta Finantza Batzordean aurrekontuak xehetu dituen azkenak.
     
  • Astelehenean amaituko da herritarrek aurrekontu proiektuari alegazinoak aurkezteko epea, eta Batzar Nagusietako taldeek hilaren amaierara arteko epea izango dabe zuzenketa-eskeak erregistretako.

 

(Bilbon, 2023ko azaroaren 10ean). Gaur bukatu dira Bizkaiko Batzar Nagusietan 2024ko Lurraldeko Aurrekontuen Foru Arau Proiektua xehetzeko informazino batzordeak, Amaia Antxustegi Gizarte Ekintzarako diputaduaren eta Ager Izagirre Herri Administrazio eta Erakunde Harremanetarako arloko arduradun barriaren agerraldiakaz. Aurrekontuak izapidetzeko fase hori amaituta, datorren astean zuzenketa-eskeak aurkezteko epea zabalduko da, eta herritarrek alegazinoak erregistretako epea datorren astelehenean, azaroaren 13an, amaituko da. 

Barriro be, Gizarte Ekintzarako sailak izango dau, alde handiagaz, Aldundiaren datorren urteko gastu bolumen handiena. Bizkaiko Batzar Nagusietan egin dan Aurrekontuen ganeko azken-aurreko informazino batzordean Amaia Antxustegi Gizarte Ekintzarako foru diputatuak  azaldu dauenez, bere sailak 691,1 milioi euro izango ditu (beharginen gastuak kontuan hartu barik) bere programak aurrera eroateko. Beraz, aurton baino 65,5 milioi gehiago izango ditu. Aldundiko arduradunak egoitzetako hitzarmenetan ekarpen handiagoa egin dalako (31 milioi gehiago) eta desgaitasuna daukien personei zuzendutako baliabide publikoak handitu egin diralako (18,5 milioi gehiago) justifikau dau igoerea. 

Termino absolutuetan, Gizarte Ekintzarako aurrekontua da Aldundian gehien haziko dana. Antxustegik sail guztiek erabilteko izango daben zenbatekoaren (ia 1.600 milioi) % 43,2 erabiliko dau. Kontu horreek mendekotasun egoeran dagozan personen, desgaitasunen bat dabenen eta babesbakotasun egoeran dagozan adinbakoen arretea indartzeko balioko dabe, zaintzaileen zainketea indartzeaz gan.

Antxustegik, 147,9 milioi euroko aurrekontua izango dauen GUFEri erreserbautako zeregin garrantzitsua azaldu dau. 2024an, Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundeak “hamar urtetan” izan dauen behargin kopuru handiena izango dau, 887 profesional. Aurrekontu horren barruan, umeak babesteko zentroetarako 52,2 milioi euro sartzen dira, 4 milioi euro gehiago. Datorren urtean, Elorrioko eta Leioako egoitzak bizikidetza-unidade bihurtuko dira.

Beste alde batetik, sailaren gastuen herena adinekoen beharrei erantzutera egongo da bideratuta, 243,1 milioi euroko aurrekontuagaz, 30,9 milioi gehiago, hain zuzen be. Aldundiak 2023an baino 100 plaza gehiago eskainiko ditu, 3.225 plazara heldu arte.

Desgaitasunaren arloan, Antxustegik zuzentzen dauen sailak 100 milioi euro baino gehiago izango ditu, % 22,8ko igoerea aurtengo aurrekontuagaz alderatuta, eta horrek persona horreen babes sarea zabaltzeko balioko dau. Programa horrek 1.330 plaza ditu egoitzetan eta etxebizitzetan, eta 1.512 plaza eguneko arretan.

Umeei Laguntzeko Programak 10,56 milioi euro izango ditu (+%7,67), eta hori babesik barik dagozan adinbakoei arretea emoteko GUFEren aurrekontuko 52 milioi eurogaz osotuko da. Kotizazino bako pentsinoen programaren aurrekontua 57,1 milioi eurokoa izango da, hau da, % 8,88ko hazkundea izango dau. Eta, azkenik, etxeko arretarako programak % 4,72ko igoera motelagoa izango dau, baina aurrekontua 100 milioi eurotik gorakoa izango da, 103.916.800 euro, hain zuzen be.

Diru-sarrerei jagokenez, datorren urteko kontuen arabera, Gizarte Ekintzak 77 milioi euro jasoko ditu, hau da, % 20ko jatsierea, batez be 2024an ez diralako Next Funtsak konputauko. Aldundiak 57,4 milioi euro jasoko ditu egoitzetako plaza publikoak dirala eta.

 

84,2 MILIOI LURRALDE KOHESINOA BERMATZEKO ETA ESTRATEGIA DIGITALA BULTZATZEKO

Agintaldi honetan kargua estreinauko dauen Ager Izagirre Herri Administrazio eta Erakunde Harremanetarako foru diputatuak itxi ditu eguerdian Aurrekontuen informazino saioak, bere sailak 84,2 milioi euro izango dituala azpimarratuz. Kopuru horregaz, Aldundiak udaletara hurreratu gura dau, lurraldearen kohesinoa bermatu, foru suhiltzaileen zerbitzuan inbertsino barriak egin, Aldundia Bilbon eta Getxon Herritarren Arretarako bulego barriak izango dituan erakunde “edegi, parte-hartzaile eta hurbil” lez sendotu, foru estrategia digitala gauzatu eta foru enpleo publikoaren eredua barriro definidu.

Lehenengo eta behin, Izagirrek Aldundiaren Aurrekontuaren I. Kapitulua (beharginen gastuak) aztertu dau. Datorren urtean 263,5 milioi eurora arte haziko da, batez be “% 2,5eko” soldata igoerea aplikauko dalako, eta horri Gizarte Segurantzako kotizazinoetan izandako “% 3,5eko” igoerea gehitu beharko jakolako. 2024an “24” behargin gehiago izango dira, 5 plaza amortizau eta 29 lanpostu sortuko diralako.

Herri Administrazio eta Erakunde Harremanetarako Sailaren erabilgarriari jagokonez, aurrekontuaren erdia baino gehiago lankidetzarako digitalizazinoa eta barrikuntzea bultzatzera bideratuko da. Hori guztia, proiektu estrategikoak hedatuz, horreen artean GovTech Bizkaia proiektua sendotzea, teknologia kuantikoen inguruko polo baten sorrerea bultzatzea –Bizkaia Quantum Industrial Hub– edo enpresek eta erakundeek hodeian biltegiratzeko ahalmen handia izatea ahalbidetuko dauen Atlantic Data Infraestructure azpiegitura teknologikoa sortzen parte hartzea.

Gizarte-kohesinoaren eta udalei emoten jakezan zerbitzuen arloan, nabarmena da 8,1 milioi euroko aurrekontua izango dauen BiscayTIK Fundazinoaren lana. Modu berean, Foru Erakundeak 3,7 milioi euro bideratuko ditu ‘Toki Erakundeentzako Aholkularitza’ programara. Udal-eskumeneko azpiegitura edo zerbitzu publikoen inbertsinoak bultzatzeko 3 milioi euroko partidea finkatu da 2024an 7.500 biztanletik beherako udalerrietarako.

Prebentzino, Su-itzaltze eta Salbamentu Zerbitzura zuzendutako partidea 5,8 milioi eurokoa izango da datorren urtean. Aldundiak Ispasterreko maniobra-eremua barriztau eta hobetzeari ekingo deutso, baita Markina-Xemeingo parkea birmoldatzeari be. Horreen egikaritze-proiektuak idazten ari dira, aurtengo aurrekontuetan sartuta dagozan arren. Basoko ibilgailu bi eta suhiltzaileentzako ekipamendua be erosiko dira.

Izagirrek zuzentzen dauen sailak gobernu digital inklusiboaren eredua finkatzera bideratuko dau aurrekontuaren % 56a 2024an. Ehuneko hori hainbat programatan kontzentretan da, Lantik, Zugaztel eta Biscaytik soziedade publikoen laguntzeagaz. Programa horreetan, Digitalizazinoari eta Herritarren Arretari buruzkoa nabarmentzen da. 37,5 milioi euro ditu Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Foru Erakundeen “gobernu digital inklusiboa” lortzeko.

 

ZUZENKETA-ESKEAK AURKEZTEKO ALDIA

Batzar Nagusietako taldeek datorren astetik aurrera aurkeztu ahal izango ditue aurrekontuen aurreko zuzenketa-eskeak. 2023koetan, 476 zuzenketa-eske erregistrau ziran, eta horreetako hiru (EH Bildu, PP eta Elkarrekin Bizkaia) osoko zuzenketa-eskeak izan ziran. Herritarren alegazinoak aurkezteko epea datorren astelehenean, azaroak 13, amaituko da.