DEIADAR MENDIEN EGUNA IRAILAREN 24AN, ZAPATUAN, OSPATUKO DA GORBEIAN

  • Pandemiaren ondorioz azken edizino biak bertan behera geratu ostean, Bizkaiko Batzar Nagusiek tradizinoa berreskuratu dabe.

 

(Bilbon, 2022ko garagarrilaren 18an). Bizkaiko Batzar Nagusiek kordada barria zabalduko dabe, oso tradizino berezia ospatzeko. Kondairak aitatzen dau adarraren soinuak Gernikan egiten ziran Batzar Nagusien deialdia iragarten ebala. Irailaren 24an, zapatuan, soinu horixe izango dabe gidari Deiadar Mendien Eguneko XVII. edizinoan Gorbeiara joango diran guztiak. Bizkaiko mendirik garaiena izango da ospakizun horren agertokia.  Azken edizino biak, pandemiaren ondorioz, bertan behera geratu ziran eta aurton Gorbeiaren txandea zan, aurreko urteetan beste lau Deiadar-Mendietarako (Ganekogorta, Kolitza, Sollube eta Oiz) igoerak eginda egozan-eta.

Deiadar Mendien tradizinoa 2004. urtean hasi zan ospatzen, Bizkaiko Batzar Nagusien aro barriaren 25. urteurrena zala-eta. Tradizinoari eutsiz, aurton be lurraldeko bost mendi talderen laguntzagaz gauzatuko da ohitura hori: Balmaseda Mendi Taldea (Balmaseda), Gailurra (Bilbo), Ganzabal (Lemoa), Sollube 707 (Bermeo) eta Alpino Tabira (Durango). Martxea goizeko 9:30ean abiatuko da Pagomakurretik. Parte-hartzaileak Gorbeiako tontorrera igongo dira, 6 kilometroko igoerearen ostean, eguerdiko 12:00etan, adarrak joteko ohiturea zintzo beteteko.

Bizkaiko antxinako tradizinoak gogora ekarteko jardunaldi horretan, egun horretarako apropos egindako adarra erabilten da, eta adar hori urtero-urtero eroaten da deiadar-tontor batetik bestera. Aurton, Kurutzearen ondoan adarren soinua entzun ostean, antolatzaileek jai-gune txiki bat jarriko dabe Arrabako aterpean, eta bertan ez dira faltauko musikea, dantzak eta igoerea egin dabenentzako kopautxo bat. Aurtongo kirol igoereaz Lemoako Ganzabal kluba arduratuko da. Ekitaldiaren azkenean, eta ohitureak agintzen dauen moduan, hurrengo urteko antolatzaileari emongo deutso lekukoa, Balmaseda Mendi Taldeko ordezkariari, talde horri jagoko-eta 2023an Kolitzarako igoerea antolatzea, Deiadar Mendien igoerearen bost gailurren katea burutuz. 

Deiadar Mendien Eguna martxa klasikoa bihurtu da mendigoizaleentzako eta euskal tradizinoak gustoko dituenentzako. 2019an egindako azkenengo edizinoan (2020koak eta 2021ekoak bertan behera geratu ziran), ehundaka persona joan ziran Ganekogortako tontorrera, Bizkaiko Batzar Nagusirako deian parte hartzera, antxina egiten ziran deialdiak gogoratuz. Holan, bada, gogotara ekarten ditugu bizkaitarrek ardura eutsiezan gaiez eztabaidatu eta erabagiteko Gernikako haretxaren inguruan egiten ebezan batzarrak.

 

KONDAIREN ETA ERREALIDADEAREN ARTEAN

Gernikako Batzar Nagusirako deia egiteko mendi tontorretan deiadarrak joteko ohiturea misterioz beteta egon da beti. Gaia argitzeko, Bizkaiko Batzar Nagusiek eta Enkarterriko Museoak ikerketa-lana egin eben 2020an. Azterlan horretatik ondorio argi batek urten eban: Bizkaiko bost Deiadar Mendietan adarrak joaz egindako deiarena berrinterpretazino historikoa zala,  Antonio de Trueba kronistak XIX. mendean egindakoa. Izan be, antxina, dei hori Gernikako Batzar Etxean bertan egiten zan, baina Batzar bakotxa hasi aurretxuan, eta ez mendi tontorretatik, Truebak ulertzera emon eban lez. 

Javier Barrio eta Goio Bañalesen “Bost dei-adarrak jotzea. Bizkaiaren sinbolo” ikerketa-lanean erakusten da Galdamesko historialariak berrinterpretau egin ebala deiadarren ohitura hori, noiz eta Foruak etenbako erasoak jasoten ari ziran momentu historiko baten. Truebaren eretxiz, bost deiadarren soinu horrek Bizkaiko Jaunaren eta bizkaitarren artean sinatutako ituna sinbolizatzen eban, itun horri esker bizkaitarrek legeetan burujabe izaten jarraitu eikielako.

Tradizinoa gure garaietara egokitzearen ondorioa izan da deiadarren ohiturea bailaratik gailurretara eroatea, hau da, foru-uribildutik lurraldeko bost mendietara aldatzea, beti be  gure ohitura eta erakunderik errotuenak —Batzar Nagusiak esaterako— defendiduteko ahalginean. Antonio de Trueba izan zan lehenengoa bost deiadar mediak (Gorbeia, Ganekogorta, Oiz, Sollube eta Kolitza) aitatzen, orain dala 150 urte; irudi hori errotuz joan da euskal historiografian eta jendearen usteetan, eta gaur egunera arte heldu da.

Egia esan, bost deiadarrak existidu ziran, baina antxinako liburu batzuk Gernikan kokatzen ditue, XIV. gizaldian. Esaterako, Juan Núñez de Balboaren 1342ko koaderno baten hauxe esaten da: “En la Junta de Garnica, seyendo juntado cavalleros e escuderos / e fijosdalgo de Vizcaya, llamados a Junta General, e tannidas las cino vozinas”. Horixe da deiadarren tradizinoari buruzko lehenengo aitamena, eta hori erreferentzia lez hartu da bost Deiadar Mendien ohitureari eusteko eta Batzar Nagusirako deia urte bakotxean tontor baten egiteko.

Lotutako estekak: