DEIADAR MENDIEN EGUNA URRIAREN 7AN OSPATUKO DA KOLITZA MENDIAREN TONTORREAN
- Bizkaiko Batzar Nagusietako mendi jardunaldi klasikoa urriko lehenengo zapatuan antolatuko da, lurraldeko bost mendi klubakaz lankidetzan.
- Ibilaldia 09:30ean abiatuko da Balmasedako udaletxeko plazatik.
(Bilbon, 2023ko uztailaren 3an). Elezaharrak kontetan dauenez Gernikan egiten ziran bileren deialdia iragarteko adarraren soinua barriro entzungo da Kolitzan urriaren 7an, zapatuan, Deiadar Mendien XVIII. edizinora batzen diran personak orientetako. Enkarterriko tontorrik enblematikoenean egingo da aurton urtero Bizkaiko bost deiadar tontorretako (Kolitza, Ganekogorta, Gorbeia, Sollube eta Oiz) batetik igaroten dan ospakizuna.
Bizkaiko Batzar Nagusiek lurraldeko bost mendi taldegaz lankidetzan antolatuko dabe hitzordua: Balmaseda Mendi Taldea (Balmaseda) –talde anfitrioia–, Gailurra (Bilbo), Ganzabal (Lemoa), Sollube 707 (Bermeo) eta Alpino Tabira (Durango). Egun mendizale horretako parte-hartzaileak Kolitza tontorrera igongo dira, eguerdiko 12:00etan adarrak joteko tradizinoa zintzo beteteko asmoz, Balmasedako udaletxeko plazaren –abiapuntua– eta Enkarterriko mendiaren tontorrean dagoan San Roke baseleizearen arteko igoerako 6 kilometroak atzean itxi eta gero.
Bizkaiko antxinako tradizinoak gogorarazoten dituan jardunaldi horretan, egun horretarako berariaz egindako eta 2004az geroztik, urtez urte, deiadar tontor desbardinetatik lekualdatzen dan adarra erabilten da. Aurton, baseleizearen ondoan adarren soinua entzun eta gero, antolatzaileek jai-gune txiki bat egokituko dabe tontorretik metro gitxira dagoan aterpean, musikea, dantza tradizionalak eta igoerea egiten dauenarentzako aperitibo txiki bat buztartuz. Jai giro horretan, eta tradizinoak agintzen dauen lez, 2023ko kirol igoeraz arduratuko dan Balmaseda Mendi Taldeak lekukoa emongo deutso Bermeoko Sollube 707 klubeko ordezkariari, deiadar mendietako igoeren zikloagaz jarraituz 2024an Sollubeko igoerea antolatuko dauen alkarteari.
Deiadar Mendien Eguna martxa klasiko bihurtu da daborduko mendizaleen eta euskal tradizinoen artean. Pandemiaren ondoriozko urte biko etenaren ostean Gorbeian egin zan azkenengo edizinoan, eguraldi txarra egon arren, ehundaka persona joan ziran Bizkaiko Batzar Nagusietarako deialdira. Egun haretan, une historiko bakotxean herritarrak okupau eta kezkatu dituen gaiak jorratzeko iraganean bizkaitarren ordezkariak Gernikako haretx sagraduaren ondoan jesarri eitezan egiten ziran deialdiak ekarri ziran gogora.
ZIURTASUNAK ETA ELEZAHARRAK
Deiadar mendietan deiadarrak joteko tradizinoaren inguruan argia emoteko, Bizkaiko Batzar Nagusiek eta Enkarterrietako Museoak ikerketa-lana egin eben 2020an. Azterlan horrek ondorioztatu eban Bizkaiko bost gailur enblematikoetan adarren bidez foru-uribildura joateko deialdia, Gernikako Batzar Etxean antxina egiten zan ekitaldi inguruan Antonio de Trueba kronistak XIX. mendean egin eban barrinterpretazino historikoa zala.
Adarrak bailaratik gailurrera, hau da, foru-uribildutik lurraldeko bost mendietara, eroateko ekintzea, tradizinoa gure garaietara egokitzearen ondorioa da, eta ohitura eta erakunde errotuenak, Batzar Nagusiak kasu, defendiduteko ahalegina. Antonio de Trueba izan zan gaur egun ezagutzen doguzan mendiak aitatu ebazan lehenengoa. Orain dala 150 urte, Gorbeia, Ganekogorta, Oiz, Sollube eta Kolitzatik Batzar Nagusietara deitu izanaren ustea euskal historiografian eta iruditeria herrikoian sartu zan, eta gaur egunera arte iraun dau.
Egia esan, bost deiadarrak existidu ziran, baina antxinako liburu batzuk Gernikan kokatzen ditue XIV. gizaldian. Juan Núñez de Balboaren 1342ko koaderno batean jasotako “En la Junta de Garnica, seyendo juntado cavalleros e escuderos / e fijosdalgo de Vizcaya, llamados a Junta General, e tannidas las cino vozinas” testua, deiadarren tradizinoari buruzko lehen aitamena, hartu da Bizkaiko Batzar Nagusietara deitzeko urtero gailur desbardin batera igoteari eusteko erreferentzia lez.